Herriz Herri - Urruña (L) | 2026ko Maiatzaren 21a
Irati Alcantarilla urruñarra txapeldun - “Euskara eta biok” liburuaren aurkezpena - Bisita gidatuak - Presaburuko merkatua - Adinekoen bazkaria - Ordizian Urruñako ikastolaren alde - Euskal kantu lantokia - Aurtengo animatloia - Pala
Irati Alcantarilla urruñarra txapeldun
Maiatzaren 9an, larunbatez, Hernandorena sariketaren finala jokatu zen Uztaritzeko Latsa gelan eta Irati Alcantarilla Urdanpilleta bertsolari urruñarra izan zen garaile. Beñat Soulek jantzi zion txapela bertsolari urruñarrari. Aurtengo txapelketan, osora Euskal Herri osoko hamabi bertsolari gaztek hartu dute parte. Zorionak Irati!
“Euskara eta biok” liburuaren aurkezpena Berttolin
Andrea Bellak eta Ainize Madariagak, Hoztako Herrima kultur elkartearen bidez, berriki plazaratu dute “Euskara eta biok” izeneko liburua. Herrima elkartearen xedea Euskal Herriaren memoria historikoa berreskuratzea da, kontzientzia nazionala indartzeko asmoz. Andrea Bella Uruguaiko euskalduna dugu, Montevideon euskara ikasi duena. 2024an urtebeterako etorri zen Euskal Herrira, eta ordutik hemen da, gure artean. Ilustratzaile biziki ona da. Ainize Madariaga senpertarra dugu sortzez, kazetari eta idazle bikaina. Oraingo liburu hau bidaia-kaiera ilustratua da. Maiatzean, Euskal Herriko zenbait herritan aurkeztuko dute, eta 28an, ostegunez, Urruñan, Berttoli elkartean.
Bisita gidatuak herrian barna
Ostiralero (11:00), bisita gidatua herrian barna, Urruñako eta Euskal Herriko historia, usaiak, mitologia, sorgin istorioak,.. ezagutzeko. Gidari moduan Joritz Larraza, herriko historialari eta aditua aritzen da. Helduentzat: 6 euro, laguntza dutenentzat: 5 euro, 14 urte baino guttiagokoentzat: urririk. Informazioa eta erreserbak: 05-59-54-11-69.
Presaburuko merkatua berriz
Presaburun, Osasuna farmaziaren aparkalekuan, aspaldian egiten zen merkatua berriz zabalduko dute eta berrantolatua izanen da kontsumitzaileen irisgarritasuna eta komertsanteen ikusgarritasuna hobetzeko asmoarekin. Asteazkenero egiten da, maiatzaren 13tik landa (8:00-13:00). Antolaketa berri honen kari, Urruñako Herriko Etxeak hautagaitza deialdi bat ideki zuen merkatuan parte hartu nahi duten ekoizleentzat. Izena emateko epea maiatzaren 6an bukatu zen.
Adinekoen bazkari alaitua
Maiatzaren 28an, ostegunez (12:00), eta Goxo Toki adinekoen elkarteak antolaturik, bazkari alaitua izanen da Lukaina jatetxean, Gérard Luc-ek animaturik. Prezioa: 28 euro. Izena maiatzaren 20a baino lehen eman behar zen: 07-64-62-55-14.
Ordizian Urruñako ikastolaren alde
Maiatzaren 9an, larunbatez, Ordiziako garagarno eta artisau azokan, eta Urruñako ikastola lagundu nahian, zerri bat erre zuten plazan, eta azokara hurbildutakoen artean, zatika, saldu zuten. Irabazi sos guziak gure herriko ikastolarentzat izan dira. Biba euskaldunen arteko elkartasuna!
Euskal kantu lantokia
Urtero, Pausuko Xaia ostatuan, euskal kantu lantokia antolatzen dute, jende anitz ikastera erakartzen duena. Aurtengoa oraindik zabalik dago eta bi saio gelditzen dira maiatzean eta beste bi ekainean. Hamabostero egiten dute arratsez.
Aurtengo animatloia
Aurten, animatloia maiatzaren 31n, igandez, izanen da, eta akanpalekua Larruletako kanpinean egonen da. Abiatze-tenoreak: 6 eta 9 urte artekoak (14:00), 10 eta 13 urte artekoak (14:45) eta familiak (15:45). Izen-emateak Herriko Etxeko kirol zerbitzuan edo: 06-18-77-72-54.
Pausuko pala finala euriak zapuztuta
Maiatzaren 3an, igandez, Pausuko pala txapelketaren finalak jokatu zituzten, baina maleruski, euria zela eta, 1. mailako finalisten partida jokatu gabe gelditu zen, eta oraingoz horrela jarraitzen du. Bigarren eta hirugarren mailetako finalak, berriz, jokatu ahal ukan zituzten. Horra emaitzak: 2. mailako finalistak: Karrikaburu eta Zamora 30 – Alzuri eta Larzabal 15. 3. mailako finalistak: Laurent eta Yasur Senpe 30 – Xabi eta Hodei Gastesi 25.











