Han eta Hemen | 2025eko Uztailaren 03a
Bizi! elkartearen bide orria
Maiatzaren 17an, Biziren biltzar nagusiak urtebeteko eztabaida, gogoeta eta topaketa prozesuaren bukaera markatu zuen. Mauletik Urruñara eta Ainhize Monjolosetik Baionara egin hainbat bilkuretatik testu bat atera da, 2025-2028 urteetako bide orri gisa baliatuko dena: "Haize kontra norabidea tinko atxiki".
Bide orri berria
Azken 4 urteetan klima aldaketaren okertzea, agintari politiko eta enpresa handien erreakzio eza, desberdintasunen emendatzea eta eskuin muturraren gorakada ezagutu direla adierazia izan da.
Lau urteren buruan, 2020an idatziriko "Trantsiziotik metamorfosira" bide orria kasik osoki gauzatua izan da, lan bizi eta mamitsu eraman ondoan. Bizi! elkartearentzat emaitza baikorrak dira, azken 4 urteetan 130 kide gehiago kontatzen baititu (+%20).
Heldu diren erronkak
2025-2028ko bide orri berriak besteak beste 3 ardatz nagusi ditu.
Lehena Euskal Herria Burujabe lurralde proiektua biziaraztea da, kapitalismotik eta erregai fosiletatik ateratzeko, tokiko politika publikoetatik onena atera eta jendartean aliantza berriak garatuko dituena. 2026ko Herriko Etxe eta Euskal Elkargo mailako hauteskundeak erabakigarriak izanen direla azpimarratua izan da.
Bigarren ardatza klima klase herrikoien borroka bilakaraztea da. Alternatiba eko-sozialak sustatuko lirateke, metamorfosi ekologikoaren eta herritarren beharrei erantzuteko, besteak beste lana, garraioa, etxebizitza eta elikaduran. Horrez gain, klima aldaketaren ondorioei buru egiteko baliogabetzea eta egokitzea antolatuko dira.
Azken ardatza politika klimatizidei buru egin eta eskuin muturraren ideiak borrokatzea da. Lurralde iraunkor eta erresilientea eraikitzeak, politika klimatiziden okertzea eta aterabide faltsuen hedapena eragoztea ere galdegiten du. Hain zuzen ere, Bizik GPSO AHT proiektuaren eraikuntzari errotik buru eginen dio. Elkarteak bere ekarpena eginen du jendarte zibileko beste eragileekin batera eskuin muturreko ideiak gibelera egiteko, eta krisi politiko berri bai eta 2027ko presidente hauteskundeetarako prestatuko da.
Bizik bide orri honekin bat egiteko deia luzatzen du, elkartea sustengatu eta indartzera deituz: https://bizimugi.eu/eu/bizi-ren-ekintza-sustenga-ezazue/.













