Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2026ko Apirilaren 30a
Suhiltzaileak - Nafarroaren Eguna - Kulturaldia - Zine debatea Donibane Garazin alzheimer eritasunaz - Pilota - Lehiaketa - Herri Urrats
Suhiltzaileak
Urrats berri bat tokiko eta Nafarroako suhiltzaileen arteko elkarlana azkartzeko. Baigorri, Garazi, Luzaide eta Aurritzeren junta ofizializatzeko ospakizuna ibiakoitzean egin da Bil Etxean, protokoloa izenpetuz. Hunekin erakutsi nahi da bi aldeetako urgentzieri ihardukitzeko duten borondate bera. Elgarren arteko konfiantza, esperientzia partekatzea eta bi aldetako beharren ezagutza indartzea dute helburu. Hemendik goiti, maniobra eta ariketak antolatuko eta informazioak trukatuko dituzte erregularki. Lan on eta milesker deneri egunero eta gauero gure zerbitzuko izaiteagatik.
Nafarroaren Eguna
Goizean estali eta umia bainan gero edertuz joan da aroa eta hau lagun, giro biziki pollitean iragan da igandeko eguna, jende anitzekin. Egitarauko ekitaldi guziek ukan dute arrakasta. Bezperan, elizan proposatua zen musikaldia ere maila handikoa eta loriagarria zen. Goresmenak Basaizea elkarteko antolatzaileeri.
Kulturaldia
Apirilaren 30a (ortzeguna): Xak bakarkaren kontzertua Aldudeko Alfaroenean (20:00). Hau Paxkal Irigoien musikariaren proiektu berria da, popa eta folka jorratzen dituena. Tresna anitz erabiltzen ditu, gitarra, saxoa, bibolina, pianoa, sintetizadorea...
Kontzertu horren aurkezleek hau diote: Paxkalek egiten duen musika iluna eta hipnotikoa izan daiteke, alaia edo argitsuagoa bertzetan.
Zine debatea Donibane Garazin alzheimer eritasunaz
Adinekoak etxean atxikitzeko bermatzen den Goxoki Etxean elkarteak zine debatea antolatzen du maiatzaren 5ean (asteartea) Donibane Garaziko Vauban gelan, France Alzeihmer egiturarekin (18:00). Lehenik dokumentala ikusten ahalko da eta arduradunekin solastatzen ahalko ondotik.
Pilota
Frantziako txapelketaren kondu, finalerdiak igandean jokatu dituzte Senperen.
Artekoetan, Eneko Eiherart 37/Mikel Hargindegi (Abarratia) 40.
Helduetan, Andoni Larre 40/Jon Iturbe (Atzarri) 23.Xabi Alcasena 40/Arai Murillo (Azkaindarrak) 36.
Helduen finala Zaharrer Segiko Andoni eta Xabiren artean jokatuko da, beti Senperen, heldu den igandean.
Lehiaketa
Hain zuzen, Baigorriko ikastolak elizako plazako pala lehiaketa antolatzen du, binaka eta hiru mailetan. Gainera, aurtengo berritasuna, familia maila ere bada (heldu/haur 8-14 urte artean). 20€/eusko pertsonaka eta 30€/eusko, 2 mailetan ari direnentzat.
Izen emaiteak maiatzaren 3a arte egiten dira: tournoi.pelote.fr.
Herri Urrats
Senpereko besta egun handira joaiteko (maiatzaren 10a) “QR code” delakoa daukaten afixak aurkituko dituzue Baigorriko komertzio desberdinetan eta hauek erabili beharko dira leku baten atxikitzeko autobusarentzat.











