Herriz Herri - Irisarri (NB) | 2025eko Uztailaren 03a
Pilota
Pilota
Galtzaile
Ez dakit joan den astean aipatu arno gorri xahar hura ozpindu denez, bainan gure pilotariek jokatu finalerdi guziak galdu dituzte. Lehenik, Union Basque elkartearen konduko partidetan, palantxan, pilota betean, lehen mailako Maia Muscarditz-Katixa Vignau Tuquetek galdu dute 19-40 Itsasuarrak-ekoen parean. Xitoetan, June Pareau-Teixa Duhaldek ere galdu dute 35-40 Goizeko Izarraren aitzinean. Esku-huska, Iparraldeko pilota batzordeko finalerdietan, xitoetan, Luis Chohobigarat Palmerin-Luken Arlak aise galdu dute Noizbait-ekoen parean. Bigarren mailako Eneko Etchevers eta Xan Bidart ere galtzaile atera dira 20-30 Abarratiaren aitzinean. Halere, azken bi pare hauek Frantziako xapelgoko final-laurdenak jokatuko dituzte uztail hondarrean.
Igandean
Heldu den uztailaren 6an, gaitzeko eguna dukegu Baigorriko plaza laxoan. Alabainan, lehen mailako Julien Etchegaray eta Julien Arbeletchek finala jokatuko dute Goizeko Izarrako Iribarren-Etchegoinen parean. 17:00etan dugu hitzordua, gure pilotarien sustengatzeko. Ondotik, afaria antolatua da Baigorrin berean, eta nahi duenak parte hartu, gaur (osteguna) arratseko beharko du izena eman, René Muscarditz deituz: 06-86-72-24-71.










