Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2025eko Apirilaren 10a
Heriotze - Mus - Mendikletaren arrakasta - Mundarrainera aterladi gidatua
Heriotze
Xoxarteko Marcelle Etcheberry, ezkontzaz Mano, zendu da 97 urtetan. Angelun bizi zen bainan bere sorterrian hilobiratua izanen da. Hemen jendeek "Mimi" deitzen zuten. Bi haurride ziren, Mimi zaharrena eta Bernard anaia gazteagoa (gaur 93 urte), hau Donibane Lohizunen bizi dena. Ezkondurik, alaba bat eta hiru seme ukan zituen, gazteena maluruski 20 urtetan zendua, 1979an, eta hemen ehortzia. Ondotik alargundu zen. Uztaritzen bizi izan ondoan, gero Angelura egin zuen aldaira. Bere lan denbora sekretario bezala bete du. Ortzirale huntan iraganen da ehorzte elizkizuna, arratsalde hastapenean, Baionako hiletxeko kaperan, eta ondotik Xoxarteko hobian hilobiratua izanen da, Bidarrain (16:00). Seme-alaberi eta hurbilekoeri doatzi gure agurrik zintzoenak.
Mus
Euskal Herriko Mus Txapelketako finala iragan da joan den larunbatean, apirilaren 5a, Arabako Zigoitia herrian. Bidarraitik han ginituen David eta Paxkal Ibarrola anaiak, eta Battitt Bidondo eta Peio Urrizaga. Bainan ez dute gauza handirik egin ahal izan, joko guti eta suerte txarra. Aurten nafarrak xapeldun, Leitzako muslari parea.
Bestalde, Frantziako Mus Federazioaren xapelgoko kantonalak ere iragan dira, finalerdia Irulegin martxoaren 30ean eta finala Bankan apirilaren 4an. Hemendik ateratako sei pareetatik lau sailkatu dira Hiriburun Pazko astelehenez (apirilaren 21a) jokatuko den final handirako: Paxkal Ibarrola eta Guy-Pierre Etcheverry, David Ibarrola eta Jean-Marc Orhategaray, Dominique Amestoy eta Xemartin Auchoberry, eta Battitt Bidondo eta Peio Urrizaga. Suerte on lau pare horieri.
Mendikletaren arrakasta
Joan den igandean arras ederki iragan da Mendikleta eguna, Ortzaizeko ikastolak antolaturik. 180 bizikletarik parte hartu dute, lau ibilbide zituztela hautuan, inguruko mendietan barna: 48km, 40km, 32km eta 28km. Bertzalde, 80 oinezko ere ibili dira mendi mazela horietan, batzuk 15km betez, bestek 8km. Aitzineko bi urteetan aro euritsua izan bazen, aurten aro gozoa atera da, ezin hobea holako ekitaldi batentzat, bidexkak garbi eta ongi seinalatuak. Jendea loriatu da. Bidarraiko plazarat itzuli ondoan, bazen jateko eta edateko, ibiltzaileeri ogitarteko bat eta baso bat eskainirik,denen plazera betez.
Mundarrainera ateraldi gidatua
Abisua emana izan zaigu baizik eta CEN-NA kontserbatorioak (Conservatoire d'Espaces Naturels de Nouvelle Aquitaine) ateraldi gidatu bat antolatzen duela Mundarrainera apirilaren 19an, larunbata, Itsasutik abiatuz (8:30). Helburua da mendi horren mazeletako landaredia eta aberedia hobeki ezagutzea. Izenak eman behar dira aitzinetik Peio Cornu-ri (p.cornu@cen-na.org). Abiatzeko toki xuxena jakinen da izena ematean. Beharko dira araberako jantziak eta zapatak eraman, bai eta ura eta jatekoa. Interesaturik litekeen orori idekia da.










