Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2025eko Urriaren 02a
Herriko aldizkari berria - Urriaren 18an larunbatarekin, Aiherra-Antzuola eguna - Trakturrak eta autoak lerro lerro
Herriko aldizkari berria
Herriko Etxeak berrikitan jalgi urteko aldizkari berria laster eskuratu behar genuke. Anartean osoki ikusgai da www.aiherra.eus webgunean. Hunek kargualdi honetako azkena izan behar luke. Hauteskunde garaia hurbiltzen ari baita, auzapezak azpimarratzen du iragan eta gauzatzen ari diren proiektuak baizik ez dituela aipatuko.
Aipatuak eta garatuak diren gaien artetik, garrantzitsuenak hauek dira: Beltzagitea etxearen berritzeko obrak aurten bururatu direnak (okupatzaile ezberdinak beren geletan sartuak dira: Eguzkilore haurtzain etxea, erizainen bulegoa, psikologoa, apartamendua alokatzen duen herritar gazte bat), ur erreserben edo bi sute postuen instalatzea, Xixtako zubiaren berritzeko obrak (urte hondarreko programatuak), erdi lurperatuak izanen diren 24 zikin ontzi eta lurperatuak izanen diren 12 zikin ontzieri buruzko obrak (sistema berria 2026ko urte hastapenean abiatuko da eta informazio-bilkura antolatua izanen da urte hondarrean), 2025eko aitzinkontua, elkarteei eta eskolei buruzko diru-laguntzak, elizako teilatu osoaren berritzea, estatu zibilaren berri (5 sortze, 9 heriotze eta 2 ezkontza), herri erdiko zeharkatzea (proiektuak bere bidea segitzen du eta 2026ko bururatua izan behar luke), eta beste. Irakurketa on!
Urriaren 18an larunbatarekin, Aiherra-Antzuola eguna
Aurten 41 urte egiten du Aiherra mugaz gaineko Antzuola herriarekin adiskidetu zela. Urte aberats baten ondotik (40 urteen ospakizunak Aiherran eta Antzuolan), antzuolarrak errezebituko ditugu Aiherran, urriaren 18an. Huna nola iraganen den eguna: antzuolarrei ongietorria (10:00), bi herrietako pilotari gazteen arteko partidak (10:30), Aiherrako bi garagardotegien bisita (11:00), eta bazkari animatua Gozategia jatetxean (13:00).
Bazkariarentzat izenak aitzinetik eman behar dira Herriko Etxera deituz (05-59-29-64-02) edo email bat igorriz (mairie@ayherre.fr).
Trakturrak eta autoak lerro lerro
Joan den larunbatean Aiherratik pasatu zen Donoztiritik abiatu eta Hazparnen bururatu zen manifestaldi jendetsua. Aiherrako Etxexuria etxea prezio azkarrean saldu zenean (1.600.000€) izan ziren elkarretaratzeak prezio horren salatzeko, Aiherran 2023/12/30ean eta berriz 2024/01/20an Hazparneko Puyo etxebizitza agentziaren aitzinean. Orduan agentziatik telekomanda bat faltatu baitzen, geroztik 7 manifestalari inkulpatu dituzte. Proportzio handia hartu du aferak, 7 militanteak deituak baitziren asteartean, Baionako auzitegian. Horren salatzeko zuten joan den ibiakoitzeko manifestaldia antolatu.