Orotarik | 2025eko Azaroaren 27a
Kukumarro
Xarles Videgain
Bardozeko mintzatzeko manera (2/2)
(Joan den astekoaren segida)
Bardozen baizik ez dut entzun hegazti baten izena: mülüxuria. Diotenaren arabera, mülüxuri horren mugimenduetatik asma daiteke zer aro beharra izanen den, ekaitz ala denbora ona. Baina mülü honetan “mirua” ikusi behar da (latinetik milvus). Beste nehun ere ez da horrela deitzen eta Zuberoan latinezko “milvus” horren “m” soinua kendu dute eta ülhaintsa edo ilhaintxa hitza derabilate.
Bardozek hitzak badauzka Zuberoan erabiltzen direnak: eman dezagun artoaren gaineko partea ez dela ez “kapeta” ez “kukula”: “thinia” deitzen dute Zuberoan bezala. Basakortea “lobioa” Amikuzen bezala, zalia gizkeia, eta basoa erran gabe, goalet batean edaten da. Gerezia frutaren ordez “xija” deitzen da.
Azkenik, Bardozek duen izen guziz berezia aipatuko dut. Euskal Herri osoan “eguzkia” deitzen da egunargiz argitzen duen hura edota “ekhia” Zuberoan eta Oztibarren. Bardozek ez ekhi ez eguzki, ez iguzki ez iruzki: Bardozek ekherri. Ekherri hortan agian ekhi eta ekhiaren herria, hots ekhiari buruz den lekua izan daiteke. Ez dakit.
Zernahi gisaz Bardozeko euskara aberatsagoa da nahiz bardoztar anitz trufatzen diren Bardozeko mintzatzeko maneraz. Lehen “hibrido” hitza nahitara eman dut ez baitut mando ez jenetre erran nahi. Jenetrea da erdaraz “bardot” deitzen dena eta bardoztarrek berek diote bardot horrek esplikatzen duela Bardoze izena. Ez naiz ados eta Bardozek ez du deus egitekorik bardot batekin, jenetre batekin ez eta mando batekin. Aitzitik zinez Bardozeko euskarak hartze du ikertua izatea. Euskararen eremuan duen tokiak gure interesa merezi du zeren Lapurdin izanik eta Aturriko hegitik ez urrun, nolazpait Amikuzeko eta Zuberoako adar bezalako eremua dela ikusten baita. Orenak enregistratu ditut Bardozeko euskaraz (eta gaskoinez). Denbora frango eman nuen Bardozeko euskara ematen zuten jendea atzemaiteko. Guziz elkarrizketa aberatsa eskaini zidaten bardoztarrek. Agian badaude oraino Bardozeko moldean mintzo direnak. Ala beste behin aipatu dudan “extinction study” (iraungitze, hiltze) sailean sartu behar ote da Bardozeko altxorra?












