Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Uztailaren 03a
220 bat ibilkari joan den igande goizean - Pilota
220 bat ibilkari joan den igande goizean
Joan den igande goizean, eskola giristinoko burasoek egin gomitari segida emanik, 220 bat ibilkarik parte hartu zuten "oinezko ibilaldi gormantak" deitu ekitaldian. Hau urte guziz antolatzen den ekitaldia da, (eskola publikoak berea antolatzen du maiatzaren lehenean), eta joan den igandean bero ikaragarria eginen zuela aitzinikusia baitzen, gehienak goizean goizik (7:30) ibiltzera etorri ziren, Aiherrako kasko eta zola ederren ezagutzeko xedearekin. Bakoitzaren formaren arabera, goiztiarrek 15km-ko itzulia egin dute, eta besteek 8km-koa.
Burasoen elkarteak urte guziz ibilbidea aldatzen du, Aiherrako xoko mokoak gozarazteko nahian: mendi tontorrak, erreka bazterrak eta Ahuntz bizkardiko oihan zabal eta itzaltsua.
Azpimarratzekoa da, bi aldiz ibilkariak gelditzen ahal zirela, itzalean, tokiko laborariek eskaini ekoizpenen jastatzeko eta preziatzeko eta hurrupaldi baten bidez zintzurrak freskatzeko, janari hornitzaile gehienak Aiherrakoak izanki.
Ibilkariek goiza bururatu zuten eskolako korralean burasoek zerbitzatu edari freskoak hartuz eta prestatu talo onak jastatuz. Biba zuek, eta heldu den urte arte!
Pilotan, bi pare finalean
Berri ona Abarratia pilota batasunarentzat, bi pare finalean ariko dira heldu den asteburuan, Iparraldeko pilota batzordeak antolatu txapelketaren kari.
- Gazteetan: Theo Etcheverry eta Mikel Harguindeguy, Baigorriko plazan (16:00), uztailaren 6an, igande arratsaldez, Senpereko Arotzarene anaien aurka, helduen lehen mailako finala aitzin. Gazteen finala eta helduen finala Kanaldude telebistak zuzenean zabalduko ditu.
- Helduak, 2.maila: Mattin Durruty eta Xabi Harguindeguy, Senperen, larunbatean (20:00) Zuraideko (Atzarri pilota batasuna) Jon Retegui eta Dibarren aurka
Xantza on gure pilotariei!











