Azalekoa | 2026ko Maiatzaren 21a

Zirkoaren artea denen eskura

A.E.

Zirko festibalaren aurkezpena
Zirko%20festibalaren%20aurkezpena

Aurten ere eta seigarren aldiko, Oreka zirkoak “Zirko festibala” antolatuko du Baionan, heldu den ekainaren 3tik 14ra, egitarau aberatsarekin. Elkarte antolatzaileak urtean zehar eramaten duen lanaz eta festibalaren inguruan xehetasun gehiagoren ukaiteko, Andrea Pebet eta Doriane Billard-ekin elkartu gira.

Zirkoari tokia eginez

Doriane Billard-ek zer egin ez zekiela, 1998an Oreka zirkoa elkartea sortzea erabaki zuen, eta lehen langilea izan zen. Zirko irakaslea izan bada, egun administrazio lanetan artzen da gehiago.

Andrea Pebet aldiz, berantago sartu da langile gisa, duela 7 urte inguru, besteak beste Belgikan edota Besançonen zirkoa praktikatu ondoren.

Elkartearen hastapenetan, Doriane Billard eskolaz eskola ibiltzen hasi zen, hara eta hona mugituz. Emeki-emeki, proiektua garatzen joan zen, eta 2006an elkarteak bere lokala atzeman zuen Baionako Thomas karrikako 3. zenbakian. Han eskuketa kurtsoak ematen hasi zen, eta bidean proiektuan inplikatzeko prest zen jendea ezagutu zuen. Dinamika horri esker antolatu ahal ukan zuten lehen festibala.

Hiruzpalau urtez langile bakarra egon ondoan, pixkanaka-pixkanaka taldea handituz joan da, egun lau langiletara pasatuz, bosgarren pertsona bat aprendizgoan dutela.

Eskaintza ugariak

Elkarteak arlo desberdinetako aktibitate anitz proposatzen du. Hain zuzen ere, lokalean bertan kurtsoak emanak dira, publiko zabalari idekiak direnak, 4 urtetatik goiti. Orotara 50 bat heldu zenbatzen dira. Bestalde, haur-buraso tailerrak ere proposatuak dira, 4 urte aitzin. Kideak urteko lizentzia hartzen du, Oreka zirkoak prezioa soldataren arabera finkatzea erabaki du.

Besteak beste eskuketa, akrobazia, airekoa, antzerki-jokoa edota oreka diziplinak proposatuak dira.

Horrez gain, haurtzaindegi, ikastola, eskola, aire zentro, erretira etxe, zentro berezitu edota medikalizatuengana joaten dira, zirkoa erakustera. Edonork zirkoa praktika dezake, egokitzen ahal baita. Hain zuzen ere, lokalera erregularki heldu den zentro berezitu batek ikusgarri bat muntatu du, festibalean erakutsiko duena.

Bestalde, Oreka zirkoak Lurrama edota EHZ bezalako ekitaldietan ere parte hartzen du, tailer idekien proposatzeko.

Elkartearen baitan euskaraz aritzeko aukera bada, irakasle gehienak euskaldunak dira eta tailer batzu euskara hutsean antolatzen dituzte. Elkartearen funtzionamendu orokorra elebidunean egiten da.

Zirko festibala

Festibala ekainaren 3tik 14ra iraganen da, Baionako Plaza Berdean. Bestalde, Baionako ZUPean ikusgarri bat ere emanen da.

Aurten Un loup pour l’homme konpainiarekin partaidetzan antolatua da festibala. Ikusgarriak –horietan zirko egokitu edota Orekako tropa amaturrarenak –, tailerrak edota eszena idekiak proposatuak izanen dira besteak beste. Euskal Zirko Kabareta ere izanen da, hemengo euskal artistekin, euskaraz emanen dena. Kanaldude telebistak filmatu eta agertuko du.

Txartelak tokian berean hartzen ahalko dira, baina aitzinetik Interneten bidez ere atxiki daitezke. Un loup pour l’homme konpainiaren “Dans l’espace” ikusgarriarentzat billetweb.fr webgunera joan behar da, eta Oreka zirkoak proposatu bertze aktibitateentzat helloasso.com plataformara.

Antolatu aktibitate gehienak prezio librean proposatuak izanen dira. Festibalean bertan ez da kreditu kartarekin ordaintzen ahalko.

Elkarteak orekazirkoa.fr webgunea badu, nun festibalaren egitarau zehatza aurkitzen ahal den. Harremanetan sar daiteke orekazirkoa@gmail.com helbidearen bitartez. Instagram eta Facebook kontuak ere ditu.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3835. zbk

Gure Hitza | 2026/05/21

Orroka

Peio Jorajuria

Herri Urrats ororen buru aro eguzkitsuarekin iragan zitzaigun, Senpereko lakuaren inguruan. Arrastiriko uhar soila laster gainditzen zuela “goizero irrifarra ahoan” dabilan Janus Lester talde nafarrak, eguzkia ezarriz aitzinean zaukan fan andana handiaren begietan. Egun osoan lakuaren orroak altxatu ziren. Aurtengo kantuak galdera hau egiten zuen orori: “Ez al duzu entzuten orroka laku bat?” Euskaltzale guzien metafora bilakatu da Senpereko lakua, maiatzeko bigarren igandean plazaratzen diren euskararen aldeko aldarrikapenen bihotza bihurturik. Alabaina, Paristik gaur datorren “haize txarrari” fermuki egin behar zaio buru, dio Seaskak, eta ekain hastapenean manifestaldi bat antolatuko du Bordelen. Kargudunek entzunen ote dituzte orro ozen horiek?

Bidenabar erran dezadan laku hori orroka hasi aitzin, orain dela mende erdia pasa hor bertako laborariak zirela orroka ari izan, beren lurrez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016