Han eta Hemen | 2025eko Azaroaren 27a
Tokiko ekonomia aldatzeko ekimenak
Bere proiektu-deialdien bidez, Euskal Elkargoak asmatzen, konpontzen eta berrikuntzak tokikotzen dituen belaunaldi berria argitan jartzen du. Helburua da ekonomia iraunkorra lurraldeko elkartasunarekin uztartzea, 2024-2030 garapen ekonomikoaren planaren ildotik.
Azaro hastapenean, enpresaburu eta elkarte buruek beren berrikuntzak aurkeztu zituzten. Euskal Elkargoak hamabi ekimen saritu zituen, erakutsi ausardia eta trantsizio ekologikoaren aldeko engaiamendua txalotzeko.
Birziklaturiko plastikotik abiatuz, Jatsun Egan Aquitainek landare almadiak sortzen ditu, 3 dimentsiotan inprimatuak. Horri esker, babesturiko bioaniztasun gune ttipiak balioan ezarri nahi ditu.
Baionatik, AG Cartok simulazio-tresna garatzen ari da, erakusketetako langileak posible diren hondamendien kudeaketara prestatuko dituena.
Bidarten, Satlantis Francek uren kalitatea aztertzen du satelite bidezko polarimetriari esker.Horrez gain, Optera enpresak elkargo, enpresa edota laborantza arloko zereal kooperatibentzat beren energia kontsumoa hobeki kudeatzeko sistema garatu du.
Angelun, Resakek osasun arloko langileen jantziak birziklatzeko saila asmatu du.
Itsasun, Atariak jendartearen ardura balioan ezartzen du lanbide heziketan.
Hazparnen, CDFI 3D industriako plastiko hondakinak erabil ditzakeen inprimagailua diseinatzen ari da, Iparla proiektuarekin loturik.
Urdiñarben, Etxe Berri enpresak gisu-kalamu isolamendu ekonomiko eta ekologiko baterako soluzioa garatzen ari da.
Azkenik, Angelun, Les Retournées elkarteak janari-ontzixkak berrerabiltzeko garbitzeko sistema automatizatua garatzen ari da, 5.000 eta 6.000 ontzixka inguru garbitu eta kontrolatuko lituzkeenak berrerabili aitzinetik.
Ekonomia sozial eta solidarioaren arloan hiru eragile sustatu dira, bakoitza ekoizpenerako hirugarren leku proiektu baten inguruan. Itsasun, AIBAk berrerabiltegi eta konponketa lantegi soziala sortu du, gizarteratzeko bidean diren pertsonentzat idekia. Baionan, Konpon Txokok bere elkartasuneko xitxuketa gunea indartzen du, berrerabileraren ahalmenak eta jestuak transmitituz. Txirrind’ola berriz, bizikleta piezak eraiki nahi ditu Ipar Euskal Herrian, birziklaturiko plastikotik abiatuz.












