Orotarik | 2026ko Maiatzaren 21a

Kukumarro

Xarles Videgain

Ohoin eta ebasle (1/2)

Gerta daiteke euskaraz ere hitz bat baino gehiago gauza beraren edo bertsuaren adierazteko. Sinonimoak dira. Konparazione, ba ote da diferentziarik “ebasle”, “ohoin” eta “lapur” hitzen artean?Erranen didazu kasik gauza bera dela eta haietarik bat, izan dadin lapur, ohoin ala ebasle, etxean sartzen balin bazaizu, zu beti petzero izanen zirela edo ziriko piltzar.

Lehenik lapurra. Duela guti, Iparraldean “lapur” ez zen kasik batere erraiten, ez eta Lapurdin. Emeki emeki sartua da Iparraldean, Oxobi, Zerbitzari, Etxepare eta Miranderen adibideekin. Egungo egunean nagusitzen ari dela iduri du. G. Aurrekoetxearekin aztertzen ditudan “Sacaze” deitu dokumentuetan “lapur” hitza ez da agertzen, 1890ean hiru probintzietan erabiltzen ziren hitzak ohoin eta ebasle baizik ez baitziren.

Haatik izan da halako trufa bat Lapurdi eta lapur hitzak lotzen zituena. Etxeberri Sarako idazlea, lapurtarra izanik ere, ari da esondatzen Lapurdi izena lapur hitzetik beretik izena ez ote den atera. Izan ote da lapur gehiago Lapurdin besteetan baino? Bere hiztegian, Mitxelenak dio lapur hitza kanpotik datorkeela, “lefr”, “lafr” hitz batetarik, eta “lefr” honek “jale handi, golos” erran nahi zukeela.

Pentsa daiteke lapurtzea laburtzea dela eta bada mintzatzeko manera horrela dioena: “lapurren besta laburre da”. Ez da hain pollit bainan Nafarroako herri batean beste haur anitzen ondotik neskatila bat sortzen zelarik erraiten omen zen: “lapur bat gehio”. Ez dakit gauza bera erraiten zenez mutiko batez.

Norbait mozkorra delarik zeiharka erraiten da: “etxera sartu da lapur bildurrik barik”, lapurren beldurrik gabe, beraz bero-beroa.

Bestalde anitz ikusten ez den gauza bat lapurra deitzen da, hala nola amu-lapurra, amu ttipia eta iluna dena. Edo lapur-posporoak, hots lapur-supiztekoak, ez baitira entzuten sua ematen dutelarik. Beraz gauza isilekoa adierazten du lapur hitzak, lapurra ere ahalaz azantz handirik gabe ibiltzen baita. Bestaldean lapur-hizketa da bestek ez konprenitzeko gisako mintzaira, frankotan buhame mintzaira edo sorgin mintzaira izena duena.

Ezpeletako lasterkariek zor diote Ñapurrak batasunari arrakasta handia izatea. Beharbada Gabi Etxartek bultzatu zuen izena izan zen. Baina berez ñapur hitza ezagutzen dute laborariek kabale baten deitzeko, beti auzoan balin badabil, artoan konparazione. Lehen, kasu horretan, kabala bahitzen zen. Bainan ñapurra ez da bakarrik janaria edo bazka ebasten: emazteen edo gizonen ondotik nabarmen ibiltzen den jendea ñapur da. Ustegabetarik, Belokeko fraideek ateratzen zuten Otoizlari agerkarian ahoan bilorik gabe hauxe irakurtzen da gizon edo senar batez: “Bazuen emazte bat frango pollita bainan ere ñapurra. Behin alorretik etxeratzean kausitzen du bere emaztea gizon arrotz batekin”. 1958koa da pasarte hau. Ez dut uste egungo egunean hainbeste erraiten denik hitza aski gordina delakoan, edota jabegoaren ideia ez baitugu berdin hautemaiten.

