Herriz Herri - Hazparne (L) | 2025eko Azaroaren 27a
Hazkurri bankua - Armand David lizeoa ezagutu - Ez ahantz! - “Soulèvements” - Otxalde
Hazkurri bankua
Urte guziz bezala aurten ere Hazkurri Bankuak bere janari bilketa eginen du azaroaren 28an, supermerkatuen ateetan. Denek dakigu bakotxaren emaitza zoin baliosa zaion beharrean direnak laguntzen dituen egitura horri. Irauten duen janari oro onartua da. Elkarte hortako partaideak ate aitzinean izanen dira emanaren biltzeko.
Armand David lizeoa ezagutu
Ondoko urtean eginen denaren hautatzeko, diren proposamenak ezagutu behar baitira, huna Armand David lizeoak bere ateak idekitzen dituela azaroaren 29an (9:00-13:00).
Saila teknologikoan: 2. orokor elebiduna bada natura eta ekologia opzioarekin, STAV baxoa antolaketa eta ingurumena sailekin.
Baxo profesionala, aprendizgoan ikasteko aukerarekin: paisaia antolaketa, lorezaintza, laborantxako tresneria eta tramankailu gidatzea. Hau ere elebidun moldean proposatua da.
Bestalde paisaia antolaketaren BTSa/CACES.
Ez ahantz!
Bidekoekin, emigranteak laguntzen dituen elkarteak “Eguneko arrantza” liburuaren irakurketa musikatu eta kantatua antolatzen duela ostegun arratsean, azaroaren 20an (20:30), Haritz Barne gelan.
“Soulèvements” abenduaren 1ean Haritz Barnen
Horreladeitzen da Thomas Lacoste film egileak egin duen filma berezia. Alabainan film hortan hamasei lekukotasun entzuten dira eramaiten dituzten borroken aipatzen, izan lurren eta uraren bahiketa, industriaren sarraskiak... Soulèvements de la Terre deitu egituraren bihotzean sartzeko parada, hunek eramaiten dituen bizi esperientzia berriak ezagutuz.
Film egilea bera hor izanen da dokumentala ikusi eta jendeekin solastatzeko.
Otxalde
Joan den astean aipatu bezala, Otxaldek kontzertua emanen du bere 50 urteen karira. Hitzordua azaroaren 29an emana da (20:30), Mendeala kiroldegian. Gomita andana bat entzun eta ikusteko parada izanen da. Kontzertua aitzin (18:30), talo eta ostatua Beskoitzeko ikastolaren alde. Jakinarazia izan da sarrera guziak agortuak direla.











