Gogoa hazi | 2025eko Azaroaren 27a
Haurrak aktiboki gerizatu
Peio Ospital
Hirugarren aldikoz jarraian segitzen dugu Joanna Smith psikologoak 2024an argitaratu liburuaren irakurketarekin ("Protéger son enfant des violences sexuelles" (Ed. Dunod).Hona hemen haurrak gerizatzeko emaiten dituen aholku praktikoak.
1/ Izendatu-mugatu. Gurasoen jarrera gerizatzaile aktiboaren bidez, haurrarengana hurbiltzen diren pertsonek haurra gerizatua dela senditu behar dute. Jarrera gerizatzaile aktiboa da argi eta garbi adieraztea zer ez den egokia haurraren ondoan dagoen pertsona baten jokaeran edo hausnarketan, nahiz eta lagun edo familiako bat izan. Muga zein den zehazterakoan datza. Besterik gabe. Kontua ez da argumentazio bukagabe batean sartzea, dramatizatzea edo istorio oso baten egitea.
2/ Bere arauak eta mugak jakinarazi haurraren ondoan daudenei, bereziki bere gorputzari eta intimitateari dagokienez. Horrek erran nahi du, praktikoki, familian ere esku hartu behar dela, txiste larriak edo, adibidez, bularren gaineko komentarioak gaitzesteko, eta abar...
3/ Sexu bortizkeriez mintzatzea, horiek dakarten arriskuaz ohartaraztea. Kontua da, bistan da, delikatasun eta egokitasun handiz jokatzea, baina argi utziz hobenduna beti dela jaukitzailea, eta ez biktima.
4/ Bere gogoetak beste heldu batzuekin partekatzea, jakinez, bistan da, gai eta egoera anitz delikatuak izan daitezkeela. Baina bere gogoetak, zailtasunak eta galderak beste heldu batzuekin partekatzeak, eta bereziki beste guraso batzuekin, gure gizartea gaiaz sentsibilizatzen eta bultzatzen laguntzen du. Izan ere, haurren geriza ez da soilik familien egitekoa, gizarte osoari dagokio haurrak gerizatzea, mundu guziari ongi informatuta eta erne egoitea.
5/ Haurra errezibitzen duten erakundeak sentsibilizatzea. Bihozbera eta konstruktiboa izanik ere, haiekin zorrotza izaitea komeni da, adibidez, beren langileak nola kontratatzen eta formatzen dituzten galdetuz, lekuak egokituz haur bat ikusia izan gabe isolatua izan litekeen guneak saihesteko, etab...
6/ Engaiatu, militatu. Koadroak bere haur propioaren geriza gainditzen du. Kontua da niholako sexu-indarkeriarik ez onartzea, biktima guziei elkartasuna adieraztea, berak entzutea, sinestea, gerizatzea eta, gisa hortan, jaukitzaileen gehiengoaren ukazio eta inpunitatearen kontra borrokatzea. Interesgarria da, halaber, zenbakien errealitatea komunikatuz sentsibilizatzea. Bestalde, borroka hortan engaiatu diren elkarte anitzek laguntza behar dute denbora edo diru laguntza gisa.
7/ Nagusitasun harremanen kontra borrokatu. Gaur egun argi dago ez daitekeela haurren kontrako sexu-indarkeria saihestu gure gizartean nagusitasun-harremanak molde zabalago batean murriztu gabe. Horrek erran nahi du jazarpenaren kontra borrokatzea, familietan, lanean, eskolan, aisialdian, elizan, politikan... indarrezko harremanen kontra borrokatzea, arlo guzietan onarpenaren kultura bultzatzeko, hezkuntzarenetik hasita.
Azkenik, gogoratu behar da legezko betebeharra dela heldugabeei eginiko sexu-bortizkerien berri agintariei ematea.










