Azalekoa | 2025eko Azaroaren 27a

Etorkizuna eraikitzen

A.E.

Rwandako proiektuaren lanean ari diren 61 ikasleak
Rwandako%20proiektuaren%20lanean%20ari%20diren%2061%20ikasleak

Human’ISA XXVI proiektu solidarioa abian da jadaneko. Angeluko ISABTP ingeniari eskolako ikasleak Rwandara abiatuko dira 2026an, eskola gune baten eraikitzera. Bizitza markatuko dien proiektu huntaz mintzatu zauzkigu Paul Foresti eta Justine Pouyaut elkarteko ko-lehendakariak.

Proiektu solidario baten hastapenak

Proiektua lehen aldikoz 2005ean burutu zen, 2004an gogoetatzen hasirik. André Joie ISABTP eskola sortu zenetik irakasle egona da, eta Human’ISAren bultzatzailea ere da. Izan ere, 2004an, ikasketak baliozkotzeko xedez, proiektu arrunta urte bukaerarako bideratzea baino, proiektu solidarioa eraikitzea proposatu zieten ikasleei, nazioarteko mailan. 2005eko promozioak zuen lehen aldikoz proiektua gauzatu Senegalen. Geroztik proiektuak urtero egin dira, 2006an salbu. Orotara 20 proiektu egin dira mundu osoan zehar, besteak beste Afrikan, hego Amerikan, Asian edota Frantzian (Covid garaian). Mota guzietako eraikinak sortu dituzte, haietan eskolak eta kolegioak, kirol zentro bat, medikuntza zentroak,… herriaren beharren arabera.

Prozesu luzea izanez, ISABTP eskolako 4. urte erdian diren ikasleei Human’ISA proiektuan parte hartzea proposatua zaie. Hortik, urte bat eta erdiko lanketa hasten dute, lehenik elkartearen bulegoa bozkatuz, ondotik sail ezberdinetan banatuz. Lan horrek ikasketen bukaerako proiektua gorpuzten die, hots bosgarren urtekoa.

Rwandarako bidea

Aurtengo ediziorako, elkarte kide bakoitza Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GKE) harremanetan sartu da. 89 GKE kontaktatu dituzte, horietan 30 batek baikorki erantzun dute. Proiektu egingarrienak baztertu eta, xedea emeki-emeki fintzen hasi dira, Rwandako proiektua hautatu arte.

“OVC Rwanda” GKE-a da proiektu hunen partaidea, buraso gabeak eta hauskorrak diren haurrak laguntzen dituena. Zuzendariek eta UPPAk (Université de Pau et des Pays de l’Adour) ikasleen proiektua baieztatu ondoan, irakasleak Rwandara joan dira ebaluatze misioa egitera, ea proiektua egingarria zen segurtatzeko.

2026an beraz, 21. proiektua gauzatuko dute Human’ISA elkartea integratu duten ikasleek. Heldu den otsailean Rwandara aireratuko dira, eskola gune baten sortzeko, haurtzaindegi eta ama eskolarekin. 450m² inguruko azalera ukanen du, eta ikasleek bospasei aste ukanen dituzte zerotik hasirik osoki eraikitzeko, bi irakasleren laguntzarekin. Epe hortan, bertako biztanleen etxetan lo egin eta janen dute. Bideo egile bat haiekin joanen da, irudiak hartu eta film baten egiteko.

Rwandako egoera berezia izanez,herri hunen historiaz eta kulturaz jabetzen ari dira ikasleak pertsona adituen laguntzarekin.

Barne antolaketa

61 ikaslek dute proiektu huntan parte hartzen, hots promozio guziak. Irakasleen laguntza dute hastetik buru.

Bost lan sail sortu dituzte proiektuaren gauzatzeko: kontzepzioa, besteak beste bastimendua marraztu eta eraikitzeko baimenaren dokumentuak betetzen dituena. Logistika saila, herrian bertako biziaz arduratzen dena (garraioa, bizitegiak, janaria,…). Komunikazio saila, sare sozialak, afixak kudeatzen dituena. Gertakarien saila, gertakari edota ekimenak antolatzen dituena dirua sarrarazteko. Eta azken saila finantzamenduarena da. Izan ere, buxeta 230.000 eurokoa dute, horietan 100.000 euro auto-finantzatzen dituztela. Hain zuzen ere, besteak beste ikasleek salmentak antolatzen dituzte, eskolan kafetegi bat atxikitzen dute eta interim misioak egiten dituzte. Gainerateko 130.000 euroak dohaintzetarik heldu zaizkie, partikular edota enpresetarik, baita diru laguntzetarik ere.

Ikasleek hastetik buru eraikitzen dute dena, proiektu aberats eta ahaztezina dela zioten bi ko-lehendakariek. Rwandara joateko presan agertu dira.

www.humanisa.org webgunea dute, baita “human_isa” Instagram kontua ere. Haiekin harremanetan sar daiteke 06-49-54-29-47 zenbakiaren bidez.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3811. zbk

Gure Hitza | 2025/11/27

Koloreak dantzan

Peio Jorajuria

Urri arrosa, Aste urdina, Gau beltza... Bestak eta animazioak gero eta koloretsuagoak bilakatzen ari zaizkigu, urriko hiru horiek lekuko. Urri arrosa, bularretako minbiziaren kontrako borrokaren ikur. Aste urdina, hirugarren adinekoentzat nagusiki antolatua, jarduera desberdinak proposaturik. Gau beltza, edo Arimen gaua, Omiasaindu bezperan ospatzen dena, aspaldiko ohitura Euskal Herrian, ahantzia zena eta berpizten ari dena, amerikar Halloween komertziala ordaindu nahiz. Kolore airosak gehienetan. Gau beltzaren kasuan ere argia hor dugu, kalabazan kandela pizturik. Koloreen erabiltze horrek argiki erakusten du bizi dorpe hau alaitasunez margotu nahi dugula, askotan zaurituak ditugun gogo-bihotzak goxatzeko.

Bertze kolore batzuk dira ere alegeraki dantzan ari izan Euskal Herrian azaro erditan, palestinar koloreak. Palestinarren eta euskaldunen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016