Euskal diaspora | 2025eko Urriaren 02a

Euskaldunen Plaza, Banka eta Martiren... eta hitzordu frango gehiago

Joseba Etxarri

BORDELEko Euskaldunen Plazan, Euskal Etxeko lehendakari Anne-Marie Pedoussaut, gibelean Aymeric Grirmassou EEko kultura programazio arduraduna
BORDELEko%20Euskaldunen%20Plazan_%20Euskal%20Etxeko%20lehendakari%20Anne-Marie%20Pedoussaut_%20gibelean%20Aymeric%20Grirmassou%20EEko%20kultura%20programazio%20arduraduna

BORDELE. Euskal Etxe gibelean den Euskaldunen Plazaren inaugurazioaren 40. urteurrena ospatu zuen joan den larunbatean hiriko Euskal Etxeak. Ekitaldi jendetsua izan zen, arratsaldeko 6:30etarik goiti, kantuz eta musikaz betea, eta jatekoa eta edatekoa EE bereko Topa jatetxeak egina eta etxeko bolondresek zerbitzatua. Donapaleun sortua den Pierre Hurmic auzapez bordelesa ere partaide, eta bere hitzetan fier aipatu zituen bere atxikimendua Euskal Etxeari eta euskal izateari. EEko lehendakari Anne-Marie Pedoussaut-ek eskerrak eman zituen. EEko Kantuz koralak lan ederra egin zuen animatzen, bere izenari ohore ematen hondarreraino, eta gauez Juliette Magnevasoa madagaskartar-euskal-frantses kantariak (Pauline eta Juliettekoa, orain bakarkako ibilbidea hasirik Parisen), frantsesez, espainolez, ingelesez eta euskaraz ere eman zituen bere aldi berri huntako kantuak, ederrak, askatasunez estiloak nahasiz, bi emazte laguntzailerekin. Besta gaueko ordu tipietan bururatu zen... nola eta kantuz. HERRIA ere han zen eta, besteak beste, loriatu zen xiberotarrez luze mintzaturik Bordelen sortu Frantxua Urrutiaguer-ekin. Ekitaldi berean, 2025-2026 ikasturteko kultura saioeri eman zien hastapena Bordeleko Euskal Etxeak.

BANKA. Biharamunean, egun berezia Bankan. Frontoian erakusketaño bat ezarririk, herriko haur pilotari kabalkadarekin hasi zen saioa. Sartu ziren, besteak beste, gomitatu bereziak: Argentinatik etorririk, "Cuarteto Karé" laukotea, Hego Amerikako kantuak fin kantatzen dituena lau ahotsetan. Zerk bildu zituen hara? Bankako herriak nahi zuela oroitu eta ohoratu Gabriel Martiren bankarra, Argentinara emigratu eta XX. mende hastapenean pilotan jokatzeko "pala" edo paletaren asmatzailea. Lehenik ekitaldia, Herriko Etxe aitzinean, gero Cuarteto Karéren emanaldia elizan, eta azkenik kantu-bazkaria egin zen Erreginan. Kantua eta pilota uztarturik, egun ederra pasatu zen. Bereziki hunkitu eta loriatu zen Cuarteto Karéko buru den Diego Petrelli, Gabriel Martiren-en hereniloba, bere arbaso bankarraren herrian egonik omenaldi huntan. Baina honi buruz ondoko batean mintzatuko da HERRIA artikulu luzeago batean.

Eta labur, beste aipu batzu: Boiseko ikastola bi irakasleren bila ari da 2026-2027 ikasturterako, 3-5 haurrei irakasteko. Argibide gehiago Boisekoikastola.org helbidean. Segitzen du Macachinen, Argentinan, Munduko Mus Txapelketak, ortzirale huntan azken partidak eta jakinen dira txapeldunak. Larunbat huntan, Kalakan Pariseko Euskal Etxean; Argentinako Llavallol-en, FEVAko Haur Besta Handia; igandean Txileko Santiagon, Euskal Etxean, “Mikel Deuna” besta; Montpellier-en, Urteko “Euskaldunen Besta”; ahantzi gabe bi artzain amerikano bestak: larunbatean Arrosan, eta igandean Donezteben. Izan aste on!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3803. zbk

Gure Hitza | 2025/10/02

Palestinari bai

Peio Jorajuria

Urriaren 7an bi urte eginen ditu Hamas talde armatuaren ezin onartuzko ekintza terrorista obratu zela Israelgo lurretan. Geroztik infernua bizi du Gazako lurraldeak, palestinar populua, hangoa eta Zisjordaniakoa, behin betikoz erraustu nahi baitu Israelgo gobernuak, hau ere terrorismoari osoki emanik. Mendeku hutsez egiten ari duena hitz bakar batez laburbildu daiteke: genozidioa. Eta hori Amerikar Estatu Batuen laguntza osoarekin eta orain arte bederen Europaren konplizitatearekin. Nola ulertu Errusia zigortzen duela Europak Ukraina inbaditzeagatik eta ez Israel, Palestinan sarraskia are odoltsuagoa delarik?

Balirudike herri batzuk iratzartzen hasi direla, hala nola Frantzia, joan den astean Nazio Batuen egoitzan palestinar estatuaren onarpena aitorturik. Ordu zen! Beste herri askok jadanik egina zuten gutieneko urrats hori. Urrats sinbolikoa ala gerora...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016