Euskal diaspora | 2025eko Uztailaren 03a
"Ateak Ireki" hasi da, Udaleku Elkon, Elkoko Bestak eta Chinon Lapuentekoak
Joseba Etxarri
IDIAZABAL, GIPUZKOA.
"Ateak Ireki" du izena aurten hirugarren urtez NABO Ipar Amerikako Euskal Etxeen federazioak eta Goierri eskualde gipuzkoarreko elkarte eta herritarrek elgarrekin egiten ari diren programak. Joan den larunbatean, 32 gazte euskal amerikano heldu ziren Goierrira "Ateak Ireki"-rekin, bertan hiru aste pasa eta murgiltzeko euskara eta euskal kulturan. Euskal Herritik Estatu Batuetara emigratu zuten euskaldunen seme-alabatxi, arra seme-alabatxi dira, eta gehienek Ipar Euskal Herrikoa dute jatorria. Euskal Herrian diren bitartean, egun guziz hartuko dituzte eskolak euskara eta euskal kultura ikasi eta lantzeko, eta bisitak eginen dituzte Euskal Herri osoko leku, usadio, jende, elkarte eta elgarretaratzeak ezagutu eta heienganatzeko. Hiru aste hauetan, Goierri eta Tolosaldeko familia euskaldunetan lo eginen dute, eta helburuetarik bat da heien adineko hemengo gazteekin elgar eragin eta harremantzea. Heien webgunea ateakireki.eus.
UDALEKU.
Heldu den ostiralera arte segituko du Nevadako Elkon NABO Udaleku 2025 ekimenak, hau ere NABO antolatzaile duela, Elkoko Euskal Klubarekin batera. Estatu Batuetako Euskal Etxe eta komunitateetako haur eta gazteentzat antolatua da, kasu huntan 15 urte artekoendako. Euskal kultur giroko abantzu bi asteko egonaldia eskaintzen die, denbora goxoa pasa eta gainerateko euskal komunitateetako haurren artean lagun berriak egin eta ber denboran, euskara, euskal kantuak, dantza, gastronomia, pilota... eta euskal kulturan bustitzeko. Datorren ostiralean bukatuko da, Elkoko euskal bestak hastearekin bat.
ELKO JAIETAN.
Heldu den asteburuan Elkoko Euskal Jaiak baitira, Star Hotela eta Ogi kantina bezalako euskal ostatuak jendez mukuru beteko dira, euskal musikarien musika lagun, dantzari eta oro har euskaldunak diren eta ez diren lagunekin, besta giro ederrean. Musikarien artean, Elko bertako Mercedes Mendive, eta Utah-tik hara bilduko den Jean Flesher eta bere Amerikanuak banda, egun guziz leku batean edo bestean euskal amerikar airez beztituz karrika eta besta guneak.
CHINO, KALIFORNIA.
Elkokoa giro bikaina, baina heldu den igandean bere Euskal Besta eginen du baita ere, Chinon, bertako "Southern California Eskualdun Cluba"-k. Piknik klasikoa da Hego Kalifornian eta askok "Lapuenteko piknika" gisa ezagutzen dute. Aurtengoa klubaren 79. urtebetetzeko edizioa da. Jean Flesher, asteburuko lehen partean Elkon musikari ibili ondotik, igandean Chinora heldu eta bertako musikaria izanen da baita ere, anitz jendek nahi baitu bere musikak alaitzea heien bestako dantzaldia!











