Herriz Herri - Senpere (L) | 2025eko Urriaren 02a
Urri Arrosa - Klimaren Astea - Dantza: Las Flamencas, igandean - Aste Urdina - Herriko bozak abian
Urri Arrosa
Orain, urtero errepikatzen den ekimena minbiziaren aurka, ohikoa ari da bilakatzen zorionez. Karia hortarako, Maripurdi argazkilariak lagundu ditu "Nesk’à paillettes" (minbiziak hunkitu kideak) beren irudiaren onartzen. Irriz eta biziz beteko argazki xoragarriak ikusgai izanen dira Larreko kulturgunean, emozioa ez da eskas izanen. Erakusketa, urriaren 3a eta 12a artean, goiz guziz (9:00-12:00), ez huts egin.
Klimaren Astea
Nahiz bi aste iraun Ipar Euskal Herrian gaindi, 5. edizioan "Axola dizunaz, ardura zaitez" leloarekin, Senpereko herriak ere parte hartuko du zonbait ekitaldi proposatuz, huna hemen egitaraua: urriaren 4a larunbata, Lurberria barraderaren bisita (10:00, 11:00, 14:00 eta 15:00), oren baten iraupena, autobus geltokitik, joan-jinkari batekin, 30mn lehenago abiatuz. Urriaren 7a, asteartea (18:00), hondarkinen gaiaren inguruko Escape Game jokoa, 2 orduko iraupena Larreko kulturgunean. Urriaren 8a, asteazkena (14:00), Helbarrungo ur araztegiaren bisita, oren baten iraupena, hemen ere autobus geltokitik abiatzen ahalko da. Urriaren 9a, osteguna (10:00), Canopia gunearen bisita, Baionan, 2 orduren iraupena, autobus joan jinkaria abian geltokitik (9:00). Urriaren 11, larunbata (11:00), trantsizioa ekologikoaren eguna, elizako plazatik abiatuz "pot’âgé" baratzeko konpostagailuaren aurkezpena, herri barneko ibilaldiaren ondotik, uholdeen kontrako babesen aurkezpena Leku Ona saltegian. Urriaren 13tik 17ra, erakusketa batean, TE64 egiturak proposatutako energia ibilbidea, goizez (9:00-12:00) Larreko kulturgunean. Lehenbiziko 4 ekitaldiendako izena eman Herriko Etxean: 05-59-54-10-19 edo accueil@senpere64.fr gunean.
Dantza: Las Flamencas, igandean
Catalina Gomez donibandar ezagunaren konpainiak, flamenco tradizional eta modernoa nahasten ditu ikusgarri huntan, Nesk’à Pailettes elkartearen mesedetan. Larreko kulturgunean, urriaren 5ean (18:00), prezio osoa 15€, 12 urtez petik 8€. Erreserba: Helloasso gunean baita Las Flamencas 06-73-16-49-50 edo Nesk’à Paillettes 06-24-72-89-50.
Aste Urdina
Herriko Zerbitzu Sozialak (CCAS) antolaturik, 65 urtez goitiko jendeendako, izena emanez urriaren 3rako 05-59-54-74-96 telefonoan edo accueil.ccas@senpere.fr. Urriaren 6an, astelehenean (14:00-18:00), Karrikarten ongizatearen saloia, tailerra askorekin. Urriaren 7an, asteartean (13:00-17:00), Txik-Txak zerbitzuaren presentaketa. Urriaren 8an, asteazkenean, Ibiladi Urdina abiatzea Karrikartetik (9:30) lakuraino eta berriz itzultzea, urdinez beztitzea gomendatua.
Herriko bozak abian
30 urtez inplikatuz geroz, 25 urte hautetsi gisa, hauetan 3 auzapez moduan, Dominique Idiartek bere gaitasuna eta duen ezagutza nahi du berriz ere herriaren zerbitzurako eman, proiektu kolektibo bateanElgarrekin Senpererentzat taldearen barnean, aldiz buruzagitza utziko du Céline Piva andereari. Beraz 45 urteko emazte hau izanen da zerrendaburu, bere lanbideari esker, finantza publikoetan aholkulari izanki, administrazioaren funtzionamendua ongi menperatzen du bereziki nundik eta nola lortu diru laguntzak proiektuen eraikitzean. Prentsaurrekoan, Guy Heugeurot, zerrendako 3. hautetsiarekin, aipatu dute Bernard Elhorgaren jokaera, denbora asko behar ukan baitu herriaren problematiken deskubritzeko eta nahiz kontseiluen entzuteko prest izan den ere hastapenean, laster bortak hetsi ditu.Diote ere, elkarteen munduarekin beharrezkoak diren harremanetan hobeki egin litaikeela, ohartaraziz nola baztertua izan den Gantxikiko kudeatzailea, gutun baten bidez. Céline Pivak segida berri bat nahi du bultzatu, gibelean utziz pasa diren tira-birak. Zerrenda idekia baita apolitikoa, baztertu gabe, ala beharrean, hurbilketak lehen itzuliaren ondotik.