Gure Hitza | 2025eko Azaroaren 27a
Koloreak dantzan
Peio Jorajuria
Urri arrosa, Aste urdina, Gau beltza... Bestak eta animazioak gero eta koloretsuagoak bilakatzen ari zaizkigu, urriko hiru horiek lekuko. Urri arrosa, bularretako minbiziaren kontrako borrokaren ikur. Aste urdina, hirugarren adinekoentzat nagusiki antolatua, jarduera desberdinak proposaturik. Gau beltza, edo Arimen gaua, Omiasaindu bezperan ospatzen dena, aspaldiko ohitura Euskal Herrian, ahantzia zena eta berpizten ari dena, amerikar Halloween komertziala ordaindu nahiz. Kolore airosak gehienetan. Gau beltzaren kasuan ere argia hor dugu, kalabazan kandela pizturik. Koloreen erabiltze horrek argiki erakusten du bizi dorpe hau alaitasunez margotu nahi dugula, askotan zaurituak ditugun gogo-bihotzak goxatzeko.
Bertze kolore batzuk dira ere alegeraki dantzan ari izan Euskal Herrian azaro erditan, palestinar koloreak. Palestinarren eta euskaldunen arteko elkartasun egun horretan, Bilboko karrikak eta San Mames futbol zelaia osoki apaindu dira euskal ikurrinaz eta palestinar banderaz. Bandera honen gorria (erresistentzia), beltza (errepresioa), xuria (bakea) eta berdea (esperantza) euskaldunen bihotzean sartu dira. Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partida aitzakia ederra izan da bi populuen arteko elkartasun suharra mundu guziaren aitzinean oihukatzeko. Alabaina, koloreek ere oihu egiten dute. Egun berean, Makean ere obratu da bi populu horien arteko adiskidantza, Iparraldea Palestinarekin elkarteak bultzaturik. Egun oroigarria azaroaren 15 hori.
Gau beltza aipatu dut gorago. Bada bertze gau beltz bat azken egun hauetan azkarki aipatu dena, Francisco Franco diktadoreak Hego Euskal Herriari bereziki inposatu zuen 40 urteko gau beltz luzea, erailketez, torturez eta presondegiz zedarritua. Azaroaren 20an 50 urte egin du xuxen Franco zendu zela. Gazteak ginen orduan eta hiltze hori alegeraki ospatu genuen, ez xanpainarekin, sakelak ez baikenituen diruz hantuak, baina edari arruntagoz, aski zitzaigunak gure barneko poza adierazteko. Franco zendu zen baina ez haatik frankismoa. Gaur oraino dirau, indar gutiagorekin segur, baina aztaparrak beti xorrotx. Holako gau beltz luze baten ondotik, mende erdia pasaturik ere, libertatearen koloreak nekez dira lasaitasunean hegaldatzen, bertzerik ez dutelarik galdegiten alta.
Azaroaren 21az geroztik, Euskararen urtaroan gira bete betean, abenduaren 3raino. Zenbat indar, zenbat izerdi gure mintzaira bizirik atxikitzeko! Baina urtez urte koloreak histen ari zaizkio. Gu bakoitzari dagokio euskararen alde jokatzea, gure arbasoetatik ukan altxorrari kolore bizi eta iraunkorrak emateko.










