Han eta Hemen | 2026ko Maiatzaren 21a
BATERA plataformaren biltzar nagusia
Urte arrakastatsua
Maiatzaren 9an Itsasun iragan Bateraren biltzar nagusia parada izan da plataformaren basearen berraktibatzeko eta pasa den urtearen bilana egiteko. Urte hau bereziki markatua izan da etorkizuneko lurralde kolektibitatearekin, Baionan iragan zen foroan gogoetak eramanak izan ziren eta herriko zein elkargoko hauteskundeetako hautagaien sentsibilizazio lanak.
Urtean zehar egin diren gogoetek eta eztabaidek Lurralde Kolektibitate baten alde pizten den interesa agertu dute.
Batera dinamikaren potentziala baieztatzen da: jendartearen interes eta igurikatze handiak, gaien aitzinarazteko gehiengo soziala eta politikoa, bai eta dinamikaren potentzial handia. Gogoeta amankomunak eramaiteko eta lurraldeko hautetsiak zein jendarte zibila elkarrekin mobilizatzeko erronkak aipatuak izan dira.
Hexagonoan, aldeko testuingurua
Momentu honetan frantses estatu mailan testuingurua aldekoa da. Deszentralizazioaren eta kolektibitateen antolaketaren gaia parlamentuan berriz abiatua baita. Bilakaera instituzionaletarako leiho politiko batzuk idekitzen ari dira.
Alsaziako adibidea lekuko, Legebiltzarrean eztabaidatua da. Alsaziako Europar Kolektibitatearen estatusaren bilakaerak erakusten du bide parlamentarioa lorgarri dela, gobernu gehiengorik gabe ere. Testuinguru horretan, Ipar Euskal Herriak beranta badu. Biltzar nagusian errana izan da urgentziazkoa dela Ipar Euskal Herriko eragile guziak inplika daitezen, lurralde antolaketari buruz eztabaida antolatzeko beharra agertu da.
Euskal Elkargoaren 10 urteak
Perspektiba horretan, Batera etorkizunari begira ari da. Euskal Elkargoaren 10. urtemuga heldu den urtarrilean ospatuko da, aukera ezin hobea da egin bidea argitara emaiteko eta ondoko etapara pasatzeko mobilizazioa azkartzeko. Ondoko hilabeteetan, Baterak hainbat hitzordu finkatuko ditu aldarrikapen horri indar eta ikusgarritasun handiagoa emaiteko.
Baterak deia luzatzen die Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatea eraikitzen lagundu nahi duten guzieri, laguntzaile gisa edo sustengu ekonomikoa emanez.











.j202038.jpg)
