Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Apirilaren 10a
"Aldaxka Pozoituak" komikia - Tokiko elikadura osasuntsuaren astea - Elkanori buruzko erakusketa - Kantu-liburuxka berria - Eguzki-energia - Iparra-Hegoaren zozketa - Lotoa
"Aldaxka Pozoituak" komikia
Zinez ederra, Aritz Ibarra Agirrezabal arabarrak, Nabarralde argitaletxearen bitartez, eta Martin Ttipiak egin marrazkiekin, plazaratu duen komiki historikoa. Aipatu liburuan, Lehen Gerla Handian Ipar Euskal Herrian gertatu zen tragedia kontatzen du, eta istorioa Urruñan kokatzen da. Horretarako, Eneko Bidegain eta Ibai Telletxea izan ditu laguntzaile eta informazio-iturri. Gerla madarikatu haren egiazko piztaileak, estatuen interes zikinak eta jarrera zitala, euskaldunak soldadu gisa urruneko lurraldetara bortxaz igorriak, iheslariak, desertoreen fusilatze gupidagabeak, euskaldunen aurkako jokaera, herri oso bati inposatu sufrikarioa... eta beste hamaika kontu dira komiki honetan irakurtzen ahal direnak. Bada tenorea, euskaldunok gure egiazko historia ezagutu dezagun!
Tokiko elikadura osasuntsuaren astea
Urruñako herriak tokiko elikadura osasuntsuaren astearen 3. edizioa antolatzen du apirilaren 2tik 12ra. Aurtengo gaia sagarra izanen da.Aste horren helburua dapubliko guziei tokiko eta sasoiko elikaduraren garrantzia ulertaraztea, lurraldean elikaduraren egileedo eragile bilakatzeko gomita eginez.
Elkanori buruzko erakusketa
Duela 500 urte, 1519-1522 urteetan,gipuzkoar batek, Juan Sebastian Elkano itsasgizon getariarrak, lehen zirkumnabegazioa egin zuen, munduari itzulia emanez.Horren karira, Euskal Itsasbazterrak elkarteak eta Elkano Fundazioak, Urruñako Herriko Etxearen laguntzaz, martxoaren 28tik maiatzaren 17ra, erakusketa ezarriko dute Postan gelan, turismo bulegoaren arabera, publikoari zabalik dena.
Kantu-liburuxka berria
Martxoaren 30ean, Iparra-Hegoako igandeko bazkariaren kari, aipatu elkarteak 140 kantu dituen liburuxka berria plazaratu zuen, jadanik Xaia ostatuan salgai dena bi euroren truke. Liburuxka hau Urruñako Ikastolaren, Ziburuko Euskal Kolegioaren eta Goierriko Ikastolen alde sosa biltzeko ohiko bidea dugu, hedapen handikoa eta plazaratu berri den hau 13. argitalpena da. Aldiro, 7.000 liburuxken edizioa egiten dute. Lehen edizioa 1998an egin zuten, eta osora, 13 edizioak kontuan harturik, jadanik 91.000 kantu-liburuxka egin eta zabaldu dituzte. Biba zuek!
Eguzki-energia herrian
Hilaren 10ean ostegunarekin (18:00) eguzki panelei buruzko bilkura publikoaizanen da Herriko Etxean. Urruñako herriak etxeetako eguzki panelei buruz antolatu bilkura publiko batean parte hartzeko gomita luzatzen die urruñar guzieri. Gai anitz aipatuak izanen dira, hala nola eragin gastuak, eguzki panel baten iraupena, autokontsumoa... Donibane Garaziko I-Ener herritar energia ekoizpen sozietatearen ordezkariak bertan izanen dira.
Iparra-Hegoaren zozketa
Martxoaren 30ean, Segurako herri bazkarian, ekitaldi hau laguntzeko saldu den zozketaren zenbaki txapeldunak hautatu zituzten: lehen saria 2.070 zenbakia, bigarrena 9.923 zenbakia eta hirugarrena 9.254 zenbakia.
Lotoa Zokoan
Apirilaren 13an igandearekin, San Frantses Xabierreko ikastetxearen lotoa izanen da Zokoan, aisialdi etxeko ganberan (15:00).











