Ba ote dakixu? | 2025eko Azaroaren 27a
Robert Badinter (3/3)
Gilen Bacho
1977an, bost urteren buruan, Troyes-ko ber auzigelan, non Roger Bontems defendatu zuen, Robert Badinterrek defentsa mintzaldi historikoa eman zuen. Ofizialki Patrick Henry akusatuaren alde, egiazki heriotza-gaztiguaren kontra. Heriotza-gaztiguaren ezeztapena eskatzen delarik, denentzat eskatzen da, haur baten hiltzaile batentzat ere.
“Bitan mozten baduzue, honek ez du nehor gibelaraziko”
Oren bat eta erdiz, jujariak haien arduraren aurrean ezarri zituen: “Abokatu orokor jaunak hiltzeko gaztigua eskatzen duelarik, zueri du, gero, erabakitzeko hitza utziko. Zuek bakarrik duzue akusatuarentzat bizia ala heriotza erabakitzeko dretxoa. Bakarrik zirezte eta ez da presidentearen barkamenik izango”. Barkamena ez zuen lortu norbait hil ez zuen akusatu batentzat (Bontems), orduan bazekien ez zuela lortuko hiltzaile batentzat. Jujariak gillotinaren aurrera eraman zituen, Santé presondegi korrale hotz-hotzaren erdira, bera bezala bost urte lehenago. Abokatu orokorraren argumentuak, hiltzeko gaztiguaren alde, suntsitu zituen: “Abokatu orokorrak, bere aitzinekoak erran zuena duela bi mende torturari buruz, ber gauza erran du. Ez da egia. Bada mende anitz hori erraiten dela, belaunaldiz belaunaldi errepikatzen dugula eta ez da egia. Ranucci gillotinatu dugu eta beste odol krimen bat haur batiburuz izan da... Eta leku bat baldin bada non hiltze gaztiguaren etsenpluzko karaktereari ezin dugun sinetsi, leku hori hemen da! Patrick Henry non bizi zen Buffet eta Bontems heriotzara kondenatuak izan zirelarik? (...) Hil bedi, hil bedi, politikoki ordaintzen du. Baina, nik erraiten dizuet: bitan mozten baduzue, honek ez du nehor gibelaraziko”. Hitz hauekin bukatu zuen: “Bozkatuko duzue orain. Zuek eta zuek bakarrik, eta zuen boza betirako begiratuko duzue. Eta, gero, beste krimen lazgarri bat izango da. Eta berriz horri pentsatuko duzue. Eta, gero, ezeztapena izango da. Zuen haurrei gizon bat heriotzara kondenatu duzuela errango duzue, baita ere haur baten hiltzaile bat, eta haien begirada ikusiko duzue.” Zer hitzak, eta zer ardura herritar horientzat! Azkenean, boz batez, hiltze gaztigua baztertua izan zen. Badinterrek akusatuaren burua salbatu zuen.
“Ohorea badut, Errepublikako gobernuaren izenean...”
François Mitterrand-en garaipenak zuen “ezeztapenaren” bidea idekiko. 1981eko ekainean, Badinter justizia ministro izendatua izan zen. 1981eko irailaren 17an, justizia ministroak hitz historiko hauek ukan zituen, diputatuen biltzarraren aitzinean: “Ohorea badut, Errepublikako gobernuaren izenean, hiltze gaztiguaren ezeztapena diputatu biltzarrari eskatzea”. 1981eko urriaren 10ean, legea aldizkari ofizialean agertu zen, lehen artikulu honekin: “Hiltze gaztigua ezeztatua da”. Ministro gisa, 1986a arte, Badinterrek beste erreforma garrantzitsu zenbait eraman zituen (homosexualitatearen despenalizatzea, Estatuaren segurtasun auzitegiaren ezeztapena...) eta, geroago, beste funtzio inportantak ukan zituen (sustut Konstituzio Kontseiluaren presidente gisa 1986tik 1995era) eta beste borrokak eraman baina halere, bere heriotza arte (2024ko otsailean) eta betirako, bere izena heriotza-gaztiguaren ezeztapenari lotua egonen da, bere biziko borroka izan baitzen.










