Herriz Herri - Urruña (L) | 2025eko Urriaren 02a
Urruñarrak elkartearen ate idekiak - Oletako bestak - Lupa erakusketa Posta gelan - Palestinako bandera Herriko Etxean - Ekiloraren musika tailerrak - Adixkideak elkartearen kurtsoak - Eguberriko Merkatua
Urruñarrak elkartearen ate idekiak
Urriaren 4an, larunbatarekin, Urruñarrak elkarteak ate idekien eguna izanen du Zokoko kiroldegian (9:30-15:15). Elkarte hau biziki maitatua da urruñarren artean, pilotan eta errugbian, gehienbat egiten duen lanagatik. Informazioa: 06-66-83-49-56.
Oletako bestak
Aurten, Oletako Nahasiak elkarteak antolatzen dituen Oletako bestak urriaren 3tik 5era izanen dira. Horra, jadanik plazaratu duten egitaraua: urriaren 3an, ostiralarekin, mus txapelketa Trabenian (19:00). Izen-emateak aipatu ostatuan egin behar dira (18:00), pertsona bakoitzeko 12 euro pagatuz. Taloak izanen dira. Urriaren 4an, larunbatarekin, pala txapelketaren finalak eskolako frontoian (19:00). 16:30etan Oleta-Yasola lasterketa(11,2km), abiatzea Trabenia ostatutik. Izen-ematea ostatuan (15:30), pertsona bakoitzeko 12 euro pagatuz. Horren ondotik, sari banaketa. Trabenian, besta komiteak eskainiko duen muskuilu dastaketa (18:30). Elektrotxaranga eta Matraka taldeak (19:30). Kontzertua Estutu taldearekin (22:00), eta 1:00etatik aitzina, kontzertua Deklibe taldearekin. Urriaren 5ean, igandearekin (9:00), meza Oletako kaperan. Ondotik, besta komiteak ohorezko arno dastaketa eskainiko du. Blanka eta xixpa tiraketa (10:00), 10 euro pertsona bakoitzeko. Sari banaketa (12:00) eta arno eskainia. Desfilea (16:00). Ahate jokoa (16:30). Gazteen arteko olinpiadak (17:30), Dantzapiko Patxi eta Konpainia taldearekin (18:00) eta 20:00etatik goiti, eta bestei bukaera emanez, kontzertua Andoni Oilokiegirekin.
Lupa erakusketa Posta gelan
Antxeta irratiak kudeatu zuen margolari eta artista plastikoen Lupa erakusketa, orain herrian, Posta gelan, ikusteko parada ukanen dugu irailaren 22tik urriaren 17ra bitarte. Hor izanen dira ikusgai Irantzu Lekue, Dolo Marina,Idoia Betarbide, Miren Gonzalez eta Larraitz Ugartemendiaren artelanak.
Palestinako bandera Herriko Etxean
Irailaren 22an, eta Palestinako estatuaren aitormena gogora ekarri nahirik, Herriko Etxean Palestinako bandera zintzilikatu zuten. Ipar Euskal Herrian, Urruñaz gain, herri hauek izan ziren aipatu egunean Palestinako bandera ezarri zutenak: Maule, Baigorri, Izura, Lexantzü, Itsasu, Hiriburu eta Ozaze. Prefeturak herri horien deliberoaren kontra auzitegira joko duela iragarri du.
Ekiloraren musika tailerrak
Ekilora elkarteak antolaturik, aurten ere musika tailerrak zabalik izanen dira herrian, Urruñako erdigunean eta larunbat goizez. Talde kurtsoak 45 minutuz 3-6 urteko haurrentzat. Elebiduna: euskara-frantsesa. Zer egiten da tailer hauetan? Soinuak esploratu gorputz eta materialen bidez, musika tresnak entzun eta baliatu, sormena landu eta gorputzarekin musika taldean bizi. Zertarako? Zentzumen artistikoa garatzeko, entzumena eta gorputzaren koordinazioa indartzeko eta musikaren ulermenaz gakoak bereganatzeko. Zenbat? Kurtso bat 15 euro, 10 kurtso120 euro, urte osoa 300 euro. Noiz? Irailetik ekainera, oporretan salbu. Irakaslea: Luken Perret Haltzuet. Informazioa: 06-53-09-18-95.
Adixkideak elkartearen kurtsoak
Aurten ere, Adixkideak elkarteak urtero antolatzen dituen tailerrak ideki ditu. Haur eta gaztetxoentzat: dantza, judoa, karatea, argazki tailertxoa, lore-arte tailer ttikia, musikagintza (bateria, gitarra, solfeoa, panderoa, pianoa, trikitixa, arrabita…), margotze eta marrazte tailerra… eta abar. Helduentzat: lore-artea, margotze tailerra, joste tailerra, euskara, ingelesa, espainola,gimnastika, informatika, karatea, gormutuen mintzaira, modern-jazza, mosaiko tailerra, musika, mutxikoak, argazki tailerra, pilates, buztingintza, ibilaldiak, sofrologia, stretching, tai jin quan, antzerkia, bidaiak eta irteerak, yoga… eta abar. Izen-ematea eta informazioa elkartearen egoitzan.
Eguberriko Merkaturako izen-emateak
Aurten ere, Urruñako herriak Eguberriko Merkatua antolatuko du abenduaren 12tik 14ra, eta bertara gomitatuak dira tokiko artisau eta sortzaile guziak. Parte hartzeko txostena bete behar da Herriko Etxean edota email bitartez. Izena emateko epea urriaren 6ra arte zabalik izanen da.