Gogoa hazi | 2025eko Urriaren 02a

Goazen berriz ORRIAra…

Johanes Bordazahar

Buruilean, sartzearekin, aurten ere, Orriako beilaren deiari erantzun diogu.

Orriara heltzeko norberaren urratsak, nolanahikoa izanagatik ere, oinezko ala beribilezko, badu bere merezimendua. Eguneroko zereginak alde bat utzi eta joan. Egun oso bat eman Jainkoari edo bederen bakoitzak berea duen otoitzari edo bilaketari. Aspaldiko ohidurari jarraikiz, beilak lehenik oinezkoa behar luke eta taldean. Hortik jarraikian bizitzen den eukaristiak badu bestelako indarrik.

Lehen otoitza oinezkoa da, destenorez egiten den hori. Gorputzaren esker onezko otoitza: izerdia, hatsantura, nekea, hotz-ikara, iluna, maiz lanbroan, euriak edo haizeak joa. Bidenabar ezezagun eta lagunarteko solasek elkar hurbiltzen zaituzte. Hor duzu komunitate bat bideratzen hasia, umorez eta jendetasunez. Isiltasunak baitezpada ere baditu bere tarte luzeak. Jada bada NORBAIT, ikusten ez duzuna, zurekin bide egiten duena.

Goizeko iguzkitan, mendi gainak zabaltzen zaizkizu bistara. Herritar artzainek arta handiz moldatu mendiko alhapideak zeharkatu ahala, zure begien miresmenetikgorputzeko hezurretaraino sartzen zaizkizu herri oso baten lana, kultura, estetika. Nobleziaz esker ona jauzten zaizu ezpainetara. Herri hau bere jendearekin ez da nolanahikoa eta zu ere bertakoa zara.

Zure oinak ematen dituzu, milaka urtez, fededunek zapaldutako bidean. Horrela zure urrats soila sakratua bilakatzen da. Fede iraunkor soraio batek mugitu, mugitzen eta mugituko duena. Giristino beilaldiak hasi aitzin, jada gure aurre-historiako arbasoak, izarren bideari, “esne bideari”, ohartuak ziren. Nora doa misteriozko seinale hori? Aurten hor genuen zeruan delako “Donejakue” bidea, bere mila-miliunka izarrekin. Haize basak ez gintuen uzten zeru garbi izarniatua miresten, halere Orriaraino gidatu gaitu.

Kolegiata-elizan sartzean ez zara guti harritzen: bazterrak jendez lepo. Erlauntz baten harramantzan hartua zara. Bat-bateko organo doinu ozen, alegrantziazko batek (aurten Iban Erguyren joko fin eta trebeak), lehen kantuarekin, beilariak, apezen koru osoa eta harrizko eliza guzia dardara berean ematen ditu. Hau da lehen irudia aurpegiratzen zaizuna: batasuna ozenki aldarrikatua. Nahiz bakoitzaren otoitzak, aintzak eta asmo guziak gehitu, horien guziengatik eta gainetik hemen bada zerbait handiagoa bizitzen duzuna.

Ez uste izan, irakurle estimatua, Orriako beila halako zorionezko aparteko burbuila hetsia dela. Fededunen otoitzean Jean Louis Neguelouak ekarri dauku mundu zauritu honen deiadarra “Jauna, biziaren eta bizidunen alde ZUTIK atxik gaitzazu… Beha gose gireneri, amodio gose, justizia egarri, bake eta zuzentasun eskasean… Haur eta gazteak ingurazkitzu zure amodiozko argiaz…”

Mezako hitzaldian Jean Eliçagaray batzarburuak bide beretik bermatu gaitu. “Maria, Jesusez haurdun gertatu zenean, HAIA HAIA, mendialdeko herri batetara, Elixabet kusiari bisitaz joan zitzaion”. Berri ona ezin beretzat atxikiz edota gertatzen zitzaionarekin durduzatua, baina konfiantzaz, kontsolamendu eta segurtasun beharrez… Etxeratekoan, beilariak, esperantza berri bat golkoan, badu non zer egin. “Jainkoarentzat, ezer ez baita ezinezkorik!” Salbu, gure eskuak behar dituela.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3803. zbk

Gure Hitza | 2025/10/02

Palestinari bai

Peio Jorajuria

Urriaren 7an bi urte eginen ditu Hamas talde armatuaren ezin onartuzko ekintza terrorista obratu zela Israelgo lurretan. Geroztik infernua bizi du Gazako lurraldeak, palestinar populua, hangoa eta Zisjordaniakoa, behin betikoz erraustu nahi baitu Israelgo gobernuak, hau ere terrorismoari osoki emanik. Mendeku hutsez egiten ari duena hitz bakar batez laburbildu daiteke: genozidioa. Eta hori Amerikar Estatu Batuen laguntza osoarekin eta orain arte bederen Europaren konplizitatearekin. Nola ulertu Errusia zigortzen duela Europak Ukraina inbaditzeagatik eta ez Israel, Palestinan sarraskia are odoltsuagoa delarik?

Balirudike herri batzuk iratzartzen hasi direla, hala nola Frantzia, joan den astean Nazio Batuen egoitzan palestinar estatuaren onarpena aitorturik. Ordu zen! Beste herri askok jadanik egina zuten gutieneko urrats hori. Urrats sinbolikoa ala gerora...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016