Herriz Herri - Baiona (L) | 2025eko Uztailaren 03a
Herriko bestak - Karrikaldi - Udako ikastaroak
Herriko bestak
Uztailaren 9tik 13ra iraganen dira. Aurten ere programa aberatsa proposatua izanen da. Besteak beste, Baionako besta alternatiboak proposatuak izanen dira Patxa plazan, besta herrikoi, feminista eta euskaldunak izanen direnak. Hitzorduen artean, uztailaren 11n bertso saioa antolatua izanen da (12:30), Onintza Enbeita, Haira Aizpurua, Patxi Iriart eta Beñat Gaztelumendi bertsulariekin.
Bestetako egitarau guzia fetes.bayonne.fr webgunean atzeman daiteke.
Karrikaldi
Jada besten programaz aipamenak han eta hemen agertzen ari dira eta horra hainbat urte hauetan euskal kulturaren plaza den eta Jacques Porten iragaiten den Karrikaldiren programaren berri.
Berritasunak ez dira eskas aurten ere, Ikastolen txosna idekiko baita uztailaren 9an asteazkenez (17:00) eta Karrikaldi ofizialki (19:00), Bilaka konpainiaren "Bilabal" dantzaldiarekin. Ostegunetik igande arte, 10etik 13ra, Karrikaldi eguerditik gauerdi arte luzatuko da, egun guziz (12:00-16:00), programazio oso batekin: haurrentzat animazio, indar joko, Euskal Herriko arno jastaketa edo Tifo erraldoi baten obratze, behar den musika eta kantuekin. Usaiako programazioak segituko du (16:30), dantza ikusgarri Leinua eta Orai Batekin, Iparralde guzitik jin kantarien kantaldiekin, Dantzazpi eta Baionan Kantuzekin, ahantzi gabe arratsetako Karrikadantzarekin. Aurten ohargarria ere da, Baionako Ikastoletatik pasatu bi haurride andanek animazioan parte hartuko dutela, Antton eta Ximun Curutchetek ostegun arratseko dantzaldia segurtatuko dute Elektruka elektro mutxiko egiten duen taldearekin eta igande arratsaldeko kantaldian Dearthair talde kaltiarraren ezagutza eginen dugu Julen eta Patxi Bridier-ek osatzen dutena. Karrikaldi familien plaza baita tipienetatik hasiz helduetaraino, itzalean den leku aireztatuan, jartzeko lekuekin.
Programaren xehetasun guziak www.baionan-kantuz.eus eta www.facebook/baionan-kantuz guneetan daude, baita ere Baionako webgunean. Bestak arte!
Udako ikastaroak
Uztailaren 7 eta 8an, literaturaren irakaskuntza bigarren hezkuntzan eta irakasle literaturazaleon topaketa iraganen dira (9:00-16:30) Bernat Etxepare lizeoan. 10 euro kostako da. Xehetasunentzat: iparraldea@ueu.eus.











