Herriz Herri - Jutsi (NB) | 2025eko Urriaren 02a

Ezkontza

Buruilaren 20an gure elizan iragan da ezkontzako sakramentuaren zelebrazione ederra. Esposak ginituen Damien Eyharts Uztaritzekoa eta Clémence Delon Tolosa Okzitania aldekoa. Damien-ek nahi ukan du bere aitaren sorterriko elizan ohoratu bere biziko urrats handi hori eta gomitatuak zituen Oztibarreko koralean ari diren kantariak. Beraz eman ditugu kantu euskaldunak bai eta frantsesak Isabelle Haizaguerre ginuela organoan eta gitarrista arras ona ere bazen. Meza sainduaren emaile ginuen Barnetche apeza, Uztaritzeko jaun erretora. Azpimarratzekoa dena dugu esposek beren engaiamenduak emaiteko mementuan, ikusi ahal ukan dugula Alicia urteko haurñoa beren burasoen besoetan, zinez hunkigarri baitzen.

Ondotik, Hitta etxerat joaiterat gomitatuak ginen ezteiliar eta koralekoak argazkiaren hartzeko; hor ere berezitasuna ikusi dugu, zeren "drone" bat ginuen gure gaineko aldean etxea bere osotasunean hartzen zuena, ezteiliarrekin batean, argazkietan.

Gero ezteiliar eta koralekoak joan dira Labetze Bizkai auzoan den jauregi baterat arratsalde paregabe baten pasatzerat, horko parkean arras aro onarekin.

Arrastirian, hor gastatuak izanik, koralekoak etxerat joan dira eta gomitak afaltzeratsartu dira, sala ederrerat, nun gaualdi oroigarria pasatu duketen.

Orain, nahi ditugu eskertu Damien eta Clémence gure herriari eta aitaren etxeari atxikimendu hori agerturik.

Gure aldetik, desiratzen diegu osagarri on familian eta suerte beren lan seriosean, zeren medikuntzan ari baitira, biak kardiologoak direlarik.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3803. zbk

Gure Hitza | 2025/10/02

Palestinari bai

Peio Jorajuria

Urriaren 7an bi urte eginen ditu Hamas talde armatuaren ezin onartuzko ekintza terrorista obratu zela Israelgo lurretan. Geroztik infernua bizi du Gazako lurraldeak, palestinar populua, hangoa eta Zisjordaniakoa, behin betikoz erraustu nahi baitu Israelgo gobernuak, hau ere terrorismoari osoki emanik. Mendeku hutsez egiten ari duena hitz bakar batez laburbildu daiteke: genozidioa. Eta hori Amerikar Estatu Batuen laguntza osoarekin eta orain arte bederen Europaren konplizitatearekin. Nola ulertu Errusia zigortzen duela Europak Ukraina inbaditzeagatik eta ez Israel, Palestinan sarraskia are odoltsuagoa delarik?

Balirudike herri batzuk iratzartzen hasi direla, hala nola Frantzia, joan den astean Nazio Batuen egoitzan palestinar estatuaren onarpena aitorturik. Ordu zen! Beste herri askok jadanik egina zuten gutieneko urrats hori. Urrats sinbolikoa ala gerora...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016