Orotarik | 2026ko Apirilaren 30a
Kukumarro
Xarles Videgain
Itzul
Itzul hitzak erranahi franko badu: haietarik zonbait baizik ez ditugu aipatuko. Duela aspaldi gaztelerazko film bat ikusi nuelarik, “Volver” titulua zuena, norbaitek galdetu zidan “volver” hori nola “itzuliko” nuen euskaraz, erran nion: “itzultzea”. Ohartu gabetarik ere itzultzea bi aldiz segidan erabili genuen, lehenik mintzaira batetik itzultzea eta gero bere tokira gibel egitea adierazteko.
Eta gogora jin zitzaidan aspaldian laborari batek erran zidana, ez baitzen kontent, baizik eta bere behi bat itzuli zela. Ez zuen erran nahi bere behia eskuin ezker itzultzen ari zela barrukian edo alhapidean edota norbait adar ukaldi batez atzeman nahi zuela. Erran nahi zuen behia zezenak estali zuela eta ondotik bere hogoia berriz jin zitzaiola, erran nahi baita zezenak ez zuela efekturik izan eta behia ez zela ernari. “Itzultzen” horrekin iduri luke behiak ziklo biribilaldia egiten duela. Eta itzulkari deitzen da behi bat errex ernari jartzen ez dena, hala nola bruzelosiz deitu eritasunaz joa balin bada. Erran gabe doa hazkuntzatik kanpo erranahi hau ez dela biziki erabiltzen ez ezagutzen.
Hiztegietan aipatu berri dudan erranahi hau (behiarena) ez da agertzen. Alta beste 25 erranahi ematen ditu Lhanderen hiztegiak itzultze hitzaz.
Lehenik zerbait itzultzen da bere ardatzaren inguruan, lurra itzultzen da. Errota ere bai. Ilargiak bere itzulian denboraren epeak erakusten ditu, edota zerbaiten ingurua egiten delarik ez da buelta bat egiten, itzulia egiten da. Frantziako Itzulia lasterketa famatua da. Edo norabait zuzen ezin joanez, itzuli bat egiten dut. Eta bidean izan daiteke itzuli gaiztoa.
Gero itzultzeak erran nahi du berriz etortzea abiatu garen lekura. Etxamendik eta Larraldek kantu famatua egin zuten euskaldunen Amerikarako joaiteaz: Itzul! Itzul! zioten eta 1757ko gutunetan lapurtarrek Kanadan zeuden lagunak otoizten zituzten: Zato etxerat, zato. Itzul erran gabe.
Beste zentzua badu itzultzeak. Gauza bat binperrez ezartzen ahal dut, orduan arropa itzultzen dut, aurkia erakutsiz behar den bezala, nahiz jantzia binperrez ezartzeak xantza ekartzen omen duen. Bedau denboran belarrak ere itzultzen genituen. Hazia erein aitzin, lurra ere itzultzen da, brabantekin, goldearekin edo lehen aitzur edo laiarekin. Itzuli gabe irauli ere diot edo iraulden ari naiz, edo udalen, Amikuzen aipatzen den bezala. Oro har gauza baten beste aldea bistara emaiten da: harri handi bat itzultzen dut eta Axularrek polliki dioen bezala, Biblian harturik naski: Athea bere erroetan bezala itzultzen da nagia bere ohean.
Ideietan ere itzultzea ager daiteke: bozak jin aitzin etxez etxe nabil ea auzo zonbait gure alde itzuliko diren. Edo kontrako, solasaldi bat ez badut gustukoa solasa itzultzen dut. Aldiz elkarrizketa baten gai nagusia norbaitek ez balin badu aipatu nahi erraten zaio: ez zazula itzul solasa. Gehiago dena zorra ere itzultzen dut. Cesarri itzul Cesarrena dena! Lagunari zor niona itzuli diot.
Berrikitan ondoko mintzatzeko moldea ikasi dut. “Hitza jatea” erran gabe, “hitza itzultzea” diote zaharrek. Eman dezagun norbaitek hartu dudan bidetik bazter nadin nahi lukeela. Orduan errefera polliki eman nezaioke: Errazu jauna, nik itzul hitza? Ene fama ez nuke zikindu nahi. Bestela erranik: nahi zenuke ene hitza jan dezadan? Ez, hitza hitz, itzuli gabe.
Eta ez da hain urrun beste itzultze bat, diogularik: ez zitela ene ganik itzul koleran zirelako. Haserre jende frankok laburra dutelako, erraiten da: haserrekor da baina itzuli ona du. Hainbat hobe gauzak ongi itzultzen balin badira.
Pilotan ere itzultzea hitza baliatzen da: aski da ikustea nola Jean Etxeparek lekondarren jokoa miresten duen, “itzulian” aipatuz: “Hain dituzte oinak zalhu, hain xuxen eta zorrotz behakoa, joa hain erne, gerruntzeak hain guri eta zainhart, halako eskuairea dute airetik, - ezkerrarekin orobat - punpe lasterretik, gainez, azpiz, itzulian, non gainditzen baitute bethi danik hazpandar pilotariek Eskual-Herrian ukan duten omena”.
Azkenik kanbiatzea erran nahi du ere, eta gehienetan gaizkira kanbiatzea. Esnea itzuli da, mindu da. Saltsa ere.
Eta ongi mintzo den hizlariak itzuli pollitak badituela aitortzen dugu. Nik beraz itzultzea laburzki aipatu dut agian sobera itzuli mintzuli egin gabe: baina iduri luke zentzu guzietan halako mugimendu bat adierazten duela itzultzeak, frangotan gibelera joaitea edo zerbaiten inguruan. Lurra itzultzea, behia itzultzea, euskaratik frantsesera itzultzea, sosa itzultzea, alde edo kontra itzultzea: iduri luke itzultze horietan denetan badela zerbait edo nonbait berdintsu dena. Nunbait bai, bainan nun?












