Euskal diaspora | 2026ko Maiatzaren 21a
Hegoa Etcheverria eta Emilie Barneche pilotariak txapeldun Mikelunen; ongi etorri, Fresnoko “Izen Gabe”!
Joseba Etxarri
MIKELUNE. Saint Pierre eta Mikelunen bururatu berria da joan den igandean astebete iraun duen pala txapelketa, “Auberge Quatre Temps” eta “Udaberri” izenpean. Euskal Herritik gomitaturik, Emilie Barneche mehaindarra eta Hegoa Etcheverria itsasuarra joan dira, bertako pilotariekin lehiatzeko. Eta partidak egunero jokatu ondoren, ebiakoitzean atsedena hartu eta igandean izan ziren finalak, bi pilotari euskaldunak orori nagusiturik. Lehen aldia zuten St Pierren eta Amerikan, eta txapela irabazteaz gain, oroitzapen ederrak bildu dituzte, harrera ederra egin baitiete bertako Pilota Ligako eta Euskal Etxeko kideek. Esperientzia “zinez bikaina” izan dela erran diote HERRIAri, eta prest direla agian beste urteren batean jauzia AEBra egin eta, zergatik ez, konparazio, Kaliforniako pilotarien kontra aritzeko. Zorionak, bikote!
IZEN GABE. Hala du izena Fresno Kalifornian aurten sortua den euskal musika taldeak. Dominique Etchechuryk (ahotsa), Patrick Seymourrek (gitarra), Ben Manleyk (gitarra), Manuela Labrouche Etchechuryk (akordeona) eta Panpi Etchechuryk (bateria) osatzen dute. Banda gisa berriak badira ere, jende ezagutuak dira, bereziki Etchechurytarrak, Dominique eta Panpi anaia-arrebak eta heien ama Manuela Fresnoko Euskal Etxeko kide arras aktiboak baitira, aita, Jean-Pierre, den bezala, eta familia gisa Euskal Etxeko zutabe, Fresnoko Santa Fe euskal ostatua kudeatzearekin batera. Euskal dantza, musika, kantua, sukaldaritza... menperatzen dituzte eta jaso zuten kultura herentziari segida ematearen arduradun nagusietarik dira heien inguru zabal batean. Fresnoko piknikan jo ondoren, uztailaren 3an Chinon eta 18an Renon jo behar dute. Zorionak eta zorterik onena, Izen Gabe!











