Gogoa hazi | 2025eko Uztailaren 03a
Eskualdatze bidean
Peio Ospital
Iragan ekainaren 5eko alean (3789) Ainhoa Etcheniquek agertu editorialak emaiten daut gaurko artikuluaren gaia. "Aitatxi beti xutik" izenburupean, iduritzen zaut Ainhoak harridura eta miresmen doi batekin egiten duela Herria astekariaren laurogei urteko ibilbidearen irakurketa, bere hogei urteen gailurretik. Hunkigarria zait erraiten duena, eta gogoetagarria.
"Herria elkartasuna, militantismoa eta ematearen sinboloa dela iduritzen zait" dio Ainhoak. Hogei urteko gazte batenganik hartzeko, ez da konplimendu txarra! Oraiko sare sozialen lana nolabait bete duela laurogei urtez astekariak aitortzen du, jendeen eta belaunaldien arteko lokarri tinkoa izanez. Eta hori guzia, "boluntariogoa"-ri esker. "Hartu aitzin" edo "trukean" deus hartu gabe "ematen" jakin izan duen jende baten engaiamenduari esker. Hortan ikusten du Ainhoak "astekari hunek duen aberastasun handiena".
Baina berehala lehen arrangura bat aitortzen du: "Ez dakit gazteen artean boluntariogorik oraindik baden"... Arrangura hori, guk ere, adin batekoek, gure artean komentatzen dugu anitzetan, ikusiz, adibidez, kirol eta kultur elkarteetan laguntzaileak atzemaiteko diren arazoak, erakunde sindikalen ahultzea, hauteskundetan parte hartzearen beherakada eta abar... Eta, beharbada, fiteegi lerratzen gira ondorio errex huntara: "hobeki zen lehenago"...
Gerla ondoko belaunaldiaren eta Ainhoarenaren arteko tartea mende erdikoa da nunbaitan. Sekulakoa da tarte hortan gertatu den gizarte eta kultur aldaketa. Aldaketa horren bi ezaugarri, beste batzuen artetik, azpimarratuko nituzke: indibidualismoaren gorakada eta sekularizazioa.
Gu, gizarte "tradizionaletik" gatoz: familiari eta komunitate ttipieri emaiten zen lehentasuna, eta herritarren jokaera kodeak instituzio zonbaitek, nagusiki elizak, definitzen zituzten. Gerla ondotik ezagutu den garapen ekonomikoak aldiz, jendeari ogibidea segurtatuz, bide eman dio indibidualismoari. Hau, bi printzipiotan oinarritzen da: gizabanakoaren askatasuna, gizartearen interesek traba ezina, eta autonomia morala, gizabanakoak bere gogoetaren bidez iritziak finkatzeko duen eskubidea, edozein gizarte-talderen hertsapenik jasan gabe.
Indibidualismoarekin batera, garatu da sekularizazioa, hau da erlijionearen bazterketa bizitza kultural eta sozial modernoan eta egitura politiko eta sozialen autonomia erlijionearekiko.
Horrez gainera, errotasuna (edo imanentzia) eta iraunkortasunaren ordez jarri da "likidotasuna". Gaur egun modernitate edo belaunaldi "likidoaz" hitz egiten da, erran nahi baita bakarrik existitzen dela isurian doana. Gisa hortan, norbanakoa bere kontsumo-egintzek eta hautapenek definitzen dute, hauek beti aldatuz doazelarik, mementoko tirriaren arabera.
Izigarria da bi gizarteen arteko leizea. Baina erran daitekea gaurko gazteek ez dutela eskuzabaltasunaren edo engaiamenduaren zentzurik? Ez ninteke hori erraitera ausartuko. Iduritzen zaut moldeak eta arloak direla aldatu: gazteek puntualki mobilizatzen badakite, eta arlo zabaletan. Adibide gisa, huna egun hauetan iragan den EHZ festibalaren aldarrikapena: "EHZ ez da kontsumitzen, baina parte hartzen den festibala da! 1996. urteaz geroztik, Euskal Herria Zuzenean ez da besta bat besterik, baizik eta elkar trukaketa eta gogoetarako benetako bektorea. Gure elkarteak identitate plurala irudikatzen du, balio hauek bultzatuz: feminismoa, antikapitalismoa, ekologia, askatasun sexuala, justizia soziala, internazionalismoa, kultura-aniztasuna eta bazterketa-modu guzien aurkako borroka".
Ainhoak agertzen duen bigarren arrangura da astekariaren "modernizatzea". Hortan ari da bera bere lankideekin, "sare sozialetara saltoa" egiten eta "numerikorantz joaten". Eta lehen emaitzak hor daude! Aldian aldikoa izanez, eskualdatze bidean gaude...










