Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Uztailaren 03a

Amotzeko bestak - Mikel Epalzaren azken obra - Udako ekitaldiak - Udako jokoak Aintziran - Ipuinak eta musikak mediatekan - Artisauen merkatua asteartetan - Besta Berriri so

Amotzeko besta komitea
Amotzeko%20besta%20komitea

Amotzeko bestak

Uztailaren 4, 5 eta 6an, Senpereko besten segida hartzen dute, usaian baino goixeago, ez dute itzalik egin nahi Iruñeko edo Baionako besteri. Uztailaren 4a ostirala, pilotako finalerdiak izanen dira Mendionde trinketean (18:00 eta 19:00), zintzur bustitzea (20:00) eta zikiroa Ibiliz taldeak animatua (21:00). Etxerat itzultzeko taxiak urririk. Uztailaren 5a larunbata, pala txapelketaren 4 finalak (14:00-17:00),Amotzeko lasterketa, 8,5km (18:00), gaualdi alaitua, aterpean, urririk, ostatu eta errekiak (19:00),Dizkobolo txaranga, EH Sukarra, Xutik etaDJ Doli Soinu Sistema. Uztailaren 6a igandea, meza Santa Madalena kaperan (10:30), pilota partidak frontoian (11:00), zintzur bustitzea (13:00), bazkaria oilaskokiarekin (13:30), Hazparneko Hegalka dantza taldea (16:00), pilotako finala trinketean (18:00), kantaldia "Altzukutarrak" zuberotarrekin (19:00), kantu txapelketa (20:00), gaualdia Mendionde ostatuan (22:00).

Mikel Epalzaren azken obra

Uztailaren 8an asteartearekin (18:30) Larrekon, Mikel Epalza arrantzaleen omonier ezagunak aurkeztuko du bere liburua "Gizatasun arrantzale",erdaraz "Pêcheur dâ€hommes"Coline Renault kazetariarekin idatzitakoa. Lehen argitaratzea frantsesez izanki, lagun batzuen bitartez euskarara itzulia izan da, alabainan iragarri solasaldia euskaraz izanen da. Mikelen bizitza, apez eta arrantzale moduan, biziki aberatsa baita, hunen lekukotasunak hunkiturik utziko ditu partehartzaileak.

Udako ekitaldiak

Uztailean eta abuztuan, astero errepikatzen diren ikuskizun edo ekitaldien egitaraua dugu azaltzen. Astelehenetan, pilota plazan xistera edo joko garbi erakusketak (18:30). Asteartetan (9:00-13:00), Postako plazan, artisauen merkatua ongi animatua, (17:00) bisita gidatua "Mitologia eta sorginkeria, gure historiaren alde gordea", (21:00) dantza ikusgarriak pilota plazan. Ostegunetan (21:00), pilota plazan, indar jokoak, aldiz 11:00tan gorago aipaturiko bisita gidatuak. Larunbatetan (8:00-13:00), usaiako merkatua, karrikako plazan. Zonbait ikuskizun pagatuz dira, diru sartze horiek laguntzen dituzte herriko elkarteak hala nola Spuc pilota edo Zirikolatz elkartea.

Udako jokoak Aintziran

Uztailaren 7tik abuzturen 22ra, 9 eta 16 urte arteko senpertarrek parte hartzen ahalko dute ur gaineko jarduera ludikoetan, kirol hezitzaile batek animaturik. Astelehen, asteazken eta ostiralez(10:00-12:00), aurki daitezke stand up paddle, kanoe kayak eta bertze joko desberdin, prezioa 20€ aste betea. Izan ematea deituz 05-59-54-58-21 edo enfancejeunesse@senpere64.fr.

Ipuinak eta musikakmediatekan

Uztailaren 5ean, larunbatez (18:00), 5 urtez goitiko haurrak gomit dira beren burasoekin "kasu otsoei" ipuin beldurgarrien deskubritzera, euskaraz eta frantsesez. Oren baten iraupena, eman izena deituz: 05-59-54-50-05.

Artisauen merkatuaasteartetan

Nola 20 artisau/artistek osatzen duten Postako plaza (9:00-13:00), uztailaren 8an argipean dugu panpina fabrikatzailea baita Madda trikitilaria bere ikasleekin animatzailea.

Besta Berriri so

Hitz batez aipatzeko, aro onari esker kanpoko zeremonia eta prozesioa biziki ongi joan da. Urtez urte, halako berpizte bat iduri luke, gazteak bereziki elgar mobilizatzen dira, hunen bitartez kolorez beteriko besta sortzen da, jendetsua, ongi kantatua eta kartsutasunean.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3793. zbk

Gure Hitza | 2025/07/03

Kilometroak kondatuak, norabideak galduak

Ainhoa Etchenique

Modak etortzen eta joaten dira, ez da fenomeno berria. Baina egia errateko, gaur egun numerikoarekin ezagutzen ditugun moda gehienak "denak ez erraiteko" jendartearentzat kaltegarriak dira. Egoera huntaz gehien hunkiak direnak gazteak dira, egoeraz itsutuak baitira, gibeltasunik hartzen ez baitute lortzen. Hori baizik ez dute ezagutu, beraz pantailaren gibelean gertatzen den guzia normala bilakatu da, egunerokoaren parte da.

Gaur egun, pertsona batzu eta sustut belaunaldi gazteagoak, besteentzat bizi direla iduritzen zait. Bakoitzak bere irudia zaintzen du, batzutan tranpa egiteraino ere. Hain zuzen ere, moda fenomeno berri bat bada: Strava aplikazioa. Aplikazio hori telefonoan deskargatzen da, kirol jarduerak grabatzeko eta partekatzeko erabiltzen den kirol sare soziala da. Erabiltzaileek korrika, bizikleta eta beste hainbat jarduera GPS bidez grabatu, datuak aztertu eta besteekin partekatu ditzakete....

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016