Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2025eko Azaroaren 27a

Ez adiorik Eneko - Heraitzetik berri - Uzta Hitzan

Ez adiorik Eneko

Joan den asteko kasetan aipatzen ginuen Eneko Pelletrat-ren heriotzaren berria. Joan den asteazken arratsaldean, Uztaritzeko elizan ikusi den munduak erakutsi dio Enekori zenbaitetaraino maitatua eta estimatua zen. Eragin handia zuen bere familiako bizian, ospitaleko lanean eta bereziki pilota munduan, Kapito Harriri beti fidel egon zaio, pilotari hasirik gazte gazterik eta oraino segitzen zuela hezitzaile bezala. J.M. Barnetche erretorrak, ongi ezagutzen zuela, egin dio mintzaldi hunkigarria ehorzketa meza denboran. Bere koinatak eta Alain Toffolo elkarteko lehendakariek ere eman lekukotasunek, hunkitu dituzte han zirenen bihotzak. “Agur Jaunak” kantuarekin hasirik, bukaerari buruz bi bertsu eman diozka Jose Mari Mitxelenak, Euskadiko pilota federakuntzaren lehendakariak, aurreskua dantzatua izan zaio eta bukatzean entzun da Jose Mendiague zenaren kantua: “Kantuz sortu naiz eta”... Eneko, kantuz egizu bide zeruetan barna. Ez adiorik.

Heraitzetik berri

Ongi joan dira Santa Katalinako ospakizunak joan den asteburuan. Ortzirale arratseko kantaldi musikaldiak kapera osoki bete du eta erran daiteke publikoa ez dela enoatu. Goresmenak artisteri. Igandeko mezarentzat ere, Beranger apezak emanik, betea zen eta mintzaldi ederra entzun da harenganik. Meza ondoan, tokian berean egin da kaperako arduradunen biltzar nagusia. Serge Pothier lehendakariak eman du txosten moralaren eta jardueren berri, Jean François Ruiz diruzainak eman duela konduen berri, kondu orekatuak etekin ttipi batekin. Txostenak oro aho batez onartuak izan dira. Jakin behar da elkarte horrentzat urtea beti doala Santa Katalina batetik bestera. Bulegoan gelditzen dira lehendakari eta diruzain izendatu berak eta idazkari Anne Heuberger anderea. Giro hoberenean bukatu dira ospakizunak mutxikoak dantzatuz Auzo Baitako ezkerparetan.

Uzta Hitzan

Uzta Hitzan festibala ere ongi iragaiten ari da. Igandeko “Etxetaburu” ikusgarriak arrakasta handia bildu du. Jada aipatu jarduerek segituko dute astean zehar. Hitz hauek irakurtzean gelditzen dira: ortzegun huntan (11:00), Bertsuztaritze (tenorez aldatua) eskola elebidunetako haurren bertso erakustaldia; (19:00) ''Plazara'' euskararen aurkikuntza gurasoentzat; ortziralean (19:00) ''Uztaritzeko Amerikanuak'' mintzaldia Marie Christine Amestoyk segurtaturik. Horiek oro Lapurdi gelan. Bukatzeko larunbat goizean (11:00) mutxiko dantzaldia merkatuan, Lota parkean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3811. zbk

Gure Hitza | 2025/11/27

Koloreak dantzan

Peio Jorajuria

Urri arrosa, Aste urdina, Gau beltza... Bestak eta animazioak gero eta koloretsuagoak bilakatzen ari zaizkigu, urriko hiru horiek lekuko. Urri arrosa, bularretako minbiziaren kontrako borrokaren ikur. Aste urdina, hirugarren adinekoentzat nagusiki antolatua, jarduera desberdinak proposaturik. Gau beltza, edo Arimen gaua, Omiasaindu bezperan ospatzen dena, aspaldiko ohitura Euskal Herrian, ahantzia zena eta berpizten ari dena, amerikar Halloween komertziala ordaindu nahiz. Kolore airosak gehienetan. Gau beltzaren kasuan ere argia hor dugu, kalabazan kandela pizturik. Koloreen erabiltze horrek argiki erakusten du bizi dorpe hau alaitasunez margotu nahi dugula, askotan zaurituak ditugun gogo-bihotzak goxatzeko.

Bertze kolore batzuk dira ere alegeraki dantzan ari izan Euskal Herrian azaro erditan, palestinar koloreak. Palestinarren eta euskaldunen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016