Gure Hitza | 2025eko Uztailaren 03a
Kilometroak kondatuak, norabideak galduak
Ainhoa Etchenique
Modak etortzen eta joaten dira, ez da fenomeno berria. Baina egia errateko, gaur egun numerikoarekin ezagutzen ditugun moda gehienak "denak ez erraiteko" jendartearentzat kaltegarriak dira. Egoera huntaz gehien hunkiak direnak gazteak dira, egoeraz itsutuak baitira, gibeltasunik hartzen ez baitute lortzen. Hori baizik ez dute ezagutu, beraz pantailaren gibelean gertatzen den guzia normala bilakatu da, egunerokoaren parte da.
Gaur egun, pertsona batzu eta sustut belaunaldi gazteagoak, besteentzat bizi direla iduritzen zait. Bakoitzak bere irudia zaintzen du, batzutan tranpa egiteraino ere. Hain zuzen ere, moda fenomeno berri bat bada: Strava aplikazioa. Aplikazio hori telefonoan deskargatzen da, kirol jarduerak grabatzeko eta partekatzeko erabiltzen den kirol sare soziala da. Erabiltzaileek korrika, bizikleta eta beste hainbat jarduera GPS bidez grabatu, datuak aztertu eta besteekin partekatu ditzakete.
Kiroleko aplikazio kaltegabekoa iduri badu ere, itxura txarra hartu duela iduritzen zait.
Aplikazio honek jendeen arteko lehia eta konparazioa bultza lezake, kirolak eta sustut emaitzak jendeen egoak hunkitzen baititu. Erabiltzaile batzuek parekoa zenbaki huts gisa ikusten dute: lehenik eta behin, besteak zenbat kilometro egin dituen edo zer abiaduratan ibili den begiratzen dute, beren burua konparatzeko. Kasu hortan, kirola ez da gehiago plazera edo osasunarentzat egiten, baizik eta emaitza ona lortzeko, besteak baino hobea izateko. Geroz eta gehiagotan, kirola ez da barneko motibazioarengatik egiten, baizik eta kanpoko ikusleentzat.
Aplikazio hunen obsesio kaltegarria oraindik urrunago joaten da, pertsona batzuek kirolari batzu pagatzen baitituzte beren ordez korrika egiteko, ondotik Strava aplikazioan nahi emaitza agertzeko. Hori dea beraz kirola egitea? Emaitzari baizik ez pentsatzea? Korrikan egiten dugun pauso bakoitzeko edo bizikletan egiten dugun kilometro bakoitzeko besteek pentsatuko dutena baizik buruan ez ukaitea? Burua galtzen ari gira, eta ez kirolarekin bakarrik.
Telefonoa eta sustut sare sozialekin fenomeno hori gero eta ohikoagoa da. Sare sozialek bakoitzak bere itxurari kasu ematea sustatzen dute, ez giren norbaiti iduri izan, gu girena izateko partez. Dena da faltsu: argazkiak arramoldatzen dira, makurrak desagerrarazten, hain inperfektua den irudi perfektua zabaltzeko.
Baina, mundu numeriko eta irreal huntatik eskapatu, etxeko atea ideki, portaleraino aitzinatu, kalera atera… eta gero, nola ikasten da bizitzen?










