Mundu zabalean | 2025eko Apirilaren 10a
Korsikako laborari sindikalista baten erailketa
M.O.
Pierre Alessandri, Via Campagnola korsikar laborantza sindikatuko kidea zen. Korsikan laborantza sailean "mafia" bat zegoela salatu zuen eta hainbat aldiz larderiatua izan zen. Pierre Alessandri bere burasoen etxaldean instalatua zen, martxoaren 17an bere funtsetan lanean ari zela tirokatua izan da, ospitalean hil da.
Laborari engaiatua
Pierre Alessandri, 55 urteko laboraria, 30 urte hauetan laborantza errespetutsu baten alde borrokatzen zen. Hilketaren berria jakitean oroitarazia izan da aspaldiko urteetan Pierre Alessandrik abisatua zuela Korsikako Laborantza Politika Bateratuaren (PAC) deklarazioen inguruan jukutriak bazirela. Anitz borrokatu da ere laborantza lurren babesteko.
2013an Pierre Alessandrik, Laborantza Ganbaran "laborantzako laguntza publikoak emaiterakoan klientelismoa eta klanen sistema" salatu zuen. Aste batzuk berantago, sute batek bere etxaldeko aterpe bat suntsitu zuen. Sutearen egileak ez zituzten sekulan atzeman eta justiziak auzia artxibatu zuen. "Mafia no, a vita iè" (Mafia ez, biziari bai) kolektiboko kide ere zen.
Anticor, botere publikoetan diren jukutrien kontra borrokatzeko sortu elkarteak zioen: "Interes publikoaren alde borrokatzen denari, deiadarra egiten duenari, ez litzaioke bizitza kendu behar. Tragedia hau mafiaren eta praktika ustelen giro baten parte da".
Iruzurraren eskandaloa PAC laguntzetan
Korsikan PAC-eko deklarazioen inguruan prozedura bat abiatu zen. Agertu zen Estatuko funtzionario batzuen laguntzarekin, korsikar laborari batzuk Europatik eskuratzen zuten diru laguntza gehiegizkoa zela. Laborari jakin batzuk 1,2 milioi euro arteko legez kanpoko laguntzak eskuratzen zituzten.
Frantziako bi goi mailako funtzionario Parisen epaituak izanen dira, diru publikoa bideratzeagatik eta hirugarren bat konplizitateagatik. Europako PAC-en diru laguntza galde batzuk faltsutzea leporatua zaie. Anticor-ek Iruzurraren Kontrako Europako Bulegoan (OLAF) eta beste bat Frantziako Ministerio Publikoaren aitzinean (PNF) salaketa pausatu du, "laborantzako diru-laguntza publiko masiboak bidegabe erabiltzeagatik, kontrol-agintarien konplizitatearekin".
Pleinta hori Iruzurraren Aurkako Europako Bulegoak publikatu txosten batean oinarritzen da, 2014an Korsikako laborarien Europako laguntza 13,9 milioi eurotik, 36 milioi eurora pasatu zela agertzen da. Ikerketaren arabera, afera Frantziako Laborantza Ministerioan egin biltzarre baten inguruan kokatzen da. Egun horretan Korsikako PAC laguntzak informalki eta legez kanpo emaitea erabaki zen. Akusatuak diren goi funtzionario horieri leporatua zaie bilkura horretan, Korsikako Laborantza Ganbaretako arduradunekin egin bilkuran, kabala hazleek laguntza handiagoak eskuratzeko funts hauta-ezinak deklaratzea. Europako laguntza publikoak ordaintzen dituen Ordainketa Zerbitzu Agentziako (ASP) presidente ohia ere epaitua izanen da, "funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik".
Auzitegiaren arabera legez kanpo ordaindutako laguntzen zenbatekoa 370.000 euro eta 1,2 milioi euro artekoa litzateke.
Europako Batzordearen datuen arabera, Frantziako estatua da Laborantza Politika Bateratuaren baitan laguntza gehien eskuratzen duen estatua, urtean 9 miliar euro baino gehiagorekin.
Laborantzako kazetari adituak mehatxatuak
Pierre Alessandri korsikar laborariak bizia galdu badu uhartean ziren jukutriak salatu zituelako, gisa berean kazetari batzuk ere mehatxuak jasaiten dituzte. Badu anitz urte kazetari batzuk laborantza intentsiboaren gehiegikeria produktibistaren inguruan inkestak eramaiten dituztela. Agertzen diren informazioek zenbaitzuen interes ekonomikoak zalantzan jartzen dituzte, ondorioz larderiak eta mehatxuak jasaiten dituzte. Jakina da lobby agro-industrialek ez dutela inolako praktikarik baztertzen. Bretainian, alga berdeen agerpenean eta uraren kutsaduran, laborantza intentsiboak duen eragina ikertzen ari ziren kazetariek mafiaren moduko erasoak jasan behar ukan dituzte. Horietan Morgan Large laborantza sailean aditu bretoi kazetariak hilketa saiakera bat jasan behar ukan du, bere txakurra pozoitua izan da eta bere autoaren errota bati abisak kenduak izan zaizkio. Inès Léraud kazetariak, Bretainiako laborantzako elikagaien industria ikertzen ari zelarik, mehatxuak eta erasoak jasan behar ukan ditu.











