Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Apirilaren 30a
Helduen ateraldia Gers eskualdean - Eskola publikoaren oinezko ibilaldia - Ate idekitzeak eskola giristinoan
Helduen ateraldia Gers eskualdean
Azken urteetako usaiari jarraikiz, Goiti Aire hirugarren adinekoen elkarteak bidaiak antolatzen ditu autobusez, herri auzoetako elkarteekin juntatuz. Ateraldi hauen funts nagusiena da jendeak etxetik jalgitzea, memento goxoak elkarrekin iraganez eta toki bereziak aldi guziz autobusez bisitatuz.
Joan den ortzegunean 30 bat bastidar eta beste hainbeste aihertar, lekuindar eta donoztiritar Gers eskualdean izan ziren, hala nola Eauze herri ondoan kokatua den Gondrin herrian. Hor “Croustade” deitu bixkotxa egiten duen artisau tailerra bisitaturik (artisau moldean egiten duen bakarra da), erakustaldi saioaz segiturik eta bixkotx famatua dastaturik, horra bazkari onaren tenorea. Arratsaldean Eauzeko Juglaron domeinua (55 hektarea, 4 mahastizain) bisitatu zuten, hemen Armagnac edaria ekoizten dute, kalitate handikoa, bai eta aperitifan hartzen den Gaskoiniako floc edari goxoa.
Egun goxo eta interesgarria iraganik, denak kontent itzuli ziren etxera, doi bat kezkatuak halere ikusirik “Croustade” deitu bixkotx egilearen enpresak, eta Armagnac ekoizten duten 4 mahastizainek ez dutela segidarik.
Berriz elkartzeko parada ukanen dute hemendik laster, Getaria aldera, bai eta Banka eskualdera programatuak baitituzte ondoko ateraldiak.
Eskola publikoaren oinezko ibilaldia
Aiherra eta Izturitzeko eskola elebiduneko burasoek (APE BIGA BAT elkartea) oinezko ibilaldia antolatuko dute, maiatzaren lehenean, ortziralean, Aiherran. Abiatzea herriko plaza nagusitik eginen da (8:00-9:30) eta hiru ibilbide mota proposatzen dituzte, bakoitzak nahi duena hautatzeko aukera ukanez: 6km, 9km edo 14km-ko ibilbidea. Izena tokian berean emanen da (7:30), parte hartzea pertsonaka 8€ izanez (urririk 10 urtez petik). Jateko eta edateko eskainia izanen zaiote ibilkariei ibilbideetan zehar. Euro bat emanen diote parte hartzaile bakoitz, “Tous avec Agosti” elkarteari, Baionan ospitaleratuak diren haurren familietakoen alde. Bururatzean edari eta janari jastatzen ahalko da tokian berean, haatik baso berri baten ekartzea galdetua da. Ongi etorri deneri!
Ate idekitzeak eskola giristinoan
Aiherrako eskola giristinoak berriz ateak idekiko ditu, maiatzaren 5ean, asteartean (17:00-20:00). Deia ate idekitzea egin baitzen duela zonbeit hilabete, hitzordu hau zuzendua da orduan hurbildu ahal ez ziren buraso gaieri. Xehetasun gehiagorentzat: 05-59-29-49-12.











