Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2025eko Urriaren 02a
Palestina - Bide heste - Bi abisu - Iturritik - Ikastolak 20 urte - Dantza latino
Palestina
Joan den buruilaren 22an (asteartez), Palestinako bandera eman da gure Herriko Etxean. Kontseiluak ageri bat plazaratu du, hautu horren zehazteko. Huna zer dioen laburbildurik: “Buruilaren 22an, 10 estatuko ordezkariek, horien artean Emmanuel Macron Frantziako estatuko lehendakariak, ofizialki aitortu dute Palestinako Estatua Nazio Batuen Erakundean, New York-en jadanik hala egina zuten bertze 148 estaturekin batera. Erabaki dugu gaur Palestinako bandera Herriko Etxean emaitea elkartasunez:
- Berehalako suetena Gazako lurraldean eta bahituen itzultzea galdatzen dugu.
- Milaka palestinar Gazako lurraldetik bortxaz lekutu beharra salatzen dugu.
- Nazio Batuen elkartea eta "Unicef"-aren arabera gosetea eta hamarka haurren heriotza eragin duten traben ezeztatzea nahi dugu".
Ondoko egunetan, bandera horren kentzea manatu du Prefeturak.
Bide heste
Ur hodi baten arraberritzearengatik, Otsaldeko karrika (ikastola eta osagarri etxearen artekoa) hetsia izanen da urrian 30a arte, hots kasik hilabete guzia. Bainan idekirik egonen da sentsu batean, eta komerzioetara (Spar Oronos, Laia...) joaiten ahalko da osagarri etxeko itzulgunetik pasatuz. Bide seinaleen errespetatzea galdatua zauku. Xehetasun inportantea: obra horiek hasiko dira hilen oroitarria eta Herriko Etxearen artekoak bururatu eta. Beharrik, bestenaz bi xantierren artean bizi diren gaineko karrikako jendeak kokaturik egonen baitziren.
Bi abisu
Sua mendiari emanen dakoteneri oroitarazia zaie urriaren 3a (ortzirale hau) dutela azken epea Herriko Etxean seinalatzeko.
Oroit merkatua dugula Herriko Etxearen ondoan heldu den ibiakoitzan, hilabeteko lehen ibiakoitz guziz bezala.
Iturritik
Iturritik elkarteak bere erreka garbiketa lanak segituko ditu heldu den urriaren 5ean (igandea) Errobi bazterreko zikin toki batean. Hitzordua goizean (10:00) emana da Aldudeko plazan. Ongi etorririk beroena eginen zaie lagundu nahiko duten guzieri. Joan den buruilaren 7an, 760 kilo burdin eta 420 kilo plastiko bildu zituzten Urbeltz errekan, 5 oren et’erdiz.
Ikastolak 20 urte
2026an, Baigorriko ikastolak 20 urte beteko ditu. Nahi lukete urtebetetze hori partaide izan diren guzien besta izaitea eta denen artean pentsatzea zer antolatu nahi den. Hortarako, lehen bilkura bat egin da ikastolan eta besteak izanen dira ondoko egun eta asteetan. Buraso ohi, ikasle ohi eta laguntzaile guziak gomit dira, zer ospakizun muntatu nahi den elgarren artean gogoetatzeko.
Dantza latino
Cumbia, Salsa, Bachata, Reggaeton, Samba… Dantza ikastaldiak berriz hasiko dira urriaren 9an eta ortzegunero segituko Plaza Xokon (19:00-20:00). Izena emaiteko, zenbaki huntara deitu behar da: 07-52-45-90-31.