Mundu zabalean | 2026ko Apirilaren 30a

Mugarik ez OGM berrientzat

J.B.

Mugarik%20ez%20OGM%20berrientzat

Apirilaren 21ean, NGT deitu OGM berriak kontrolik gabe onartzeko erabakia hartu du Europar Batasuneko Kontseiluak. Kontaminazio arriskua handitzen ari da eta OGMak landatu edo kontsumitu nahi ez dituztenek beharko dituzte kontrolak beren gain hartu. Maiatzaren 18an azken hitza ukanen du Europako Parlamentuak.

OGM berriak araugabetzea onartu du Europar Batasuneko Kontseiluak

Organismoen jitea bideratzen duen genomen eraldaketa teknikak azkarki garatu dira azken urte hauetan. OGM edo Genetikoki Eraldatu Organismoen inguruko arauen aldaketa bat proposatu zuen Europar Komisioak duela hiru urte. NGT deitu Genomen Teknika Berriak, OGMen legeetatik ateratzea zuen aipatzen. Proposamena onartu dute joan den astean, apirilaren 21ean, Europar Batasuneko Kontseilua osatzen duten 27 Estatu ordezkarietatik 18k, Frantzia barne.

Laborantzako deklarapenen sinplifikazioa bai eta ere lehiakortasuna eta aldaketa klimatikoari buru egiteko iraunkortasuna dira industrialariek eta laborarien sindikatu nagusiek aitzinatzen dituzten argumentuak.

Bi kategorietan sailkatuak dira OGM berriak. Genomen 20 aldaketa baino gutiago dituzten NGT1 sailekoak landare eta bihi “konbentzionalak” bezala ekarriak dira, araudiak saihestuz. OGMrik gabeko janaria erosten dutenez ez dute gehiago jakiten ahalko kontsumitzaileek, nahiz eta jende gehiengo handi batek (%92) ez duen OGMrik kontsumitu nahi.

Kontaminazio arriskua handituko da

NGTak landatuak izaiten ahalko dira eta ez da deus aipatzen horien hedapen naturala kontrolatzeko: izan haizea edo erleen bidez. Ondorioz genoma eraldatu haziak hedatuko dira inguruetan. INRAE agronomia ikerketa erakundeko aditua den Yves Bertheauk dio: “arto loreen hautsa kilometro batzuetara hedatzen ahal da eta koltzarena urrunago doa oraino”, harentzat “kontrolatu ezineko kontaminazioa onartzekotan da Europa”.

Darwin proiektua

OGMtik berexteko eta araudietatik ihes egiteko, eraldaketa guti ukan dutela NGTk eta ez direla hautemaiten ahal argudiatzen dute desarautzearen alde diren industrialari eta politikariek.

Alta Europa mailan garatua den Darwin proiektuak dio posible ditaikela OGM berriak neurtzea. NGTak detektatzeko metodoak hobetzeko helburuarekin, 2024an abiatu zen Darwin proiektua, Europa guziko ikerlari taldeak elgarretaratuz, horietan Frantziako Anses eta Cirad erakundeak.

Proiektu horren lana baitezpadakoa da genomako 20 aldaketa baino gutiago duten organismoak batere kontrolik gabe merkaturatze bezperan. Europar Batasuneko Kontseiluaren erabakitze egutegia finkatua izan da zientzialarien azken konklusioa jakin aitzin, nunbaitik ere.

Gehiago dena, bozkatua izan denaren arabera OGM berriak saihestu nahi dituztenek beren gain hartu beharko dute OGMen detekzioa. Kutsatzailea pagatzailea izaiteko printzipioa zangoz gora igorriz.

“Lehen azterketak eginik, PCR proba baten bidez genoma eraldatuen bilatze ziblatua egiten ahal dela” dio Anseseko Julie Mallet ikerlariak. Bainan horretarako genoma eraldatzaileen informazioak beharrezkoak dira. Maleruski desarautzearekin informazio teknikoen emaitera ez dira gehiago behartuak industrialariak.

Joan den urtean jadanik, Darwin proiektuko eramaileek esplikatu zuten “detekzioen kosta prezioa eta zailtasunak anitzez ttipitzen ahal ditaizke(ela) gutienezko informazio genetikoa emaiterat bortxatuak balire OGM berrien egileak”. Bainan ihardespenik gabe gelditu da galdea. Hala ere beste teknika zonbait garatzen ari dira, OGM berrien bilaketa segurtatzeko.

Anartean Europar Batasuneko Kontseiluaren gehiengoak bozkatu duen araugabetzearen ondorioz ez da gehiago jakinen zer eraldatua izan den organismoen genoman, nun egina izan den eta nor izan den egilea. Nun ez den Europako Parlamentua jazartzen, azken erabakiarentzat, maiatzaren 18an.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3832. zbk

Gure Hitza | 2026/04/30

Bide on buruzagi berriari!

2017an sortu Euskal Elkargoa da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako erakunde publiko garrantzitsua. Herrietako ordezkariek bozka bidez lehendakari berria hautatu baitute, harrigarriak dira kazetari frantximent batzuk presidente berriari egin dizkioten galdera maltzurrak. Hiriburuko auzapezaren orde, Angelukoa edo Biarritzekoa nagusitu balitzaio Baionakoari, ez zitaizken berdin jokatuko. Halere, Alain Iriartek lañoki eta argiki ihardetsi die, hedatu zizkioten zepoetan erori gabe. Nun da arazoa? Abertzalea izaitea? Euskaraz ere bertze hautetsi guzien aitzinean mintzatzea? Euskara lurralde hontako hizkuntza da, hura erabiltzea bide zuzenean ibiltzea. Ezagunak dira Alain Iriarten engaiamendu leialak, hainbertze urtez betetakoak. Halaber, nehork ezin du ukatu haren jendetasuna. Lehendakari hautatua izan orduko, goretsi du Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoa sortu aitzinetik gaurrera egin duen lanarentzat. Eskertu ditu bozkatzaileak eta bereziki Peio Etxeleku jeltzalea, honek...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016