Mundu zabalean | 2025eko Urriaren 02a
Nepalen Z belaunaldiak gobernua aurtiki
M.O.
Nepalek bereziki gazteengandik asaldura politiko handia jasan berri du, Z belaunaldiak abiatu duena. Ustelkeriaren eta autoritarismoaren kontrako protesta bortitzak iragan dira, parlamentua desegin da eta Sushila Karki nepaldar emazte jurista, idazlea eta politikaria lehen ministro izendatua izan da.
Z mugimenduaren jazarraldia
Nepal munduko estatu pobreenetako bat da, 30 milioi biztanle ditu, batez besteko adina 23 urtekoa da. Irailaren 8an, haserretuek Katmanduko eta beste hiri batzuetako plazak bete dituzte. Iraultza piztu da jakin denean 26 sare sozial bat-batean debekuak zirela.
Badu orain 20 urte Nepalen egoera ekonomikoa gaizki doala, 15-24 urte arteko nepaldarren %20a pobrezia egoeran bizi da. Z belaunaldiak urteetan zehar salaketak egin ditu, plataforma digitalen blokeatzeak bazterrak mindu ditu. Protestak eragiten dituzten faktoreen artean, agintari politikoen eta administrazioaren ustelkeria sistemikoa bada, bai toki mailan, bai nazio mailan.
Mobilizazio horietan gatazka bortitzak eta poliziaren errepresio gogorra egon dira, ondorioz nepaldar gazteriak, haserreturik, boterearen sinbolo eraikinak erre ditu, horietan Parlamentua eta lehen ministroaren etxea. Manifestariek finantza ministroa harrapatu dute, buluzi eta ibaira botatua izan da.
Negar gasak, ur kanoiak eta makilak erabiltzeaz gain, poliziak egiazko munizioekin manifestariei tiro egin die.Agertu diren zenbakien arabera 72 manifestari hilak izan dira eta 1.300 pertsona zauritu.
K.P. Sharma Oliren lehen ministroa karguaren uztera behartua izan da, Parlamentua desegin da, ministro batzuk helikopteroz eskapatu dira. Nepaldar gobernu ohiaren politikak, plataforma digitalen bidez gazteria mobilizatu du, estatua uzkaili arte.
Konektatu iraultza
Iraultza herrikoi hunen elementu harrigarrienetako bat da gazteriaren antolatzeko moldea, karrikan ez ezik, mundu birtualean elkartu dira. 145.000 kide baino gehiagok Discord zerbitzariaren bidez borroka abiatu dute.
Teknologia digitala, ustelkeriaren kontrako arma gisa erabilia izan da. Nepaleko gazteriaren kexua sare sozialen debekuak agerian utzi badu, komunikazio tresnen bidez agintari politikoen kontra altxatu da. Konektatu gazteriak antolatzeko indarra erakutsi du, memento berean sare sozialen bidez nazioartean nepaldar poliziaren indarkeria zein nolakoa den jakin da.
Instituzioak lanjerean diren lekuetan, plataforma horiek kontraboterearen espazioak bihurtu dira, Nepalen bezala estatua aurtikitzeraino. Teknologia digitalak ekintza kolektibo bihurtzeko gaitasuna erakutsi du, azpimarratzekoa da estatu autoritario batean arma demokratikoa bihur daitekeela.
Lehen emaztea gobernamenduburu
Gobernamenduaren agintaritza hartzeko Sushila Karkiren izena anitzetan agertu da. Emazte hunek, auzitegi goreneko epaile ohia, bere zintzotasunagatik eta ustelkeriaren kontrako borroketan sinesgarritasuna lortu du. Irailaren 12an, gobernuburu izendatua izan da. Lehen ministroaren lehen erabakia izan da, demokraziaren izenean, legebiltzarreko hauteskundeak deitzea.
Nepaleko historiaren orrialde bat itzultzen ari da, emazteak aspalditik botere espazioetatik baztertuak izan dira. Anitzetan indarkeria, diskriminazioa, oztopo juridikoak eta kulturalak jasan behar ukan dituzte. Sushila Karki Nepalgo lehen emaztea da holako kargua hartzen duena, Nepalentzat ez da keinu sinbolikoa, baizik eta gauzak aldatzen ahal direlaren marka. Hala ere, erronka handia du, populazioaren egoera ekonomikoa eta instituzio kaltetuak, zauritua den herri bat altxatu beharko du.
Trantsizio hauskor baten parioa
Sushila Karkiren gobernuaren lehen zeregina egiazko demokraziarako trantsizio baketsua bermatzea da, hauteskunde libreak, gardenak eta sinesgarriak plantan jarriz. Legebiltzarreko hauteskundeak 2026ko martxoan iragan beharrak dira, baina indarkeriaren eta hausturaren itzalak jarraitzen du. Manifestariek salatzen duten ustelkeria, egituretan sustraitua jarraitzen du, aldaketa ez da erraza izanen.
Z belaunaldiak Nepaleko populazioren %40a ordezkatzen du, diskurtsoetan ez du sinesten, beste bizitzeko manera bat eskatzen du. Mugimenduak presioa ezartzen segituko du, begi kritikoa ukanen du eta batez ere determinatua segituko du. Gardentasuna, justizia eta inklusioa, hitz horiek arau bihurtu behar direla galdegiten du. Nepal berritze fase batean sar daiteke, bide luzea ukanen du eta traba anitz gainditu beharko ditu.
Nepalek muga bat gainditu berri du, emazte bat exekutiboko postu gorenean ezarri du, ez elite politiko tradizionalaren parte delako, baizik eta anitzek eskatzen dituzten balioak defenditzen dituelako. Bidea luzea izanen da, trabaz josita, baina Nepalen beste etorkizun baten esperantza sortu da.