Azalekoa | 2025eko Uztailaren 03a
Irisarriko kabalkada ate joka
A.E.
Duela hamahiru urte ospatu zen azkenekoz Irisarriko kabalkada. Kultura, euskara eta herritarren arteko elkartasuna berriz pizteko asmoz, kabalkada Irisarrira berriz itzuliko da bi emanaldirekin, bata uztailaren 13an (17:00) eta bestea 19an (17:00). 2012ko kabalkada tobera formatuan izan bazen, aurtengoa zirtzilkeria eta libertimendu formatuan izanen da. Aña Hauscarriague eta Iban Darrieumerlou kabalkadaren bi antolatzaile gazteekin elkartu gira, aurtengoaz gehiago ikasteko.
Proiektuaren antolaketa
Aña Hauscarriague 25 urteko irakasle irisartarra da, dantzaz eta jantzietaz arduratzen da. Iban Darrieumerlou berriz, 29 urteko laborari irisartarra da, dantza irakasle eta dantzaria da.
Kondatzen ziguten Bildu elkarteak duela kabalkada antolatzen, 5 kide gaztek osatzen dutena, beste laguntzaile andanaren laguntzarekin. Elkartea kabalkadaren proiektua buruan ukanez sortua izan zen duela bizpahiru urte.
Aña Hauscarriaguek zioen kabalkadak leku handia duela Irisarrin, XX. mendean baita 2012an ere egin baitzen. Aurten proiektu hori berriz muntatzeko gogoa piztu da, herritarrak berriz elkartzeko xedearekin. Bilkura publikoa egin ondoren, jendeak bere baitatik izena eman du, anitz dira motibatu direnak. Orotara 140 bat dantzarik parte hartuko dute, 19 antzerkilarik, 16 musikarik eta 30 kantarik. Horrez gain, 80-100 bat kideko laguntzaile sare handia ere zenbatzen da, besteak beste, komunikazioan, mintzaldietan, diru laguntzetan eta egunean bertako muntaketa eta desmuntaketan parte hartzen dutenak.
Errepikak 2024ko urtarriletik hasiak dituzte, dantzari hasi berri anitz baziren. Orain ostegun edo ostiral arratsez errepikak egiten dituzte, baita igandetan ere.
Aña Hauscarriague harro agertu da proiektu honekin herria biltzen lortu baitute. Jendeak errepiketan plazer hartzen duela zioen Iban Darrieumerlouk.
Aurtengo berezitasunak
Aurten, euskarari garrantzia emana izan zaio, kurtso guziak euskaraz edo elebidunez eginak dira, lehen hitza beti euskaraz egiten da. Antzerkia osoki euskaraz da, kantuan ere Maialen Errotabehere eramailearekin, baita musikan Ekhi Lambert-ekin. Euskararen aldeko Plazara kolektiboarekin batera lan bat eramana izan da, batez ere kabalkada egunetako lehen hitza euskaraz egiteko. Formakuntza bat proposatua izanen zaie laguntzaileei. Euskal Elkargoarekin euskara kit-a eskuragarri izanen da, baita afixa batzu ere, lehen hitza euskaraz sustatzeko.
Bestalde, jantzien aldetik lan bat Maritzuli konpainiarekin eramana izan da, jantzi berria sortua izan da Irisarriko elementu eta koloreekin. Astero 15 bat dendari joste lanetan artzen dira. 2012ko kabalkadako jantzi batzu ere erabiliak izanen dira.
Aitzin jasta gisa, Ospitalean erakusketa bat eginen da uztailean, Maritzuli konpainiaren eskutik, besteak beste kabalkadako jantziak erakusteko. Elkarlanean arizanen dira Irisarriko denda guziekin, eta jantziak ezker-eskuin esposatuko dira denda desberdinetan, uztailaren 5etik 29a arte.
Uztailaren 4an, ostiral arratsez, mintzaldia antolatua izanen da Xabier Itzainarekin kabalkadaren inguruan, beti ere Ospitalean.
Tokiak atxikitzeko
Oraindanik tokiak atxiki daitezke HelloAsso plataformaren bidez, bestenaz Irisarriko Baigura farmazian, Ortzaizeko Arnabar saltegian, Donibane Garaziko Parisenia dendan, Donapaleuko Tokiko dendan eta Hazparneko Lurra Bio dendan. Haurren lekuak HelloAsso-ren bidez hartu behar dira, lehen emanaldirako sartzeak jadaneko agortuak dira, bigarrenerako guti batzuk gelditzen dira.











