Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Uztailaren 03a
Odol biltze - Boz emaite - Auzo batzorde berri - Ur Begi elkarteak 30 urte - Pilota - Haltya jauregitik
Odol biltze
CCAS, herriko ekintza sozialen zentroa ari da uda huntako beroaldieri aurre egiteko, bakarrik bizi diren jende adineko, eri edo berote handiekin zailtasunak dituzten jendeen izenak biltzen, laguntza bat ekartzeko beharretan gertatzen badira. Zentroak ere antolatzen du odol biltze bat Uztaritzen uztailaren 9an asteazkenez. Odol biltze hori "Etablissement Français du Sang" erakundeak eginen du Uztaritzeko herriaren partaidetzarekin. Bilgune gelan iraganen da (15:00-19:00). Garrantzi handia emaiten dute odol biltze hortan, uda hurbiltzean beharrak beti handiagoak baitira. Erakundeak azkar kondatzen du uztariztarren mobilizazio eta parte hartzean. Argitasun gehiagorentzat deitu CCAS zentroa zenbaki huntara: 05-59-93-38-91.
Boz emaite
Herriko Etxeak antolatu aurrekontu parte hartzaile egitarauan boz emaiteko denbora aitzinatzen ari da, bi aste baino gutixeago gelditzen direla. Hitz hauek irakurtzean paperezko boz emaiteak bukatuak izanen dira. Azkenek egin dezakete Internet bidez bakarrik. Boz emaitea doakie bakarrik herrian bizi direneri. Herritik kanpo bizi direnek ere egin ahal izaiteko behar dute jada Uztaritzeko bozka zerrendetan izan. Hamar proiektu dira lehian eta boz emaile bakotxak behar du bortxaz 3 proiekturentzat egin. Azken epea uztailaren 15a. Argitasun guziak aurki ditaizke herriko webgunean.
Auzo batzorde berri
Ekainaren 23an bildu da Heraitze Astobizkar auzo batzordea Auzo Baita gelan, Christian Socodiabehere hautetsiaren inguruan, dozena bat parte hartzailerekin. Hasieratik aipatu dira bideetan kausi ditaizken huts edo akatsak: Kurutxeta etxegune inguruan mantenu faltak, tokika tindu xurien hutseginak edo berriz egin beharrak, Kosabateneko latsagian, Gisu labe inguruan ere garbiketa eta mantenu eskasak. Arkia atekamotzan, Gaineko Landa eta santa Katalina bideen mundrunez estaltzea aipatu da uda huntako. Heraitzeko plazan aparkaleku eskasaz pleini da jendea. UGECAM erakundeak baditu bere funts barnean aparkaleku berexak langileentzat bainan hauek ez dituzte baliatzen. Zertako? Santa Katalina kaperara sartzeko elbarrituentzat egin pista segurtatua izanen da aldeko zilo batzu tapatuz, landare batzu emanez eta farada bat tokian ezarriz. Larregienea jauregia bera zer bilakatuko den ez da garbi ageri. Garai batean hor artatu batzuek, elkarte bat muntaturik, nahi lukete oroitzapen edo museo toki bat egitea, bainan UGECAMek dio geroan ere jauregi hori medikuntza tokia gelditu behar dela. Heraitze auzoaren berrantolaketa proiektuan ikusiko da hori bainan arriskua bada oraino zonbait urte joanen direla deus ikusi gabe. Azkenik batzordeak aipatu du aurrekontu parte hartzailean finkatu proiektua (josta leku bat), beste guziek bezala bozen emaitzaren beha egon behar duena. Hurrengo biltzarra finkatu dute irailaren 19ko.
Ur Begi elkarteak 30 urte
Ur Begi elkarteak bere sortzearen 30 urteak ospatu ditu hiru egunez.
Ekainaren 13an Lapurdi gelan erakutsi da diaporama batean publikoari (gehienak elkartekideak) elkartearen hastapena, historia, kultur saileko ekitaldiak eta jarduera berriak. Ekainaren 19an, 30 urte lemarekin, mendiko ibiltarientzat antolatu rallyan, lau talde izan dira lehiaketa batean Iholdiko Hoxahandia mendi gaineraino. Biharamunean bestak segitu du Heraitzeko plazan antzerki moldeko ekitaldi berezi batzuekin, talde bakotxak aurkezturik. Ondotik Auzo Baitan egin den zikiro jateak bildu ditu 170 pertsona inguru. Elkartekide batzuek moldatu kantu batzuekin bukatu da eguna.
Pilota
Euskal Ligaren xapelgoan luzeko jokoan Kapito Harriren lau taldeek jokatu dituzte beren partidak joan den igandean bero handia izanagatik. Emaitzetan denetarik izan da: Kanboko plazanbi partida, lehenik gazte taldeak irabazi du Kanboren kontra 10/4 eta segituko dute; ondotik helduetan 3.mailakoek galdu dute hauek ere Kanboren kontra 7/13; Angelu Sutar plazan 2.mailakoek galdu dute Hardoitarrak taldearen kontra 0/13, egiazki diferentzia handiegia zen bi taldeen artean. Helduetan lehen mailakoek erdietsi dute garaipena Hazparneko plazan Luzeanen kontra 13/6. Hauek finala jokatuko dute 13an Baigorriko Zaharrer Segiren kontra. Suerte on deneri ondoko partidentzat.
Haltya jauregitik
Larunbat eta igande huntan, uztailaren 5 eta 6an iraganen da Haltya jauregian komiki azoka, liburuen izenpetzearekin, marrazkilarien eta idazleen topaketekin. Haurrentzat marrazki tailerrak izanen dira eta jatorrizko erakusketak. Tenoreak bi egunentzat: 10:00/19:00. Ongi etorri deneri.










