Gogoa hazi | 2026ko Apirilaren 30a

Gazteen osagarri mentala (IV)

Peio Ospital


Laugarren aldiz segitzen dugu Cyril Tarquinio psikologo eta psikoterapeutak argitaratu liburuaren irakurketa (“Génération à vif” - Ed. Dunod), aldi huntan nerabezarotik helduarorako jauzia jorratuz.

Helduaroan sartzea ez da nihundik ere ibai luze lasaia. Trabaz beteriko zeharkaldia da, erronkak metatzen diren eremua, eta ezbeharrak, urteekin arindu beharrean, forma berriak hartzen ditu, maltzurrak, lausoak, batzuetan izendatzeko zailak. Ekonomikoa da, biharamuneko larritasunean hesten duen prekarietatearekin. Soziala da, arrakastarako, perfekziorako, performantziarako manuekin. Numerikoa da, etengabeko konparazioa inposatzen duten sare sozialekin, etengabeko ehizaldien bidez bete nahi den hutsune-sentsazioa. Ingurumenekoa da, gainbehera globalaren kontzientzian hazten ari den gazteriarekin, etorkizun gero eta zalantzazkoago baten larritasunean. Existentziala da, geldotasunari, zalantzari, berreraikitzeko behar den denborari lekurik uzten ez dion munduarekin. Ezbehar berri horiei entzungor egitea, heldu gazteak isilean hausten dituen sistema baten kontra bakarrik borrokatzera kondenatzea da.

Nahiz eta suntsitzailea izan, zoritxarra ez da behin betiko kondena. Eraldatu daiteke, berregokitu, beste zerbaiten zerbitzura jarri. Bere zauriak ulertzea, hauetarik askatzen hastea da. Nork bere buruarekin adiskidetzea, jasanarekin bakarrik definitua izateari uko egitea da. Erresilientzia ez da soilik jasaiteko gaitasuna, deus gertatu ez balitz bezala jarraitzeko gaitasun hutsa. Berreraikuntza da, denbora, laguntza, baliabideak eskatzen dituen prozesua. Dinamika kolektiboa ere bada, sufrimendu horien aitortzatik pasatzen dena, hauek erran, ulertu, lagundu daitezkeen guneetarik.

Kontrakotasunari buru egiteko, jarrera osasungarria egokitzapena izan daiteke. Hau zientzia diskretua da, gure baitan une oro jarduten duena, anitzetan jakingabean. Ezbeharrean, batzuek ezagutzen ez zituzten indarrak aurkitzen dituzte beren baitan. Moldatzeak ez du erran nahi soilik aldaketa onartzea, baizik eta hura xurgatzea, modelatzea, berpizkunde forma ateratzea. Nahigabea, orduan, bide berri bihurtzen da.

Izan ere, badago indar bat, anitzetan ikusezina, irauteko aukera ematen duena. Batzuek fedea, beste batzuek izpiritualtasuna, beste batzuek erresilientzia edo intuizioa deitzen duten indarra. Ez du beti izenik, baina bai boterea, itxuraz zentzurik ez duenari zentzua ematekoa.

Izpiritualtasuna, zentzu zabalean ulertuta, ez da ihesa, aingura baizik dena erortzen denean. Batzuentzat, indar transzendente baten sinesmenaren forma hartzen du. Beste batzuentzat, barne-bilaketa batean oinarritzen da, bere buruarekiko elkarrizketa batean. Beste batzuek ere aurkitzen dute oinarri hori artean, filosofian, naturan, edo eraldaketa beti posible delako segurtasunean.

Izpiritualtasuna ez da baitezpada erlijiosoa, ezta mistikoa ere. Bere buruarekin, besteekin, gizabanakoa baino zerbait zabalagoarekin, natura, gizatasuna, zentzu-bilaketa edo barne-jakituriaren forma batekin lotzeko molde gisa uler daiteke. Horrek barne jarrera bat eskatzen du: ez bakarrik jabegoaren bila jotzea, baizik eta ulertzearen bila. Jabetzea irakasten daukuten garai hauetan, beharbada zinezko iraultza izaten ikastea da...

Irakurketa honekin segituko dugu ondoko aldian ere.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3832. zbk

Gure Hitza | 2026/04/30

Bide on buruzagi berriari!

2017an sortu Euskal Elkargoa da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako erakunde publiko garrantzitsua. Herrietako ordezkariek bozka bidez lehendakari berria hautatu baitute, harrigarriak dira kazetari frantximent batzuk presidente berriari egin dizkioten galdera maltzurrak. Hiriburuko auzapezaren orde, Angelukoa edo Biarritzekoa nagusitu balitzaio Baionakoari, ez zitaizken berdin jokatuko. Halere, Alain Iriartek lañoki eta argiki ihardetsi die, hedatu zizkioten zepoetan erori gabe. Nun da arazoa? Abertzalea izaitea? Euskaraz ere bertze hautetsi guzien aitzinean mintzatzea? Euskara lurralde hontako hizkuntza da, hura erabiltzea bide zuzenean ibiltzea. Ezagunak dira Alain Iriarten engaiamendu leialak, hainbertze urtez betetakoak. Halaber, nehork ezin du ukatu haren jendetasuna. Lehendakari hautatua izan orduko, goretsi du Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoa sortu aitzinetik gaurrera egin duen lanarentzat. Eskertu ditu bozkatzaileak eta bereziki Peio Etxeleku jeltzalea, honek...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016