Herriz Herri - Hazparne (L) | 2026ko Apirilaren 30a
Goxa Leku herrixka - Elgar ezagutzeko hitzorduak - Apirilaren 30ean: Gurashow eta zintzur bustitze...
Goxa Leku herrixka
Orain arte Senperen kokatua den Goxa Leku etxearen ondotik hara Hazparnen Goxa Leku herrixka idekitzekotan dela. Euskal Herrian minbiziak hunkitzen dituen jendeak laguntzen dituen Goxa Leku elkartea Hazparnen plantatzeko asmoz dago. Bere proiektuaren berri emaiteko bi ekintza apailatzen ditu maiatzean.
Lau urte hauetan 500 jende pasa lagundu ditu: minbizia duten pertsonak bainan ere haien laguntzaileak. Hauen uztartzea da helburua arta gehigarriak emanez eta ahal bezain hurbil.
Ezinbesteko tratamenduen ondotik ondorioen hobeki jasaiteko aktibitateak eskaintzen ditu, bigarren mailako efektuak aurreikusiz. Hazparne aldean ehun bat pertsonaren laguntzea da asmoa.
Toki desberdin hauetan iraganen dira ekintzak:
Eihartzean: barnean eta parkean, Elgar Zentroan, Cédric Germain osteopataren kabinetean eta Eztia edertegian.
Lehen urrats batean huna zer proposatzen den: aktibitate fisiko adaptatuak, laguntza psikologikoa, dietetika, erreflexologia, sofrologia, estetika, estresa eta emozioen kudeaketa... jende berezitua izanen da, talde aktibitateak bainan indibidualak ere.
Laguntzaileek sustengu psikologikoa, erreflexologia eta sofrologia ukaiten ahalko dute.
Huna Goxa Lekuren metodologia: lehen elgarrizketa bat Aurélien Garciarekin, bakotxarentzat ibilbide baten finkatzea, talde tailerrak eta bakarkakoak hautatzea.
Laguntza horiek kitorik dira, urteko karta 30€-tan hartuz geroz eta Hazparne eta inguruetakoeri idekia. Bakotxa sar daiteke kontaktuan oraidanik 06-18-19-07-41 zenbakira deituz.
Elgar ezagutzeko hitzorduak
Maiatzaren 22an Argia ostatuan: elkartearen aurkezpen xehea, kideen biltzea, parte hartu nahi duen orori idekia da. Hautetsi batzu ere hor izanen dira. Izena eman daiteke ondoko helbidean: contact@maisongoxaleku.com.
Hitzordu nagusi bat iraganen da maiatzaren 23an: Goxa Leku herrixka ezagutu. Hau Armand David lizeoak antolatzen du. Hitzordua (10:00) emana da eliza saihetseko plazan. Ibilaldi bati esker Goxa Lekuren languneak ezagutuko dira. Aktibitate batzu antolatuko dira plazan eta jateko moldea izanen da han berean. Etekina elkartearen laguntzeko joanen da.
Proiektu horrek iraun dezan bada denen beharra. Denek ezagutzen dugu eritasun horrek hunkitzen duen norbait. Sustengu mota anitz izan daiteke. Zerbait gehiago jakiteko Clémence Plassat deitu behar da: 06-70-40-08-02 eginez edo clemence@maisongoxaleku.com helbidera idatziz.
Apirilaren 30ean: Gurashow eta zintzur bustitze...
Kaperaldi astea kantaldi batekin bukatuko da: talde polifonikoa osatzen duten Amaia Riouspeyrous, Kattalin Indaburu, Maguy Mirande, Maider Cigarroa eta Philippe Alborrek dute azken agurra emanen. Kantuz ariko dira kaperan (18:30). Ondotik les Vins de Vincent sotoak lagundurik hurrupaldi goxoa izanen da kapera aitzinean.