Iparraldeko hitz nagusia “ohoina” da (uhuña zubereraz). Gorago “lapur” hitzaz erran dudana ohoinaz ere aipa nezake. Hitz zaharra da euskaraz. Ez dut uste ohoin eta bizkaierazko ostutzea lotuak diren, nahiz ostutzea bizkaieraz ebastea, ohointza egitea den edota kukutzea.

Ebanjelioetan ohoinaz bada pasarte famatua eta horrela dio: “Etxekoak inguruan sendi badu uhuña, atzarririk beilatzen dik noiz sar daitekeen”.

(Segida heldu den astean)



Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

Orotarik | 2026/05/21

Haziak mintzo

Doni Petri eskolako ikasleak

Haziak%20mintzo

Egun bat Lurraman

Egun on, Hiriburuko Doni Petri eskolako ikasleak gira (CE1-etik CM2-ra).

Lurramara joan ginen Ipar Euskal Herriko nekazaritzaren hitzordu nagusira.

Han, baserriko kabala anitz eta etxaldeko lanak ikusi genituen. Goizean, hainbat erakustaldi desberdin antolatu ziren. Adibidez: erlauntzen funtzionamendua, artzain xakurraren lana, edo ardi ile moztea. Piknika baino lehen, itzuliño bat egin genuen tokiko produktuak deskubritzeko (eztia, gasnak…). Arratsaldean, berriz, tailerrak egin genituen. Adibidez nola egiten den eztia, astoekin zaldi-gurdi ibilaldia, edo baserritarraren eta nekazariaren arteko desberdintasuna ezagutzea.

Biziki ongi atzeman genuen eta espero dugu heldu den urtean berriz joatea.



...

Irakurri segida

Orotarik | 2026/05/21

Itsas bazterretik

Piarres Larzabal kolegioa

Itsas%20bazterretik

Autobus prebentzioa 6. eta 5.endako

Martxoaren 10ean, asteartez, Jean Jacques eta Mayalen Borda, Txik Txak Euskal Elkargoko garraio ordezkariek hitza hartu dute, ordu batez gelaka, seigarren eta bosgarreneko ikasleekin autobus prebentzioa eginez, informatuz eta sentsibilizatuz.

Autobusa etorri aitzin, barnean direlarik eta kolegiora iristean, nola portatu behar diren azaldu diete ikasleei: materialaren errespetua, uhalaren inportantzia eta kartaren garrantzia.

Lekukotasun eta bideo desberdinen bitartez, ikasleei seguritatean izateko aholkuak emanak izan zaizkie.

Azpimarratzekoa da gela guzietan ikasleak adi egon direla eta biziki baikorki parte hartu dutela.

Milesker Txik Txak Euskal Elkargoko garraio sareari azalpen guzi horiendako!

Agian ikasle bakoitzak kondutan hartu, bere burua babestu, autobusa errespetatu eta gidaria agurtzen segituko du!

Irakurri segida

3835. zbk

Gure Hitza | 2026/05/21

Orroka

Peio Jorajuria

Herri Urrats ororen buru aro eguzkitsuarekin iragan zitzaigun, Senpereko lakuaren inguruan. Arrastiriko uhar soila laster gainditzen zuela “goizero irrifarra ahoan” dabilan Janus Lester talde nafarrak, eguzkia ezarriz aitzinean zaukan fan andana handiaren begietan. Egun osoan lakuaren orroak altxatu ziren. Aurtengo kantuak galdera hau egiten zuen orori: “Ez al duzu entzuten orroka laku bat?” Euskaltzale guzien metafora bilakatu da Senpereko lakua, maiatzeko bigarren igandean plazaratzen diren euskararen aldeko aldarrikapenen bihotza bihurturik. Alabaina, Paristik gaur datorren “haize txarrari” fermuki egin behar zaio buru, dio Seaskak, eta ekain hastapenean manifestaldi bat antolatuko du Bordelen. Kargudunek entzunen ote dituzte orro ozen horiek?

Bidenabar erran dezadan laku hori orroka hasi aitzin, orain dela mende erdia pasa hor bertako laborariak zirela orroka ari izan, beren lurrez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016