Ba ote dakixu? | 2026ko Apirilaren 30a

Lionel Jospin (4/4)

Gilen Bacho

1997ko apirilaren 21ean, Jacques Chirac-ek, denak harriturik utziz, diputatu biltzarra desegin zuen. Bere alderdiaren (RPR) pisua goratu nahi zuen baina ez zen batere horrela iragan. Alderantziz, ekainaren 1ean, ezkerrak zuen irabazi eta biharamunean berean Jospin lehen ministro izendatua izan zen.

“Ezker plurala”

Ekainaren 19an, bere politika orokorraren hitzaldian, “paktu errepublikano berri bat” proposatu zuen eta bere “politika ekonomikoa pausa, bihurgune eta ukapenik gabe izango” zela hitzeman zuen. Bere gehiengo zabalak libertate handia eman zion eta, dudarik gabe, V. Errepublikako lehen ministro indartsuena izan zen. Uztailaren 16an, ministroen kontseiluan, presidentearen aitzinean, hitz hauek ukan zituen: “Ez da politika frantsesaren gai bat ere zeinean Errepublikako presidenteak azken hitza ukan lezakeen”. Egia da, Konstituzioak, uste komuna baten kontra, ez duela presidenteari “eremu berezirik” ematen, ez ere armadari eta atzerriko arazoeri buruz. Bost urte zauzkan bere aitzinean ondoko presidente bozak aitzin, baina halere beti iraun zuen bere fama onak (bere zintzotasunari lotua ere), eta jokatzeko lekua utzi zion Jospini. Gobernuak “ezker pluralaren” alderdi guziak bildu zituen, komunistak (Buffet-rekin), ekologistak (Voynet-rekin), erradikalak edo herritarren mugimendukoak. Pluralismo horrek ez zuen bereizketarik sortu (bederen Chevènement-en dimisioa arte, 2000ko udan). Alderantziz, hiru urtez, ez zen kanbiamen bat ere izan gobernuan! “Dream team”-aren denbora zen, Aubry afera sozialetan, Strauss-Khan ekonomian, Guigou justizian, Chevènement barne ministerioan edo Vedrine atzerriko arazoetan.


“Ortzi karraska”

Bost urtez, Jospinek “bizia aldatu” zuen, erreforma handiak eramanez: lan denboraren beherapena, 35 orenekin (eta RTT egunekin), gazte enpleguak, CMU (“eritasun geriza orokorra”), APA (zaharren beregaintasunaren aldeko diru laguntza), hurbiltasuneko polizia, PACS, bikote homosexualeri ezagutza juridikoa eman zuena, edo parekotasun legea, egiazko iraultza emazteen lekua garatzeko politika mailan. Garapen ekonomiko handia izan zen eta Jospinek bilana zinez positiboa presentatu ahal izan zuen: “Bost urtez, bi milioi enplegu sortu ditugu eta langabezia 900.000 pertsona baino gehiagoz apaldu dugu”. Bilan horrekin, Jospin 2002ko presidente bozetako faboritoa bezala agertzen zen baina kanpaina ez zen ongi iragan eta ezkerraren bereizketa hilgarria izan zen. 2002ko apirilaren 21ean, lehen itzulian, ezkerrak bozen %16,18 bildu zuen eta Jospin bigarren itzulitik kanporatua izan zen, hirugarren izanez. Lehen aldikoz, eskuin muturraren hautagaia, Jean-Marie Le Pen, kalifikatu zen bigarren itzuliarentzat (%16,86), Chiracen kontra (%19,88). Gau hartan berean, Jospinek “ortzi karraska” aipatu zuen eta, denak harriarazirik, bizi politikoa utzi zuen: “Egoera hori posible egin duten eskuinaren demagogiatik eta ezkerraren dispertsiotik haratago, hutsegite horren ardura osoa nire gain hartzen dut eta ondorioak ateratzen ditut bizi politikotik erretiratuz.” Jospin ez zen sekula politika aktibora berriz itzuli eta bizitza atsegina eraman zuen, partikularki Ré islako bere etxean, ezkerraren figura morala bilakatuz eta eztabaida inportanteetan parte hartuz. Apirilaren 21eko gau hori oraino egiazko trauma gelditua da ezkertiar populuarentzat baina, ber maneraz, Jospinen gobernuko urteak esperantza handiko denbora bati betirako lotuak dira, zeinetan ezkerrak bizia aldatu zuen. Orduan, agur eta ohore, jauna.


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3832. zbk

Gure Hitza | 2026/04/30

Bide on buruzagi berriari!

2017an sortu Euskal Elkargoa da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako erakunde publiko garrantzitsua. Herrietako ordezkariek bozka bidez lehendakari berria hautatu baitute, harrigarriak dira kazetari frantximent batzuk presidente berriari egin dizkioten galdera maltzurrak. Hiriburuko auzapezaren orde, Angelukoa edo Biarritzekoa nagusitu balitzaio Baionakoari, ez zitaizken berdin jokatuko. Halere, Alain Iriartek lañoki eta argiki ihardetsi die, hedatu zizkioten zepoetan erori gabe. Nun da arazoa? Abertzalea izaitea? Euskaraz ere bertze hautetsi guzien aitzinean mintzatzea? Euskara lurralde hontako hizkuntza da, hura erabiltzea bide zuzenean ibiltzea. Ezagunak dira Alain Iriarten engaiamendu leialak, hainbertze urtez betetakoak. Halaber, nehork ezin du ukatu haren jendetasuna. Lehendakari hautatua izan orduko, goretsi du Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoa sortu aitzinetik gaurrera egin duen lanarentzat. Eskertu ditu bozkatzaileak eta bereziki Peio Etxeleku jeltzalea, honek...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016