Mundu zabalean | 2026ko Maiatzaren 21a

Meatzaritzak funtsak xehatzen

M.O.

Meatzaritzak%20funtsak%20xehatzen

Euskal Herrian borroka anitz iragaiten badira laborantzako lur eremuen zaintzeko, beste toki batzuetan ere herritarrak mobilizatzen dira. Bretainian meatzaritza industria garatzen ari da, laborantza sektorea kexu da eta populazioa kezkatua.

Meatzaritza industria indartsu

Breizh Ressources eta Aurania Resources enpresak Bretainian mineralen ikerketak egiteko hautatuak izan dira. 2025eko abenduaren 3an, Estatuak hiru meatzaritza esplorazio baimendu ditu, herritarren ikusmoldeari kasu egin gabe. Herritarren %95a kontra agertu bada, tokian mobilizazio indartsuak abiatu dira, Estatuak hala ere proiektu horiek balioztatu ditu. Lekukoak mehatxatuak dira ur-bazterrak, laborantzarako lurrak, eremu naturalak eta bizilekuak kutsatuak izanen baitira. Epona deitu proiektu horrek 40 metal baino gehiago ustiatzea permititzen du, horietan zenbait biziki kutsakorrak dira, edateko urarentzat, lurzoruarentzat eta osasunarentzat toxikoak direlakoz.

Bretainian bilatuko den metala nagusiki urrea izanen da, Négawatt elkartearen datuen arabera, urrearen %49a joaierian erabiliko da, %44a finantza inbertsioetarako eta banku zentralen erreserbetarako eta %7a sektore digitalerako.

Meatzaritzaren ofentsibaren kontra

Apirilaren 25ean, Stop Epona eta Eau et Rivières kolektiboen deiari jarraituz, An Oriant hirian (Lorient) ehunka pertsonek manifestatu dute, beste anitz lekutan ere mobilizazioak iragaiten dira. Bretainiako mendebaldean aztertzen ari diren meatzaritza ikerketa baimenak salatuak dira.

Confédération Paysanne laborarien sindikatuak proiektu horien gibelean den logika industriala salatzen du, ingurumen segurtasun eskasa aipatzen da. Sindikatuak zioen ez dela inpaktu azterketa seriosik egin, bereziki ur baliabidetan. Tona bat urre ateratzeko, 260 milioi ur litro arte kontsumituak dira (Negawatt).

Keith Barron, Aurania Resources-eko miliardun buruak bazterrak piztu ditu deklaratu duelarik: “Baliorik ez duten lurretan, proiektu horrek miliarrak ekar ditzake”. Kontrakoentzat, hitz hauek ez dira onargarriak: “Gure lurrak alimaleko balioa du: landatzen ahal da, bizia emaiten du eta transmititua da. Hemen lurra ez da baloratu beharreko espazio hutsa, baizik eta lan tresna bat, bere historia eta ondarea dituena”.

Lurraren jabetza kezkaren erdigunean da, esplotatzeko baimenaren gibelean, proiektuaren kontrakoak luzara ingurumena eta bazterrak pixkanaka aldatuko direla beldur dira. Etxaldeen geroa jokoan da, manifestazioan ziren laborarientzat: “Jada ez dakigu inbertitzen ahalko dugunez, segitzeko ahalak ukanen ditugun, jarraitzeko gai izanen giren. Jokoan dagoena ingurumen arazotik haratago doa, lurraldearen eta etorkizunaren kontrola da”.

Bretainia eskualdea jadanik hunkia

Proiektu hauek gauzatzen dira jadanik bretainiar lurraldea ingurumen hauskor batean delarik, bereziki laborantza industrialengatik. Prentsa ohar batean, Eau et Rivières de Bretagnek ohartarazi du ur-baliabideen gainean den presioa gero eta handiagoa dela. Bretainia bere ur-baliabideengatik gero eta arranguratuagoa da, jadanik arazo handiak dituen lurraldea izanez. Egin azterketek erakusten dute bakarrik uraren %10a sanoa dela. Proiektuen inguruko gardentasun falta ere salatua da, erakunde publikoengandik ez dituzte informazio guziak eskuratzen ahal. Uraren eta lurzoruaren kalitatea dagoeneko arazo larria den eskualde batean, meatzaritza aktibitatearen etortzeak arriskuak emendatzeko beldurra sortzen du.

Adibide gisa, aurkariek Groñvel (Côte d’Armor) herriaren kasua usu aipatzen dute. Imerys S.A. mineral industrian espezializatua, munduko liderra, han plantatu da laborantzako lurrak pixkanaka presioarekin erosiz. Gaur egun, multinazionalak laborantzan erabiliak ziren 600 hektarea inguru okupatzen ditu. Harrobi hori, 1976an ideki zena, hastapenean tokiko proiektu ttipia besterik ez zen, emeki-emeki garatuz joan dena. Splann hedabideak egin bideo batean ikusten da produktu kimikoak lurrera isuriak direla. Adibide horrek erakusten du nola meatzaritza proiektu batek bazterrak modu iraunkorrean aldatzen ahal dituen.

Meatzaritzak jarraitzen

Bretainian mobilizatzen direnak kezkatuak agertzen badira, beste proiektu batzuen inguruan oinarritzen dira. Frantses estatuan beste mineral ustiatze batzuek bazterrak kaltetzen dituzte.

Salsignen, Aude eskualdean, urre meategiak artseniko kutsadura masiboa utzi du, lurzoruak eta ur-bideak betirako fundituak dira. Beste eskualde batzuetan, hala nola Limousin eta Cévennes eskualdeetan, meatzaritza guneekin lotu kutsadura handia da.

Bretainiako meatzaritzaren inguruan, tokiko hautetsi batzuk beren erreserbak edota desadostasunak agertzen dituzte.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3835. zbk

Gure Hitza | 2026/05/21

Orroka

Peio Jorajuria

Herri Urrats ororen buru aro eguzkitsuarekin iragan zitzaigun, Senpereko lakuaren inguruan. Arrastiriko uhar soila laster gainditzen zuela “goizero irrifarra ahoan” dabilan Janus Lester talde nafarrak, eguzkia ezarriz aitzinean zaukan fan andana handiaren begietan. Egun osoan lakuaren orroak altxatu ziren. Aurtengo kantuak galdera hau egiten zuen orori: “Ez al duzu entzuten orroka laku bat?” Euskaltzale guzien metafora bilakatu da Senpereko lakua, maiatzeko bigarren igandean plazaratzen diren euskararen aldeko aldarrikapenen bihotza bihurturik. Alabaina, Paristik gaur datorren “haize txarrari” fermuki egin behar zaio buru, dio Seaskak, eta ekain hastapenean manifestaldi bat antolatuko du Bordelen. Kargudunek entzunen ote dituzte orro ozen horiek?

Bidenabar erran dezadan laku hori orroka hasi aitzin, orain dela mende erdia pasa hor bertako laborariak zirela orroka ari izan, beren lurrez...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Landagoien - 875, Landagoieneko errepidea - 64480 UZTARITZE [Lapurdi] | tel: 05 59 25 62 85 | herria.astekaria@gmail.com

Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016