Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2025eko Azaroaren 27a

"Itzulera" antzerkia - "Haize beltza" nobelaren aurkezpena - Eguberriko merkatua - “Maska'roa” ikuskizuna - Haurtzain euskaldunen beharra eztabaidan - "Jone Batzuetan" filma - Euskarak Txik Txak sarea erabiliko du eszena-toki gisa

Itzulera%20antzerkia%20-%20Haize%20beltza%20nobelaren%20aurkezpena%20-%20Eguberriko%20merkatua%20-%20Maskaroa%20ikuskizuna%20-%20Haurtzain%20euskaldunen%20beharra%20eztabaidan%20-%20%20Jone%20Batzuetan%20filma%20-%20Euskarak%20Txik%20Txak%20sarea%20erabiliko%20du%20eszena-toki%20gisa

"Itzulera" antzerkia Donapaleun

Euskararen urtaroa kari, Kitzikazank eta Zabalik elkarteek gomita zabaldu diote Dejabu konpainiari, "Itzulera" bere antzerkia emaiteko. Iparraldean, emanaldi bakarra Donapaleuko zineman eginen dute azaroaren 28an, ostiralez (20:30).

Komedia huntan, hiru kidek, Ainarak, Urkok eta Mirenek, Mexikora egiten duten bidaia kontatzen daukute. Beren eguneroko gorabeherak jarraikiko ditugu umorez.

Huna zer dion deia ikusi duen batek: "Antzerki hau Cancuneko hondartza xurian edanen duzun cocktail paregabea da. Koloretsua bezain tronpakorra. Bainan lasai, ez dizu nehondik ere buruko minik emanen, arin eta alai sartuko zira etxera pentsatuz: zoin epela den azaroko haizea Mexiko aldean!"

Beraz jin lasai, memento goxoa pasatzera! Sartzea lekuan berean, 15€/eusko.

"Haize beltza" nobelaren aurkezpena Amaiur Epherrekin

Beti euskararen urtaroa kari, Zabalikek hitzaldia antolatzen du Donapaleuko mediatekan, azaroaren 29an, ibiakoitzez (10:00). Aldi huntan, Amaiur Epherre gomitatua da "Haize beltza" bere nobelaren aurkezpena egitera.

Ez duda autorearekin solastatzera jitea, irakurri ala ez, orentto horrek berak imajinazionea bazkatzeko balio paregabea baitu.

Eguberriko merkatua

Aitzineko urtetan bezala, elkarretaratze hori Amikuzeko ikastolak antolatzen du ibiakoitz huntan, azaroaren 29an Airetik gelan. Lekuko ekoizle, sortzaile eta artisauek parte hartuko dute. Beren mozkinak proposatuko dituzte (10:00-18:00). Besteak beste Korrika edo Herri Urratseko arropak aurkituko dira, bai eta Integrazio Batzordearen izaien manatzeko moldea.

Jateko eta edateko izanen da eta animazio desberdinak proposatuak izanen dira egun guzian. Amesten den guzia eta oraino amesten ez dena ere, hor aurkituko da...

“Maska'roa” ikuskizuna

Dantza ikusgarri hau Berritza konpainiaren eskutik da. 2024an bi emanaldi egin ondoren, “Maxka'roa” ikusgarria Amikuzera itzultzen da, bi emanaldi berriren egitera azaroaren 29an ibiakoitzez (20:30) eta 30ean igandez (17:00). Bere fabrika-markak berdinak dira: oinarri batetik abiatzen da, Zuberoako dantzatik, beste arte eremu batzuetara joateko. Sorkuntza honendako, “Maxka'roa” Berritzako profesionalez inguratu da Eneko Gil koreografoaren inguruan.

Sartzea 20€ (urririk 12 urtez azpikoentzat).

Haurtzain euskaldunen beharra eztabaidan

Haurtzain euskaldun bakarra da gaur Amikuzen, eta erretretara badoa! Aitamek euskaraz hazi nahi badute beren haurra, jakina da ez dela bakarrik eskolaren afera izaiten ahal. Eta sortu ondoko lehen urteetan ikasia, sekulako abantaila ukanen duelamununuak ondoko urteetan xutik abiatzeko euskararen oihanean barna...

Gai hortaz hitzegiteko, bilkura publikoa antolatua da Touzaa etxean abenduaren 2an, asteartez (19:00). Joan eta aipa inguruan, pario berri hau eginahala fite obratzeko!

"Jone Batzuetan" filma

Sara Fantoyak egin filma, euskararen urtaroa kari proiektatua izanen da, Donapaleuko zine gelan, abenduaren 2an (20:30). Jone (20 urte) aitarekin eta Marta ahizpa ttipiarekin bizi da. Aitak lana utzi behar izan du bere parkinsonaren ondorioengatik. Aldi berean, Bilboko Besta nagusiak hasten dira, eta Jone lehen aldiz maiteminduko da orduan. Uda horretan, Olgarekin –maite duen neskarekin– bizi duen hilezintasun sentsazioaren eta aitaren gaixotasunaren ondorioz, bakarrik gelditzeko beldurra haziko zaio. Proiekzioa, Sara Fantoya filmegilearen presentziarekin eginen da.

Euskarak Txik Txak sarea erabiliko du eszena-toki gisa

Euskararen urtaroaren karietara, ikusgarri berezia bidean iraganen da.

Sei artista autobusetan ariko dira, leku horiek eszena bilakaraziz. Musika, dantza eta antzerkiaren artean, sorkuntza horrek hizkuntza bizkor bati ohore eginen dio mugimenduan ezarriz.

Hitzordua azaroaren 28an (11:30) Donapaleuko eliza ondoan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3811. zbk

Gure Hitza | 2025/11/27

Koloreak dantzan

Peio Jorajuria

Urri arrosa, Aste urdina, Gau beltza... Bestak eta animazioak gero eta koloretsuagoak bilakatzen ari zaizkigu, urriko hiru horiek lekuko. Urri arrosa, bularretako minbiziaren kontrako borrokaren ikur. Aste urdina, hirugarren adinekoentzat nagusiki antolatua, jarduera desberdinak proposaturik. Gau beltza, edo Arimen gaua, Omiasaindu bezperan ospatzen dena, aspaldiko ohitura Euskal Herrian, ahantzia zena eta berpizten ari dena, amerikar Halloween komertziala ordaindu nahiz. Kolore airosak gehienetan. Gau beltzaren kasuan ere argia hor dugu, kalabazan kandela pizturik. Koloreen erabiltze horrek argiki erakusten du bizi dorpe hau alaitasunez margotu nahi dugula, askotan zaurituak ditugun gogo-bihotzak goxatzeko.

Bertze kolore batzuk dira ere alegeraki dantzan ari izan Euskal Herrian azaro erditan, palestinar koloreak. Palestinarren eta euskaldunen...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE | tel: 05 59 25 62 85 | herria@wanadoo.fr

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016