Azalekoa | 2026ko Apirilaren 30a
I-ENER kooperatibara
A.E.
I-ENER Ipar Euskal Herriko elektrizitate ekoizlea da. Donibane Garazin kokatua, herritarren energia ekoizpena bultzatzea du xedetzat, energia berriztagarriak garatuz. Orain arte enpresa baldin bazen, martxoan kooperatiba bilakatzearen erabakia hartu da. Horren inguruan solastatzeko, Iban Lacoste eta Bixente Mateo langileekin mintzatu gira.
Enpresatik kooperatibara
Hastapenean hamar bat herritarrek bultzaturik, 12 urte iragan dira I-ENER sortu denetik. Proiektuak hasieran SAS gisa funtzionatu zuen, langilerik gabe. Helburua ekoizpen proiektuak garatzen hastea izan zen, horretarako lehen urratsak fotovoltaikoan eman ziren. 2016tik goiti, lehen proiektuak gauzatzen hasi ziren, ber momentuan lehen langilea enplegatu zela. Pixkanaka pixkanaka teilatuen proiektuak garatzen joan ziren, hastapenean gehien bat kolektibitateekin gauzatu zirenak.
I-ENER ez zen kooperatiba gisa abiatu, baina oinarriak bazituen: bazkide bat, bozka bat, ekarpena edozein izanik ere.
Kooperatibaren gaia usutan berriz heldu zen, sustut Enargia hornitzaile kooperatibarekin proiektu amankomuna bazutelarik: nahiz bi egitura bereiziak izan, nola lotu eta elkarrekin koherentzian jarri gogoetatzen hasi ziren. Testuinguru hortan, I-ENER ere kooperatiba bilakatzea izan zen aterabidea, aurtengo martxoan gauzatu dena.
Gaur egun 36 zentrala dituzte bidean, 20-25 Herriko Etxetan parte harturik, kasik 2 mega-watteko potentzialarentzat. Horrek, 800 bat etxeren kontsumoa errepresentatzen du urtean.
Teilatuetako proiektuez gain, eramanak diren lurreko fotovoltaiko proiektuak gune kutsatuetan egiten dira, nun ezin den laborantxarik egin edota eraiki. Zolako proiektuak Bil Ta Garbirekin garatzen dituzte. Horren adibide da Senpereko Zaluagako lehengo hondarkintegia: lurperatze gunean plantaturik, eraikitzekoa den eguzki zentralak 1.000 euskal etxek kontsumitzen duten elektrika ekoiztuko du.
Energiaren zirkuitua
Energian hiru arlo nagusi bereizten dira: ekoizpena, sarea eta hornitzailea. Hornitzaileak ekoizleei edo merkatuari energia erosten die, eta ondoren kontsumitzaile ttipiei berriz saltzen. Enargia kooperatibak ere hori egiten du: energia berriztagarria erosten die ekoizle batzuei, eta Ipar Euskal Herriko kontsumitzaileei saltzen.
Errexa ez bada ere, helburua tokian ekoiztua den energia tokian berean kontsumitzea da: I-ENER-ek ekoizten du, Enargiari saltzen, eta Enargiak tokiko kontsumitzaileei banatzen die.
Gaur egun, I-ENER eta Enargiak energiaren zirkuitu laburra osatu nahi dute Ipar Euskal Herrian eta Zaluagako proiektua hunen lehen gauzatzea izanen da: ekoiztuko den energia guzia xuxenean Enargiari saldua izanen zaio. Egun bi kooperatiba desberdin osatzen badute, azken finean proiektu amankomuna eramaten dute aitzinera.
Herritarrekin eta herritarrentzat
Hastapenetik, proiektuaren helburu nagusietariko bat herritarrak estrukturan sarraraztea izan zen, arlo huntan eskua ukan dezaten. Herritarrak erdigunean emanez, xedea lurraldearekiko edota ideiekiko zentzua duten proiektuak garatzea da.
Gaur egun 700 bat herritar bazkide zenbatzen dira I-ENER-en eta Enargian 1.100 bat. Enargiak 4.000 bezero baino gehiago ditu Ipar Euskal Herrian.
Zaluagako proiektuak ere herritarren inplikazioa du oinarri: tokiko trantsizio energetiko kolektibo eta elkarkidearen sinbolo gisa, diru biltze kanpaina abiatu da (biztanle, kolektibitate edota enpresei zuzendua), eta milioi bat euroko herritar finantzamendua da helburua. Zama horrek, beste teilatuetako zentralen eta egur berogailu baten plantan ezartzea ere ahalbidetuko du lurraldean.
Bertzalde, herritarren sentsibilizazio eta pedagogia lana ere funtsezkotzat dute, sustut fotovoltaikoaren arloan jukutria eta nahasmen anitz badelako. Horretarako, energiaren kontsumoa apaltzeko aholku praktikoak partekatzen dituzte, eta bilkura publikoak antolatzen. Horrez gain, Alternatiba, Lurrama edo Eusko Eguna bezalako ekitaldietan parte hartzen dute, eta behar denean, ikastetxeetara ere joaten dira energiaren munduaz mintzatzera.
Kooperatiba berriak i-ener.eus webgunea badu. Harremanetan sar daitekeinfo@i-ener.eus helbidearen bitartez.











