Euskal diaspora | 2026ko Apirilaren 30a

Larunbat huntan hasiko da AEBn 2026ko euskal piknik eta besten sasoina

Joseba Etxarri

NEW YORK. New Yorkeko Euskal Etxeko irudia, erakundeko lehendakari berria den Jagoba Angulo bilbotarra, Euskal Etxean Aberri Eguna ospatzeko bazkarian bildutakoei mintzo (argazkia HERRIA)
NEW%20YORK.%20New%20Yorkeko%20Euskal%20Etxeko%20irudia_%20erakundeko%20lehendakari%20berria%20den%20Jagoba%20Angulo%20bilbotarra_%20Euskal%20Etxean%20Aberri%20Eguna%20ospatzeko%20bazkarian%20bildutakoei%20mintzo%20(argazkia%20HERRIA)

FRESNO, KALIFORNIA. Fresnon abiatuko da heldu den larunbatean, maiatzaren 2an, Estatu Batuetako 2026ko euskal piknik eta besten sasoina. Fresnoko Euskal Etxea antolatzaile, Campos Anaien Farman eginen da, euskal mezarekin (10:00) hasirik. Programak bilduko ditu kabalkada, euskal dantzariak, klika, pilota, musika, bala, eguerdiz bildots errea eta arratsaldean ogitartekoak. Ez dira mus partidak erefaltako. Giroa berotzeko, bezperan, ostiralean, piknik aitzineko afaria, Etchechurytarren Santa Fe euskal ostatuan. Eta ondotik ere, igandean, euskal gosaria ostatu berean. Baina maiatza beste hiru euskal piknikekin dator: hilaren 17an Los Banosekoa, herriko feria-lekuan; 23 eta 24an, Bakersfieldekoa, “Kern County Basque Club” Euskal Etxearen egoitzan; eta 30ean, beste kostaldean, Connecticuteko Suffield herrian, Riki Lasaren farman, “New England Basque Club” Euskal Etxearen besta. Aipatuko ditugu horiek eta beste batzuk geroago ere.

BUFFALO, WYOMING. Wyomingeko Gilletten, baina Buffaloko “Big Horn Basque Club” Euskal Etxeko jende eta “Zaharrer Segi” dantzariekin, Artzainen Urteroko 5. jaialdia eginen dute maiatzaren 9an. Estatuan hain hedatua zen artzaintzari lotu besta huntan euskaldunek partaidetza handia dute. Ikusgai izanen dira karro kanpoak, David Romtvedt euskal musikari eta poetak gure historia eta musika azalduko ditu, Caminotarrek lukainka prestatu eta zerbitzatuko dute, artzain-zakurren erakustaldia eginen da, joko eta jolasak, eskulanak... egun oso bat gustuan pasatzeko artzainen bizimolde eta ohiduren inguruan, Rockpile Museoa antolatzaile.

CHINO, KALIFORNIA. Hiru hilabete eta egun guti baizik ez dira falta 2026ko NABO Biltzar Nagusi eta Euskal Besta Chinon egin dadin, “Southern California Basque Club” (SCBC) Euskal Etxearen 80. urteurrenaren karietara bertan antolatua. Oroitu uztailaren 3tik 5era ospatuko dutela, lehenengo bi egunetan Centro Basco ostatuan, eta hirugarrenean, igandean, Chinoko azoka-lekuan. Lehenik, NABOk bere urteko biltzar nagusia eginen du eta behar da erran NABO Udalekua ere Chinon eginen dela, haurren hondarreko emanaldia larunbatean eskainirik. Programako parte, pilota partidak, mus txapelketa, dantzarien emanaldiak, meza euskaraz aita Anttonek emana, txaranga, Fresnoko “Izen Gabe” musika taldea, txapelketak (euskal pastiza, irrintzi, zahato eta beste), klika, zozketak, Amerikanuak banda... Argibide gehiago nahi duenak hemen harrapatzen ahal du: socalbasque.org.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3832. zbk

Gure Hitza | 2026/04/30

Bide on buruzagi berriari!

2017an sortu Euskal Elkargoa da Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako erakunde publiko garrantzitsua. Herrietako ordezkariek bozka bidez lehendakari berria hautatu baitute, harrigarriak dira kazetari frantximent batzuk presidente berriari egin dizkioten galdera maltzurrak. Hiriburuko auzapezaren orde, Angelukoa edo Biarritzekoa nagusitu balitzaio Baionakoari, ez zitaizken berdin jokatuko. Halere, Alain Iriartek lañoki eta argiki ihardetsi die, hedatu zizkioten zepoetan erori gabe. Nun da arazoa? Abertzalea izaitea? Euskaraz ere bertze hautetsi guzien aitzinean mintzatzea? Euskara lurralde hontako hizkuntza da, hura erabiltzea bide zuzenean ibiltzea. Ezagunak dira Alain Iriarten engaiamendu leialak, hainbertze urtez betetakoak. Halaber, nehork ezin du ukatu haren jendetasuna. Lehendakari hautatua izan orduko, goretsi du Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoa sortu aitzinetik gaurrera egin duen lanarentzat. Eskertu ditu bozkatzaileak eta bereziki Peio Etxeleku jeltzalea, honek...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016