Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2025eko Apirilaren 10a
Sortze - Mus - Kulturaldia - Berriak - Pilota
Sortze
Okozeko "Ognaki" etxean bizi diren Valérie eta Thomas Figues-ek ongietorria egin diote heien lehen haurrari. Margaux deitu dute neskatxa. Goresmenak buraso gazteeri.
Mus
Frantses Federakuntzak antolatzen duen mus txapelketan, kantonamenduko sailkapenak jokatu dira Bankako Olaberrian. 4 talde baginituen Baigorritik bainan ez da bihi bat ere sailkatu, Pazko asteleheneko final egun handian parte hartzeko Hiriburun. Mihi gaixtoek diote ez ditugula menturaz herriko muslari hoberenak igorri harat.
Baigorriko kulturaldia
"Kateekin ateak hauts!" lemarekin, Basaizea elkarteak kultur hilabetea proposatzen dauku aurten ere. Egitaraua:
- Apirilaren 11n (ortzirala): "Ura ez baita beti gardena" Xabi Lasaren liburuaren aurkezpena Alduden (19:00).
- Apirilaren 18an (ortzirala): Ziztada & Rlantz eta Odeien kontzertuak Bixentainean.
- Apirilaren 26an (ibiakoitza): "Xiberoa kantuz loraturik" musikaldia, Bil Etxean.
- Apirilaren 27an (igandea): Nafarroaren Eguna.
- Apirilaren 30ean (asteazkena): Anariren kontzertua, Izpegiko Behereko Bentan.
Baigorriko berriak
Herriko Etxearen berri liburuxka gure gutun untzietan ukan dugu aitzineko egunetan. Bizpahiru pundu berex ditzagun emaiten dituen informazioetatik:
- Bolondresak bilatzen dituzte elkartasunezko garraioarentzat. Hots, bakartuak diren edo ibilmolderik ez duten baigorriarren laguntzeko prest ditaizken jendeak, astelehenetik ortziralera,erosketak egiteko, mediku hitzorduetara joateko, edozoin desmartxen egitera eremaiteko eta beste. Laguntzailek beren ibilgailu pertsonala erabiliko dute eta kilometro gastuak ordainduak izanen zaizkiete. Interesatuek betetzeko papera aurkituko dute berrien liburuxkarekin.
- Hamar bat bizitegi berri eraikiko dira herri barnean, karrika nagusiaren bazterrean, "Zuburu-Zaldarriagan" eta Ernautenea edo "jendarmeria zaharrean". Lehena behereko karrikan da, arrunt egoera txarrean dagoenez botaia eta berriz eraikia izanen da. Bestea gerlako hilen oroitarriaren parean da eta "Office 64 de l'Habitat" egiturak erosi du.
- Baigorri Ipar Euskal Herriko laugarren herri zabalena da eremuz, Larraine, Hazparne eta Santa Graziren ondotik eta 102 kilometroko bide sarea du. Hunen entretenimenduak 300.000 euro kosta du urtero.
Pilota
Esku-huska buruz-buru, junior edo artekoen mailan, Euskal Herriko txapelketako finala Donibane Garaziko Garatenean jokatu da igandean.
Zaharrer Segi elkarteko Xalbat Ibarrolak galdu du 19/40 Oztibarreko Ibai Etcheverry-Bortairyren kontra.











