Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Apirilaren 10a
Heriotze - Aste Saindua - Tailer berri - Mus lehiaketa
Heriotze
Berrikitan bi heriotze ukan ditugu herrian. Lehena Jean Tanneaurena 87 urtetan. Aurpegi zinez ezaguna herrian. Departamenduko gerlari ohien zuzendaritzan egonik, Uztaritze inguruko gerlari ohien elkartearen lehendakaria zen aspaldidanik, maiatzaren 8ko, azaroaren 11ko eta beste edozoin oroitzapen egun hainbat ederki kudeatzen zituela. Azken hilabete hauetan barkatzen ez duen eritasun batekin sufritzen zuen, azkenean gaina hartu diona. Martxoaren 20an zendu da. Bere gorputza errea izan da intimitate osoan, berak hil aitzin galdegina zuen bezala eta haren nahia errespetatua izan da. Oroitzapen ona uzten du herri osoan.
Bigarren heriotzea Dolores Anetas Baraibar anderearena, 99 urtetan, bi semeren ama eta ilobatxo askoren amatxi. Ezaguna ere zen herrian. Urte luzeak eraman ditu Uztaritzeko Apezetxean gelari bezala. Ehorzketak iragan dira Jondoni Bixintxo elizan Jean Pierre Etcheverry erretor ohia gidari. Meza ondoan ilobatxoek aurreskua eskaini diote eliza aitzinean. Doluminak eskaintzen dizkiogu familiari.
Aste Saindua
Aste Saindua kasik gainean dugu. Errobiko Salbatore parropiarentzat elizkizunen egitaraua honela izanen da: Erramuz bezpera arratsean (19:00) meza Jatsun; igandean (8:45) Haltsun eta Arruntzan; (10:30) Larresoron eta Uztaritzen, hemen Aillet jaun apezpikuaren presentziarekin. Meza guzietan eginen da aitzinetik erramuen benedikatzea. Astelehen Sainduz (19:30) barkamenaren ospakizuna seroren komentuko kaperan. Ortzegun Sainduz (19:00) azken afariaren ospakizuna Uztaritzen. Ortzirale Sainduz (15:00) kurutzearen bidea Heraitzen eta Larresoron; (19:00) pasionearen ospakizuna Uztaritzen. Bazkoz bezperan larunbat arratsean (21:00) Uztaritzen, Pazko beilan suaren eta uraren benedikatzeak eta ospakizun denboran Marie, Aurélie eta Yohan presuna helduen bataioak. Igandean mezak (9:00) Jatsu eta Arruntza; (10:00) Komentuko kaperan; (10:30) Larresoron. Aste Saindu on deneri.
Tailer berri
CCAS herriko ekintza sozialen zentroak jakinarazten du Kanboko Arditeia erretira etxeko giza baliabide zerbitzuak eta ASEPT Hego Akitaniako erakundeak partzuergoan, antolatzen dituztela ''Ongi Izan Norabide'' egitarauan tailer batzu, estresak eta emozioak kudeatzen eta menperatzen ikasteko. Tailer horiek iraganen dira Kanboko Arditeian, astelehen goizetan maiatzaren 5etik 26raino (9:15-12:00). Erran gabe doa tailer horiek uztariztarreri ere idekiak direla. Izenak emaiteko eta argitasun gehiagorentzat dei daiteke telefono huntara: ASEPT: 05-59-80-98-88 edo CCAS Uztaritze: 05-59-93-38-91.
Mus lehiaketa
Uztaritzeko Louis Dassance ikastolak eta Aldaska elkarteak partzuergoan antolatzen dute mus lehiaketa apirilaren 19an Jatsuko trinketean, deneri idekia dena. Izen emaiteak egin daitezke aitzinetik telefono huntara deituz: 06-59-35-71-44 edo egun hartan tokian berean. Parte hartzaile bakotxak 12 euro ordainduko ditu. Lehiaketa bera hasiko da 15:00etan. Txapeldunentzat saria 350 eurokoa izanen da, txapeldunordezkoentzat 200 eurokoa. Izanen dira ere beste sari asko irabazteko. Lehiaketa denbora guzian jateko eta edateko segurtatuak izanen dira tokian berean. Inbido hordagoak libro!
.081725.jpg)










