Herriz Herri - Aiherra (NB) | 2026ko Maiatzaren 21a
Heriotze: Harrietako Jamattit Mendiondo misionesta - Heriotze: Atterbeko Graxi Duhalde - Herriko bestak hurbiltzen ari
Heriotze: Harrietako Jamattit Mendiondo misionesta
Harrietako Jamattitt Mendiondo apeza zendu da. 92 urte zituen. 14 urtetan mutil ttipi gisa joan zen Gerezietara, orduan egiten zen bezala etxalde batean lan egitera, eta gero Mauleko seminario ttipian sartu ondoan, hautatu zuen Afrikan Ruandako seminario handian sartzea, 22 urtetan, han apez izateko. 1962. urtean Ruandan apezturik, hango apezpikua Aiherrara etorri zen Jamattittekin parropiaren eskertzera. Jamattit Mendiondo herritarraren Afrikara joaiteaz, gertakari huni buruzko argazkiek erakusten dute Lagrenade orduko erretora Ruandako apezpikuari ongietorria egiten, hunen gibeletik Aiherrako klika eta jendeketa gaitza elizako patarraren jausten. Osagarri arrangurengatik 84 urte zituelarik itzuli behar ukan zuen 56 urtez Ruandako jendearekin lan egin ondoan, hots biziaren parte handiena han iraganik.
Erran ditaike bere bizi osoa bertzeen zerbitzuko eskaini duela, haiekin eta haiek bezala biziz, denboraldi dorpeak ere jasanez bereziki gerla zibila denboran. Gizon eta apez onaren oroitzapena uzten dauku.
Jamattit zenaren ehorzketak joan den astearte arratsaldean iragan ziren Aiherrako elizan. Beste 14 apezekin betan parte hartu zuen ere Ruandako apez batek, hango parropiaren lekukotasuna ekartzen zuela. Memento berean, Aiherrako ehorztearekin betan (15:00) omenaldi-ehorzketa antolatu zuten Ruandako Nyundoko bere parropian.
Doluminak Harrietako familiari.
Heriotze: Atterbeko Graxi Duhalde
Atterbeko etxekandere xaharra, Graxi Duhalde, adin ederrarekin joan zauku, 95 urte egin beharrak zituen aurten. Aiherran berean sortua, Ponpoxenean, Peña auzoaldean, zazpi haurridetako zaharrena zen. Hazparneko zapeta lantegi batean lan egin ondoan, Aiherrako Barberanera ezkondu zen Jeannot Duhalde ahotzarekin. Urte anitzez lan egin zuen auzoan zen Attatea ostatuan, horko Marie Jeanne etxekanderearen eta koinataren laguntzeko. Azken urte hauetan, osagarri eneguak ukanik, Izturitzeko xahar etxerat erretiratua zen. Emazte diskretu eta onaren oroitzapena uzten dauku. Doluminak Jacky bere semeari eta Sylvie hunen andreari, baita ere hunkiak diren familiako guzieri.
Herriko bestak hurbiltzen ari
Herriko bestak hurbiltzen ari zauzkigu, ekainaren 12tik 15era iraganen baitira. Berrikuntzen edo aldaketen aldetik, ortzegun arratsarekin egin beharra zuten antzerkia buruilera gibelatua dute, herritar aktoreak ez baitira oraino prest. Ortzirale arrastirian joan den urtean antolatu ez zuten kutxa lasterketa aurten berriz proposatzen dute, larunbatarekin mendi ibilaldia (12km) eta Aiherrako trail lasterketa (18km). Horra berrikuntza garrantzitsuenak. Xehetasun gehiago ondoko asteetan.
Anartean, besta komiteko gazteek abisatzen gaituzte herriko besten programa etxez-etxe banatzen hasiak direla, eta usaian bezala herritarren ongietorri ona eta hunen araberako diru laguntza espero dutela. Hala izan bedi!











