Ba ote dakixu? | 2025eko Uztailaren 03a
Leon XIII (1/3)
Gilen Bacho
Duela bi hilabete, maiatzaren 8an, bi eguneko konklabearen ondotik, aita saindu berria hautatua izan zen eta Leon XIV izena hartu zuen. Izen baten hautua aita saindu berriaren lehen misioa da eta ez da sekula ustekabe bat, mezu bat da. Pontifikatu berriaren sentsua emaiten du. Leon izena hautatuz, aita saindu berriak Leon XIII.a aita sainduaren segidan ezarri da eta seinale bat eman du. Baina, zein seinale? Leon XIII.a, nor zen, zer egin zuen eta zer mezu hedatu zuen?
Erromatar nobleziako haurra
Vincenzo Gioacchino Pecci, bere egiazko izenaz, 1810eko martxoaren 2an sortu zen, Carpineto Romano herrian, Pecci palazioan, Erroma ondoan. Domenico Lodovico Pecci kondearen eta Anna Prosperi Buzzi kondesaren semea zen. Bost anai-arreba bazituen. Ofizialki Frantses Inperioan sortua zen, Napoleon-en konkisten ondotik, Italiaren iparra eta zentroa Frantziako Estatuan barneratuak izan baitziren ("Frantziako 130. departamendua"). Baina, 1814an, Frantses Inperioa erori zen eta aita sainduaren estatuak berpiztu ziren. Orduan, Vincenzo Giocchino Pecci aita sainduaren estatuetan handitu zen. 1818an, 8 urterekin, Viterbeko jesuiten kolegioan sartu zen eta, 1824an, Erromako jesuiten Collegium romanum-ean, bere anaiarekin (Giuseppe Pecci, jesuita bihurtuko zena eta, 1879an, kardinal egina izan zena). Berantago, Sapience-ko unibertsitatean ikasle izan zen eta, azkenik, elizako akademia noblean sartu zen, non aita-saindugo diplomatak formatuak ziren. 1831n, 21 urterekin, teologiako doktoregoa lortu zuen. 1837ko abenduaren 31n, apez ordenatua izan zen.
Igotze lasterra Elizan
Bere unibertsitario gaitasunez oharturik, Lambruschini kardinaleak Gregorio XVI.a aita sainduari presentatu zuen eta "Aita sainduaren prelatu" gisa izendatua izan zen. 1838an, Beneventoko (memento horretan, aita sainduaren estatuen enklabe bat zen Napoliko erresuman) aita sainduaren legatua bilakatu zen eta, berantago, Perugiako legatua. Perugian, Gregorio XVI.aren bisita antolatu zuen. 1843an, 32 urterekin, apezpiku ordenazioa errezebitu zuen (Lambruschini kardinalearen eskutik) eta Damiettako artzapezpiku izendatua izan zen. Ber urtean, Belgikara igorria izan zen, nuntzio apostoliko gisa. Leopoldo I.a belgikar erregearen eta diputatu katolikoen oposizioa sostengatu zuen Nothomb gobernuaren kontra. Belgikar erregearen familiarekin harreman hertsiak eraiki zituen. Printze erregegaia (Leopoldo II.a bilakatuko zena) benedikatu zuen eta Leopoldo I.ak Pecci nuntzioa kardinaleriari proposatu zuen, Gregorio XVI.ari idatzi zuen gutun batean. 1846an, Vincenzo Pecci Perugiako artzapezpikua bihurtu zen (1877a arte) eta Gregorio XVI.ak kardinal in pectore (sekretuan) egin zuen. 1846an, Gregorio XVI.a pausatu zen eta Pie IX.a aita saindu berria hautatua izan zen. Pie IX.ak Gregorio XVI.aren erabakia konfirmatu zuen eta, 1853an, Vincenzo Peccik ofizialki kardinaltzako kapelua ukan zuen. 1860ko hamarkadan, Perugiako artzapezpiku gisa, Italiako bateratzearen ondorioei, hilgarriak aita sainduaren estatuentzat, buru egin behar izan zuen.











