Mundu zabalean | 2025eko Uztailaren 03a
Adingabeko nesken ezkontza behartuak
M.O.
Munduan zehar milioika haurren ezkontza mehatxu erreala da, bereziki adingabeko neskak dira gehien hunkiak. Larrialdi egoera horretan bizi diren pertsonak laguntzeko elkarte humanitario anitzek lan egiten dute. Beren misioetarik bat da deiadarra zabaltzea eta praktika horiek aldaraztea.
Emazteen eskubideak
Herrialde gehienetan, emazteek bereizkuntza jasan behar dute. Emazte eta gizonen arteko desberdintasunaren ondorioz neska gazteak hunkiak dira, eskola uztera eta ezkontzera behartuak, sexu-indarkeriak pairatu behar dituzte. Ondorioz, isilik egon behar dutela, milioika emazteen bizitzak errautsiak dira. Munduan zehar emazteen %30ak indarkeria mota bat jasaiten du.
Emazte eta gizonen arteko desberdintasunek hezkuntzan, enplegurako sarbidean, mediku-arretan edota ordezkaritza politikoan eragina badute. Krisi humanitarioetan emazte/gizonen arteko desoreka emendatzen da. Emazte eta neska gazteen eskubideak ahulduak dira, beren osagarria arriskuan da.
Gobernuz Kanpoko Erakundeen misioa egoera horretarik ateratzeko, sustengua ekartzeaz gain, egoera kezkagarri horren berri emaitea eta praktika horien kontra kanpainak antolatzea da. Emazte horiek beren independentzia lortzeko, diru-laguntza bilketeri esker kooperatibak muntatuak dira.
Diskriminazioaren biktimak
Desberdintasun egoera jasaiten duten gehienak emazteak dira eta berezikiago neska gazteak. Mundu osoan, milioika neska haurtzarotik ateratzen ari direla, oraindik adin ttipikoak, ezkontzera behartuak dira.Haurren ezkontzaren errealitate tristearen gibelean oinarrizko eskubideak urratuak dira.
Mundu osoan milioika neskek ez dute eskolako bidea hartzen ahal. Eginak diren kalkuluen arabera, nesken egoera kenka txarrean da. Adingabeko neskak gizon anitzez zaharragoekin bortxaz ezkontzera behartuak dira, ez dute nerabetasuna bizitzen. Gaur egun pobrezia eta kultura ohidurengatik 650 milioi neska-emazte 18 urte baino lehen ezkonduak izan dira. Ezkontza goiztiarrengatik haurtzaroa trabatua izan zaie.
Gehienik hunkiak diren lurraldeak
Afrikako, Asiako, Ekialde Ertaineko eta Latinoamerikako herrialde anitzetan, emazte/gizonen desberdintasunak garapen ekonomikoan eta sozialean ondorioak ditu.
Nigerian ezkonduak diren emazteen artean, %76a adin ttipikoa da, ezkontza goiztiarren munduko errekor tristea du. Errealitate hori pobrezia egoerari lotua da, tradizio kulturari, hezkuntzarako sarbide mugatuari eta legeria ahulari.
Txad kaltetuenetan agertzen da, 18 urte baino lehen ezkondu adingabeko nesken %68arekin. Egoera hori esplikatzen da estatu horretan pobrezia handia dela eta segurtasun eza. Bestalde Sudan estatuko gerlatik eskapatzeko 1,3 milioi pertsona Txadera bizitzera etorri dira. Emazte eta neska errefuxiatuak lanjerean dira, sexu abusuen eta haurren salerosketen arriskupean bizi baitira.
Bangladeshen, adingabeko nesken %51 ezkondua da. Ikastea, lana aurkitzea, gorputzaren kontrola debekatuta zaizkie. Etxetako indarkeriek, sexu-abusuek eta nahi ez diren haurdunaldi goiztiarrek beren osagarria arriskuan ezartzen dute.
Malin, nesken %45a 18 urte baino lehen ezkondua da. Ezegonkortasun politikoa, pobrezia, eskolak urrunegi eta tradizioen pisua dira faktoreak. Familia anitzentzat, ezkontza oraindik betebehartzat ikusten da.
Sudanen, populazioa gerla eta krisi humanitario testuinguruan bizi da, nesken %40a 18 urte bete baino lehen ezkontzera behartua da. Usu ezkontza segurtasun ezaren babeslekutzat edo biziraupenerako aterabide bezala ikusten da.
Indarkeria: ahultasun garapena
Mundu mailan, emazteen heren batek indarkeria fisikoa edo sexuala jasan behar ukan du. Gaurko gatazka armatuek errealitate hori okertzen dute. Neska eta emazteen bortxaketak "gerla arma" gisa erabiliak dira. Krisian diren estatuetan emazteek trauma fisiko eta psikologiko neurtezinak jasan behar dituzte. Errefuxiatu kanpamenduetan, baliabide eskasengatik emazteak egoera ahulean bizi dira, anitzek sexu indarkeriari aurre egin behar diote.
Osasun publikoko arazoa
Genero desberdintasunak emazte eta nesken osasunean ere eragina du. Bereziki haurra ukaiteko eskubideari buruz, emazteek amatasuna ez dute hautatzen ahal. Haur ukaiteetan emazte anitz hiltzen dira. Estatu horietan osasun-arretarako, kontrazepzioko eta abortu segururako sarbideak emazteek mugatuak dituzte. Osasun tratamenduak emazteen beharretara egokituko behar liratekeela errana da. Osasun zerbitzuak hobetuz, ama-hilkortasunaren kopurua eta nahi ez diren haurdunaldiak murriztuko lirateke.
Geroa segurtatzeko urratsak
Elkarte humanitarioak adingabeko nesken eskubideen alde mobilizatzen dira eta ezkontza behartuen kontra borrokatzen.Adingabeko neska bat ezkontzera behartua ez denean, ikasketak segitzen ahal ditu, lanbide bat hautatzen ahal du. Independentzia lortzeko, duintasunez bizitzeko eta bere eskubideak defendatzeko ahala emana zaio. Lan munduan sartuz, emazteek ezkontza behartuen zikloa hausten dute, jendarteak duen begirada aldatzen da, askatasuna lortzen dute.











